Hegoaldeko haize epel leunarentankeran sartu zitzaizkien erritmo afroamerikarrak TikTara taldeko kideei. Harkaitz Bastarrika kantari eta gidariak (Eibar, 1975) umetatik ezagutu zituen erritmook, Hego Amerikara eta Marokora egindako bidaiak tarteko, etxetik jasotako musika herentzia bateko, eta Bartzelonak osatutako musika formakuntza besteko. Ezagutu zituen gaztetxotan gitarrek bideraturiko rock moldeak; hardcorearekin ere jolasean aritu zen, baina, doinu bero eta dantzagarriagoak lantzen hasita, ezin ihes egin barneko bulkada hegoaldetarrari. «Ez dakit zer duen, baina entseguetatik umore onez ateratzen zara; barrutik mugiarazten zaitu, eta zerbait oso pozgarri sentiarazten dizu».
Duela bospasei urte, barne berotasun horri nolabaiteko aterabidea eman nahi, eta musikari lagunekin elkartzen hasi zen, harik eta kantu batzuk osatu eta TikTara proiektua ondu zuten arte. 2013an plazaratu zuten Sorrera estreinakoa, autoekoitzia, eta pixkanaka osatuz joan den egitasmo horren ezaugarri nagusiak biltzen zituena: musikari askoren parte hartzea eta Kubako soinuekiko (son, salsa) txera eta zaletasuna.
Kontzertuak eman zituzten, han-hemenka, eta taldearen soinuak eta erritmoek izan dute bilakaerarik. «Musika ireki egin dugu, baina betiere hegoaldera begira: lehen, batez ere musika afrokubatarra egiten genuen; orain, Afrika iparraldeko doinuak sartzen ditugu, Brasilgo estilo pare bat ere bai, cumbia...». Hamahiru kantu berri bildu dituzte Hariak-en, autoekoitzitako lan berrian. Guztiak dira Bastarrikak berak sorturikoak, gainerako taldekideek hala eskatu baitzioten. Bere musika biltegi eta soinutegiari astindu bat eman dio. Salsa, runba,eta sonaren tankerako erritmo ezagunagoak landu ditu Korapiloak, Ez pentsa!, Zoriontsu eta askea eta Itoizen Ezekielen prophezia piezaren bertsio tropikalean. Baina jo izan du flamenkoaren alegria-ra eta djembe perkusio tresnara (Jaiotza), Ipar Afrikako gnawa doinuetara (Hariaren mataza), txa-txa-txara (Fracking ez!), Brasilgo Partido Altoko erritmoetara (Azkenengo bidaia) eta cumbiara ere (Sikarioaren balada). Eta, erritmo horiei guztiei sostengu egokia emateko, musikari taldezabal bezain sendoa izan behar. Amaia Ureta (pianoa), Ander Zulaika (bateria), Danel Sanchez (tiplea), Eusebio Soria (baxua), Iñigo Egia (perkusioa) eta haize sekzioa: Josu Gonzalez de Durana (tronboia), Mikel Alberdi (tronpeta) eta Mixel Ducau (saxoa). Egun, bederatzi lagunek osatzen dute taldea, etasartzen azkenak Egia ( Oskorri, Oreka TX) eta Ducau —egun Oreka TX-ekin ibiltzen da— izan dira. Ducauk baiezkoa emateak poz berezia eman zien taldekideei eta Bastarrikari berari: «Eskarmentu handia du; musikari apartekoa da, eta dantza ere primeran egiten du».
Izan ere, dantza egiteko musika sortzearena ez da kontu hutsala TikTarakoentzat. «Euskaldunak dantza egiteko arazoak dituela esatea aitzakia bat bilatzea da, eta ez da egia, gainera. Dantzan egiteko, ez dago dantzan jakin beharrik ere; nahikoa da mugimendua sortzea», egin du aldarri Bastarrikak. Hargatik, kantuetako askok dantzara bultzatzen duten doinuak dituzte, baina badira lasaiagoak ere. «Esan izan digute gure musika entzunda batzuetan ez dela jakiten zer ateratzen den: edo dantza betean hasi, edo eseri eta musikari arreta jarri».
Kolaboratzaile talde zabala
Diskoa Iñigo Egia taldekideak Hernanin (Gipuzkoa) duen Oh Brother estudioan grabatu zuten. «Kantuen zirriborroak ematen genituen, eta, gero, han taldekideekin batera borobildu genituen», dio Bastarrikak. Aipaturiko musikari taldeaz gain, kolaboratzaile talde aparta izan dute: «Xabier Solano (Esne Beltza), Charli Lopez (Nere Gandaia), Xabier Zeberio (Alos Quartet), Ruben Mesquida (Quinto Sol), Mikel Maniega eta Jose Urrejola (Oskorri) eta Aitor Diez (Tumbadito).
Kantuetako hitzetako batzuk taldekideek beraiek idatzitakoak dira, Danel Sanchezek eta Bastarrikak berak, baina hitz-egile zailduen ekarpenak ere izan dituzte. Mikel Antzak idatzi dizkie Hariaren mataza, Sikarioaren balada eta Zoriontsu eta askea; Imanol Epelderena da Korapiloak, eta Julen Zulaikarena Ez pentsa!, Egunsentiari, Jaiotza eta Alaea.Changui erritmoan landutako pieza ederra da Alaea, zeinetan ahots harmonia hirukoitza egiten duen kantariak sarrera modura. Lehen diskoan, jaiotzetik heriotzarako ibilbidea jorratu zuten hitzetan, eta, oraingoan, heriotzatik atzera begirako bat planteatu dute, nahiago baitute kontzeptu edo hari baten inguruan aritu.
AURKEZPEN KONTZERTUAK
Gaur: Bilboko Santana 27 aretoan, 22:00etan.
Maiatzak 23: Donostiako Antzoki Zaharrean, 22:00etan.
Ekainak 6: Iruñeko Zentral aretoan, 22:00etan.
Ekainak 12: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 22:00etan.
Alegrantzia dator hegoaldetik
TikTara talde jendetsuak 'Hariak' bigarren lana kaleratu du, erritmo afroamerikar anitzez landua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu