Aldirietako mutil gazteak, bere horretan erretratatuta

Pier Paolo Pasoliniren lehen nobela itzuli du Fernando Reyk: 'Kale gorriko umeak'. Gerra osteko Erromako gazte talde bat du ardatz

Pier Paolo Pasolini idazle eta zinemagile italiarra (1922-1975). BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Pier Paolo Pasoliniren esaldi bat ekarri du gogora Fernando Rey itzultzaileak: «Barbaroak, erabat baztertua bizi denak, ez du izaten burgesak duen duintasun zentzurik». Idazle eta zinemagilearen Kale gorriko umeak eleberria euskaratu du Reyk, eta Igela argitaletxeak eman du liburua. «Deskribatzen du kontzientziarik eta printzipiorik ez duen jende zapaldua. Utopiarik gabea. Ez zirenak iraultzarako edo militantziarako subjektu», azaldu du itzultzaileak. Dokumentalaren traza ere hartu dio nobelari: «Oso benetakoa da, oso gordina. Erroma ere ondo kartografiatzen du».

Pasoliniren lehen eleberria izan zen Ragazzi di vita (1955). Erromako aldiri txiroan gerra osteko urteetan bizi diren mutil batzuk ditu protagonista. Eta haien deskribapen egiatia egiten du egileak, itzultzailearen ustez: «Ez du goxatzen, ez du idealizatzen. Diren bezala deskribatzen ditu. Biktimak dira, eta gupidagabeak ere bai».

Pasolinik liburua idatzi izanaren zergatia arakatzen ere aritu da Rey, nobela itzultzen aritu ahala: «Gazteak salbatu nahi zituela ematen du aditzera, liburu osoan haienganako maitasuna erakusten du etengabe. Pasolinik berak esaten zuen Kristok 'maitatu lagun hurkoa' dioenean hau esan nahi zuela: aldatu estrukturak».

Itzulpena ez zaiola erraza egin aitortu du Reyk. Erroma inguruko dialektoan idatzi zuen nobela egileak, gazteen argota erabiliz, eta euskara estandarrera ekarri du berak: «Erromatik atera gabe egin nahi nuen kontakizuna, irakurleak Euskal Herrira ekarri gabe, euskaraz ez baita halako girorik izan hirietan. Izengoitiak eta kale izenak bere horretan daude, beraz».

Harkaitz Canok liburuaren hitzostean aztertu ditu autorearen ibilbidea eta obraren mamia, Lander Majuelo Igela argitaletxeko editoreak azaldu duenez. Eta Pasoliniren bizitza testuinguruan jarri du editoreak. 1922an jaio zen, Bolonian (Italia), eta haurtzaro «mugitua» izan zuen. Umetatik izan zuen idazteko joera.

Bai Rey bai Majuelo bat etorri dira Pasolinirengan gehien eragin zuten bi egoerak aipatzean: «Bizimodu gogorra izan zuen. Bereziki markatu zuen anaiaren heriotzak. Militantziakide zuen batek hil zuen, fakzio komunista batek», zehaztu du Reyk. Ama aitaren «bortxatik askatu» zuela erantsi du, eta, etxez aldatu zirenez, horrek barneratu zuela Erromako aldirietan.

Majuelok aipatu du orduan bilakatu zela, «oso azkar», intelektual eta figura publiko: «Esparru asko landuz, poeta gaztearen klasikotasuna utzita». Editoreak nabarmendu du maiz egon ohi zela Italiako eztabaida artistiko zein politikoen erdian, eta hark sortu zituela horietako asko, «berpizkundeko artisten antzera».

Intelektual «zintzoa»

Eztabaida horietan «eragiten» saiatu zela adierazi du Reyk, eta baita bi iturritatik edan zuela ere: iraultza kultural ekonomiko marxistatik eta konpromiso kristautik. Horrek «dilema» handia ekarriko zion, bien ustez: «Denak eskandalizatu zituen». Politika maite zuela zehaztu du Majuelok, baina beste intelektual batzuekin alderatuta publikoarekin «askoz zintzoagoa» zela: «Asko arriskatzen zen beti, ez zuen lagunik egiten uste bazuen beste bide batetik topatuko zuela egia intelektuala, edo egoera baten analisia. Alde horretatik, ez zen saldu».

Pasolinik zineman zein poesian utzitako «lorratza» nabarmendu du Majuelok: «1960ko hamarkadan hasi zen zinema egiten, neorrealismoa landuz, klasikoak landuz. Begirada gizatiarrarekin eta fikzioa inor gutxik ekarri bezala eginez». Joera neorrealistari egin dio aipamena Reyk ere, Pasolinik benetakoa erakustea baitzuen asmo: «Sentimenduak, eguneroko esperientziak zituen idazgai, gertakariak aztertuz eta krudelkeria kritikatuz».

Majuelok gehitu du haren bizitza liburu batek «ilundu» zuela: Petrolio (1972). Haren obra nabarmenetako bat da: «Asko idatzi da liburu horretaz, eta ez dago argi zer gertatu zen. 1970eko hamarkadako hilketa batzuk ikertu zituen, gobernuko kideak eta mafia inplikatzen zituztenak, eta garai hartan atzetik logia faxista bat zutenak. Handik hiru urtera hilda agertu zen hondartza batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.