Zumarragako mutiko hark ez zuen bere herriko trikiti famatuaren berri, baina aitonaren Zarauzko jaiotetxera edo amonaren Bidanikora familia bidaia egiten zuen bakoitzeko, Laja eta Landakandaren kasetak entzuten zituen Ford Fiesta gorri zaharreko aparatuan. Mutiko hark ez zekien 80ko hamarkadaren lehen erdialde horretan Azkoitian rock eta pop mugimendua loraturik zegoela, baina bazekien, gurasoek hala esanda, herri horretakoak zirela Laja eta Landakanda. Berezko gustu musikalik ez zuen izango oraindik, baina buruz ikasi zituen makinatxo bat trikiti eta porrusaldaren hitzak, entzunaren entzunez. Ikasi zituen, esaterako, Gure estuasunak eta Mendiko osasunaizenekoak. Eta, besterik agian ez, baina alegrantzia moduko bat sentitzen zuen haiek entzun eta kantatzean.
Mutiko hark destaina tankerako zerbait sentitu zuen trikiti soinuarekiko koxkortzen hasi zenean. Errebeldea izan nahi zuen, izan behar zuen, etxetik jaso eta entzundakoa arbuiatu behar zuen ia derrigorrean. Doinu aspergarriak iruditzen zitzaizkion, folklorikoegiak, eta hitzak, zaharkituak. Rockzale izan nahi zuen, eta ahal zela, joera berrienen jarraitzaile. Azkoitian bertan topatu zuen sarri musika zaletasunen aterpe. Matadeixen eta Atraskuan sentitzen zen eroso, eta Akauzaztek eta Anarik gogobetetzen zuten.
Haiek gogobetetzen dute oraindik ere. Baina haurtzaroko trikiti doinu haiek ere berriro leku hartu dute bere erraietan. Orain ere hitz batzuk zaharkituak iruditzen zaizkio, eta doinu batzuk folklorikoegiak, baina aurreiritzi intelektualen kartolak kenduz gero, alegrantzia moduko bat sentitzen du Landakandaren ahotsa entzun orduko. Itoizen kantuak zera zioen: «Ez egik esan polita ez dela Egañazpi kantatzen...». Berdin Maurizia, Iturbide edo Landakanda esanda.
Hari bat
Alegrantzia moduko hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu