Azaleko irudian ageri den erdibitutako ogitartekoaren bi zatiek tamainaz berdinak dirudite, baina halako kasuetan ere erdia behar lukeena ez da beti erdia izaten, politikariek jendaurrean eta arlo pribatuan gauza bera esaten ez duten bezala. Hain zuzen ere, politikarien alderik ezezagunenetako batera, alderdi barruko harreman, trikimailu eta botere gosera gerturatu da Iñaki Irasizabal Politika zikina izenburu zuzeneko eleberrian. Hala, konfort edo, behintzat, ohiko eremu izan duen nobela beltza albo batera utzi du, «aldatzeko gogoak» eraginda. Genero horrek baditu berezitasun batzuk estilo aldetik, «morrontza batzuk», Irasizabalen arabera, eta, horietatik aldenduta, «askatasun gehiago» ei dauka idazleak. Polizia nobela izan ez arren aurrekoekin antzekotasunak izan badituela onartu du, eta, haien moduan, azken horrek ere badituela «amuak, irakurterraza bihurtzeko».
«Hamarkadak dira botorik ematen ez dudala, baina politika oso interesgarria iruditzen zait narratiboki. Jendeak esan ohi du politika aspergarria dela, baina gero botoa ematera joaten dira. Ni, alderantziz; ez naiz botoa ematera joaten, baina oso interesgarria iruditzen zait», azaldu du Irasizabalek, Donostiako Elkar aretoan egindako aurkezpenean. Alderdi barruan izaten diren rol jokoak, barne borrokak eta estrategiak fikzionatu ditu. Horiek ez ezik, alderdia bera ere fikzionatzeko asmoa bazuen hasieran, eta izena ere asmatu zion: HH (Hiri Hobea). Berehala konturatu zen, hala ere, inork errealitatearekin lotuko ez zuen alderdi batek ez zuela interes berezirik irakurlearentzat. Halabeharrez, eta nobelaren hariak bultzatuta, Bilboko, Donostiako edo Gasteizko udal gobernuetan izan den alderdi bat hautatu beharra zeukan, eta,EH Bildu, PP, EAJ eta PSE-EEren artean, PSE-EEren alde egin zuen, alderdi beraren barruan «ideologia oso desberdinak» daudela iritzita: «Barne gatazka bat antzezteko, oso ona iruditzen zitzaidan».
Alderdiak hiriko alkatetza galdu berritan hasten da liburua. Ordura arte alkate izan denak hurrengo hauteskundeetara aurkezteko gogoz uzten du kargua. Gogo bera erakusten du alderdi bereko zinegotzi gazte batek, Martak, eta lidergo nahi horrek bien arteko lehiari bide emango dio. Politikan murgiltzearen ondorioz, zinegotziak izan duen bilakaera erakutsi nahi izan du Irasizabalek: «Hasieran, politikari idealista bat da, oso ideia onekin hasten dena politikan; baina erakutsi nahi izan dut gero eta politikan sartuago egotean nola aldatzen diren haren ideiak, haren izaera eta haren jarrera». Martaren bikotekidearen ikuspuntutik dago kontatuta istorioa, zeina, aldi berean, kanpainaren burua baita.
Politika, gaur egun bezala
Egun, emaitza politikoak baldintzatzen dituzten faktoreak ez dira orain urte batzuetako berberak, eta horiek ere aipatzen dira eleberrian. Podemosen gorakadak badu lekua, esaterako, egilearen arabera, «sekulako fenomenoa izan delako». Baita «orain urtebete inguru nahiko modan egon zen joko teoria» ere, politikarien alderik kalkulatzaileena eta estrategikoena agerian uzten duena. Teoria horren hainbat adibide eta aipamen egiten dira eleberrian. Egileak azaldu du, Euskal Herrian girotua dagoenez, hemengo errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzen ahalegindu dela. Sare sozialak ere presente daude; Irasizabalen ustez, «gaur egun, ezin da kanpaina politikorik egin sare sozialak kontuan hartu gabe».
Politikaren alde iluna erakustean, pertsonaiak ere giro ilunaz kutsatuta ageri dira liburuan. Hala izanik ere, ez zaizkio «bereziki gaiztoak» begitandu Xabier Mendiguren editoreari, eta atentzioa eman dio horrek. Irasizabalek ez du uste, politikariak izanagatik, gainerako pertsonen oso desberdinak izan behar dutenik. «Ez dut uste politikariak gu baino hobeak edo gaiztoagoak direnik; uste dut gure antzekoak direla».Haren aburuz, «joko batean aritzen dira, eta joko horren arauak ezagutzen dituzte. Horrek esan nahi du beti ez dutela egia esaten. Komeni zaienean komeni zaiena esaten dute, gehienok gehienetan bezala».
Alderdikeria, alderdi barruan
Alderdi politiko baten lidergorako barne lehia fikzionatu du Iñaki Irasizabal idazleak 'Politika zikina' eleberrian, bere ibilbidean nagusiki landu duen nobela beltza alboratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu