1948an jaio zen Egan aldizkaria, frankismo garai betean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen literatur buletin gisa. Ordutik, idazle ugarik argitaratu ditu bere sorkuntza lanak bertan. Aldizkariaren 70 urteko ibilbidea ekitaldi batean errepasatu zuten atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Areto Nagusian. Bertan hitz egin zuten Markel Olano diputatu nagusiak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako adarraren presidente Juan Bautista Mendizabalek, iaz arte Egan-en zuzendari izan zen Guillermo Etxeberriak eta Koro Segurolak, aldizkariaren zuzendari berriak.
Ikasketaz, filologoa da Segurola; 32 urte daramatza Euskaltzaindian lanean. Atzoko ekitaldi ofizialaren aurretik azaldu zizkion egunkari honi zuzendaritza talde berriaren asmoak
Egan-en zuzendaritza bakoitzak eman dio bere ukitua aldizkariari, eta halaxe egin asmo du zuen taldeak ere. Aldi berri bat zabaldu nahi omen duzue. Zein nahi zenuke izatea aldi horren ezaugarri nagusia?
Iaz izendatu ninduten zuzendari, eta talde bat osatzea pentsatu nuen. Talde hori osatzeak denbora hartu du, eta beste bide bat eman nahi diogu aldizkariari.
Aldizkari zientifiko bihurtu nahi dugu Egan, segida luzea izan dezan, leiho berri bat izan dadin literatur ikerketa lanentzat. Edukiaren, estiloaren eta hizkuntzaren kalitatean koska bat igo nahi dugu. Jatorrizko ikerlanak aldizkarian aurkezteko irizpideak ezarri ditugu. Ikerketa artikuluak bultzatu nahi ditugu batez ere. Eta gaurkotu.
Aro akademikoagoari ekin diozuela esan al daiteke?
Bai. Aldizkari zientifikoen ohiko mailara egokitu nahian ari gara. Ez da nolanahiko erronka.
Idazle handi askok argitaratu dituzte sorkuntza lanak Egan-en. Zer leku izango dute halako lanek aldizkari berrituan?
Euskarari eustearekin batera, sorkuntza lanei ere eutsi nahi diegu. Ikerketa lanekin uztartu nahi ditugu, dudarik gabe, aldizkariaren izaeraren parte direlako, hasieratik. Zuzendaritzan idazleak egotea ez da kasualitatea.
Lehen alea aurkeztu duzue. Ale berezia da, ezta?
Bai. Aurkibideekin osatu dugu. Orain arteko ibilbidea azaltzeko eta Luis Marik [Mujika] eta Guillermok [Etxeberria] azken 25 urteotan egin duten lanari aitortza eta esker ona adierazteko egin ditugu. Egileka, gaika eta aleka sailkatuta, aldizkariaren sorreratik 2017ra bitartean argitaratutako lanak bildu ditugu aurkibideotan.
Zer utzi dio oinordetzan ibilbide horrek zuzendaritza berriari?
Egan-ek lekukotza ikaragarria utzi digu. 1953an, elebidun sortu zena elebakar izatera aldatu zen. Garai hartan bakarra, izan zen horretan. Euskal letrentzako ezinbesteko plaza izan zen aldizkaria gerraostean. Mitxelena, Irigarai eta Arrueren urteak izan ziren haiek. Gero, San Martinek lekukoa hartu zienean, narratiba bideak zabaldu ziren, eta idazle gazteei lekua egin zien. Mujikak eta Etxeberriak hartu zutenean, azterketa literario eta kritika sailak indartu zituzten.
Horrez gain, aurreko zuzendaritzakoei asko eskertzen diet ez mugatu izana aldizkaria zuzentzera bakarrik eta gizarteratzeari ere garrantzi handia eman izana.
Zuek orain beste zabalkunde tresna batzuk ere erabili nahi omen dituzue.
Bai. Orain artean paperean bakarrik zabaldu da Egan. Sarea ere erabili nahi dugu; garai berrietara egokitu, aurrekoek markatutako izaera galdu gabe.
Aldizkariaren itxura ere berritu duzue.
Bai. Aldizkariaren neurriak handitu ditugu, eta logoa aldatu diogu. Xabier Obeso margolariak diseinatu digu logotipoa.
Koro Segurola Azkonobieta. 'Egan' aldizkariaren zuzendaria
«Aldizkari zientifiko bihurtu nahi dugu 'Egan', segida luzea izan dezan»
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak duela 70 urte sortu zuen 'Egan'. Urteurren ekitaldia egin zuten atzo Donostiako Diputazioan, eta, bide batez, baita zuzendaritza talde berriaren helburuak ezagutarazi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu