Artiumek Alejandro Garmendiaren 'El ingenio revolucionario' margolana eskuratu du

Julian Schnabelek eta Gill Gonnonek eman diote artelana museoari. Alegiazko espazio arkitektoniko bat irudikatzen duen pieza handi bat da. Artelanarekin, artistaren bilduma «modu koherentean» osatu du Artiumek.

Alejandro Garmendiaren 'El ingenio revolucionario' margolana eta eskultura, Artium museoan. RAUL BOGAJO/ FOKU
Alejandro Garmendiaren 'El ingenio revolucionario' margolana eta eskultura, Artium museoan. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko apirilaren 15a
16:50
Entzun

Diziplina ugariren artean jauzika ibili zen Alejandro Garmendia artista (Donostia, 1960-2017), collagekin, marrazkiekin, argazkiekin eta grabatuekin esperimentatzen eta asmatzen. Paisaiaren eta arkitekturaren egitura estetikora eta alderdi formaletara hurbildu zen, eta alegiazko espazio arkitektonikoak sortu zituen, batez ere 90eko hamarkadatik aurrera. El ingenio revolucionario margolana da praktika artistiko horren adibide argienetakoa. 1994tik 1998ra bitartean margotu zuen neurri handiko pieza dohaitzan jaso du Gasteizko Artium museoak, Julian Schnabel artistak eta Garmendiaren bikote izandako Gill Connonek emanda.

Artistak leku batetik bestera mugitu behar izan zuen. Frankismoaren azkeneko urteetan erbestean bizi izan zen familiarekin, eta, ostean, Bilbon, Donostian, Madrilen eta New Yorken. 2005ean Hendaian (Lapurdi) ezarri zuen bizilekua, baina, Beatriz Herraez Artium museoeko zuzendariaren hitzetan, bidaia horiek guztiek eragina izan zuten artistarengan: «Etengabe joan-etorrian egote horrek arrastoa utzi zuen haren obran».

Arkitekto izan nahi zuen Garmendiak, eta amets hori artelanetan islatu zuen. 80ko hamarkadaren amaieran, artistak vintage arkitekturako aldizkari batzuk lapurtu zituen festa batean, eta argitalpen horietan ikusitakoak eta ikasitakoak argazki emultsiozko koadroen inspirazio iturri bilakatu zituen. 90eko hamarkadan hasi zen esperimentatzen argazki emultsioarekin eta kamera ilunarekin, formatu handiko lanak ekoizteko. El ingenio revolucionario teknika horrekin eginda dago: berniza, erretxina eta argazki emultsioa mihisearen gainean uztartu zituen artistak. Giro berezia duen gela bat margotu zuen: baranda bat eta eskailera bat ageri dira, eta baita itsaslabar irregular baten gisara proiektatzen den sabai zati bat ere. 

Garmendiak eskala eta planoa nahastu egin zituen grabitatea desagertu arte, eskala txikiko fotomuntaketan lan egin zuen zuri-beltzean, barruko irudien ebakinetatik abiatuta. Collage horietako batzuk obra handietara eraman zituen, hainbat teknikarekin esperimentatuz: pintura fotoerrealista, irudi digitala, eskultura... Esperimentazio tekniko horrekin «ezohiko munduen arteko korrelazioa» irudikatu nahi izan zuen, Cy Schnabel Donostiako Villa Magdalena galeriaren zuzendariak eta Julian Schnabelen semeak azaldu dutenez.

Hala egin zuen El ingenio revolucionario margolanean ere. «Leku ezezagun bat da, eta ez du mundu errealean ezeren antzik. Erresuma misteriotsua da, desagertua edo aspaldi ahaztua». Margolanaren gainazala hori kolorezko berniz batekin estalita dago, denbora betikotzen laguntzeko: «Izan zitekeenaren ezaugarri edo denbora igaro izanaren ebidentzia da». 

Bilduma, osatuagoa

Izen bereko eskultura 2023an erosi zuen Artium museoak bere ondare funtserako. Bere eskuekin egindako artelan hartan inspiratuta egin zuen Garmendiak margolana: irudiaren lehen planoan ageri den objektuaren irudikapen bat da, mahai baten eta argi armiarma baten arteko hibrido bat, Herraezek zehaztu duenez: «Objektu funtzional bat da, lapurtutako errealitate horietakoren batekoa».

Donostiako artistaren lau obra izango ditu aurrerantzean Artiumeko bildumak: El ingenio revolucionario eskuratu berria, Paris-Mayo (1991), Descubrimientos de Bertho Mao (1987) eta Inundacion (1989). Gainera, formatu txikiko bi fotomuntaketa erosi zituen iaz, biak 1995ekoak. Artelanarekin, Garmendiari buruzko bilduma «modu koherentean» osatu du Artiumek, museoko zuzendariaren hitzetan.

Connonek hunkituta eskertu dio museoari margolana hartzeko agertutako prestutasuna: «Alejandro pozik eta harro egongo litzateke bere obra hain leku garrantzitsuan ikusteagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.