Aurtengo ekitaldian izango diren beste hiru film iragarri ditu Donostiako Zinemaldiak. Zuzendari Berriak sailekoak dira horietako bi: Emad Aleebrahim Dehkordiren Chevalier noir eta Luis de Filippisen Something You Said Last Night. Aleebrahim Dehkordiren lehen film luzea da Chevalier noir. Shemroomen bizi dira Iman eta haren anaia Payar, aitarekin. Ama hil zenetik, Iman familiaren bizimodu latzetik ihes egiteko modu baten bila dabil. Hiriko goi klaseko gazte batzuekin dituen kontaktuei esker, dirua bizkor irabazteko negozio bati ekingo dio Imanek. Irtenbide ona dirudi, baina azkenean familia osoari eragingo dio.
De Filippisen Something You Said Last Night lanak, bestalde, Torontoko jaialdiko Discovery sailean izango du erabateko estreinaldia. Lanetik kaleratu dute Ren, idazle izan nahi duen emakume bat. Oporretara joango da bere familia italiar-kanadarrarekin. Millennial zurruna eta emakume transa da, eta borroka egin beharko du aske izatearen eta zaindua izatearen erosotasunaren artean.
Carla Simon film labur batekin itzuliko da aurten Donostiako Zinemaldira, Carta a mi madre para mi hijo izenekoarekin. Carla haurdun eta biluzik dago, argazki batean amak bera sabelean zuenean bezala. Eguzki izpiak leihoetatik sartzen dira, eta Super-8 kamera bateko boladak ikusten dira: irudietan aitona-amonak, osaba-izebak, gurasoak eta birraitona eta birramona ikusten dira; pozik daude, irribarretsu, josten eta poesia irakurtzen. Orduan, emakume gazte bat ikusten da hazten, 1960ko hamarkadatik gaur egun arte. Zinemagileak bere familiari egin dion omenaldia da lana.
Nosferatu zikloa, bueltan
Donostiako Zinemaldiaren 70. urteurrenari eskaini diote aurten Nosferatu zikloa. Urtarrilean eman zioten hasiera, Tabakaleran, eta urriaren 5ean hasiko da zikloaren hirugarren hiruhilekoa, Joris Ivens dokumentalgile nederlandarraren azken filmarekin: Une histoire de vent (1988).
Urrian erakutsiko dituzte, halaber, American Dream (Barbara Kopple, 1990), Rebels Of The Neon God (Tsai Ming-Liang, 1992) eta Beautiful Girls (Ted Demme, 1996) filmak, hilaren 12an, 19an eta 26an, hurrenez hurren.
Azaroan, berriz, Pusher (Nicolas Winding Refn, 1996), En construcción (Jose Luis Guerin, 2001), Brick Lane (Sarah Gavron, 2007), Passion (Ryusuke Hamaguchi, 2008) eta Asbe du-pa / Two Legged Horse (Samira Makhmalbaf, 2008) ikusteko aukera izango da. Eta, azkenik, abenduan, Genpin (Naomi Kawase, 2010) eta Post mortem (Pablo Larrain, 2010) filmak pantailaratuko dituzte.
Zikloa Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak antolatu dute, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura-Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzarekin, eta zinemaren azken 70 urteetan ezinbesteko izan diren filmak eta zinemagileak izango ditu ardatz. Erakutsiko dituzten pelikula denak 1988. eta 2010. urteen artean Donostiako Zinemalditik igarotakoak dira.
Sarrerak Tabakaleraren webgunean jarriko dituzte salgai, irailaren 15etik aurrera. Zikloarekin batera, bi liburu argitaratuko dituztela ere iragarri dute: Quim Casasek koordinatutako Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia, eta Katixa Agirreren beste bat, azaroan argitaratuko dutena.
Aleebrahim Dehkordi eta De Filippisen filmak Zinemaldian
'Chevalier noir' eta 'Something You Said Last Night' Zuzendari Berriak sailean izango dira. Carla Simonen labur bat ere emango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu