Ziklo baten hasiera. Hala definitu du Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslariak Hasiera (Baga Biga), taldeak kaleratu duen zortzigarren diskoa. «Bizitza ziklo baten gisan ulertzen dugu, eta, horren barruan, hainbat ziklo txiki ere ari gara bizitzen etengabe. Horietako bat da lan hau».
Ez da taldearen hasiera, baina bai bide berri baten hasiera. «Beste era batean egin dugu lan oraingoan». Hamar abesti bildu dituzte disko berrian, eta barneko «mamuak» atera dituztela azaldu du taldeko abeslariak. «Sarritan esan ohi dugu biluzi egiten garela gure kantuekin, baina urrunago joan gara oraingoan. Gure beldurrak eta gabeziak utzi ditugu agerian, geure buruari inolako iragazkirik jarri gabe aritu gara».
Hidalgok esandakoekin bat egin du Fran Urias taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak ere. «Oso barnekoak dira abestiak; pertsonalak. Biluzi egin gara, eta horrenbeste maite ez ditugun gorputz atalak ere erakutsi ditugu, gure gorputzaren parte ere badirelako». Terapiarako erabiltzen dute musika Hesianeko taldekideek, Uriasen hitzetan. Ez da azpimarratu duten aldagai bakarra. Lehen aldiz, ekoizle batekin ondu dute diskoa: Juan Blas madrildarrarekin. Taldeak ohiko duen sorkuntza prozesua aldatu du horrek. Umoretik heldu dio Uriasek azalpenari. «Konplexua izan da; izan ere, hainbat abestiren zatiak kentzeko proposamena egin izan digu Blasek, norberarentzat kendu nahi duen lelo hori denean kantak duen onena». Etengabeko negoziazioan jardun dutela iradoki du gitarra jotzaileak. «Oso aberasgarria izan da grabazio prozesua».
Hamar abestirekin osatu dute disko berria, eta Marta Bellvehi ilustratzaile katalanak egin du diseinua: kantu bakoitzarekin ilustrazio bat ondu du; guztietan, neskatila bat da protagonista. Zergatia azaldu du Uriasek. «Nerabezaroa irudikatzen du nolabait. Adin zaila da identitatearen garapenari dagokionez, eta hori da irudikatu nahi genuena». Bellvehiren ilustrazioetako bat erabili dute azalean ere.
Argitaratu duten diskoa aurreko lanetatik bereizten dela nabarmendu du Uriasek, eta musika taldea «aldakorra» dela nabari duela berak. «Azken diskoa oso poperoa izan zen, baina, aldi berean, bazuen metal kutsua ere». 2016an kaleratu zuen taldeak bere azken-aurreko lana, eta oraingoan rockera jo dutela nabarmendu dute bai Uriasek eta bai Hidalgok. Zergatian jarri du abeslariak fokua. «Pertsona gisa, aldatu egiten gara, eta nik ez dakit hemendik urte batzuetara zerbait sortzen badut nola egingo dudan. Ez da apropos gertatzen den zerbait. Ni aldatu egiten naiz, eta, musikalki, unean unekoa ateratzen zait. Nolanahi ere, uste dut taldearen esentzia mantendu egiten dugula».
Ildo beretik jo du Ane Bastida taldeko baxu jotzaileak. Aldartea nola, musikagintzan hala aritzea ohikoa dela azpimarratu du baxu jotzaileak. «Kantua zein momentutan egiten duzun, bada, horren araberako doinuak aterako zaizkizu. Denbora guztian kantu berdinak egingo bagenitu, gure bizitzan ez litzateke ezer aldatuko. Pertsonak gara, eta aldakorrak gara».
Estilo aldaketa
Estiloa aldatu dutela diote taldekideek, eta Hidalgok azaldu du zaleek ere hala nabaritu dutela. Kaleratu berri duten diskoaren Nire bihotza singlea izan du hizpide: urriaren bukaeran zabaldu zuten sarean, eta hainbat iruzkin jaso dituzte ordutik hona. Jasotako iritziak bi norabidetakoak izan direla azaldu du. «Gure ohiko zaleek nabarmendu digute pixka bat arraroa edo ezberdina dela oraingo lana; eta Hesian taldea horren gogoko ez duten hainbat lagunek, berriz, esan digute lan berria gustatu zaiela. Denbora emateko esango nioke jendeari, eta aukera bat emateko diskoari».
2006an sortu zen Hesian taldea, eta zortzigarren lana dute oraingoa. Hidalgok aitortu duenez, Hemen eta orain (2013) zuzeneko diskoa mugarria izan zen taldearen ibilbidean. «Zuzeneko emanaldietan nola aritzen garen erakutsi zigun zuzenekoak, eta umiltasun dosia ere izan zen guretzat, ikusi baikenuen gauza asko ditugula hobetzeko». Sorreratik hona, aldatu egin dira musika taldeko partaideak. Hidalgoz, Uriasez eta Bastidaz gain, Eneko Garciandia tronpeta jotzailea, Beñat Larrauri tronboi jotzailea, Iker Toral gitarra jotzailea eta Danel Ferreño bateria jotzailea dira, gaur egun, Hesian taldeko kideak.
Durangoko Azokan egin dute disko berriaren aurkezpena, Ahotsenean. Iragarri dute hemendik aurrera solasaldi musikatuak egingo dituztela: bihar, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean izango dira; ostiralean, Bilboko Bira elkartean; hilaren 20an, Donostiako Tabakalera kultur zentroan; eta hilaren 21ean Iruñeko Katakrak liburu dendan.
Otsailetik aurrera egingo dituzte, berriz, formatu handiko kontzertuak.
Aldi berri baten abiapuntua
Zortzigarren diskoa kaleratu du Hesian taldeak: 'Hasiera'. Hamar abesti bildu dituzte lanean. Solasaldi musikatuak egingo dituzte, etzi, Bilbon, eta ostiralean, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu