Iker Antia. Arteztu galeriako jabea

«Alderdi komertzialari ez diot ematen lehentasuna erakusketak egiterakoan»

Hibrido moduko bat da Donostiako Arteztu, pintura, argazkilaritza eta bestelako arte eskolak ere ematen direlako. «Nahiko nukeena da galeriaren irabazi nagusiak artelanen salmentaren bidez lortzea»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Margotzea maite du Iker Antiak (Urretxu, 1972), eta Donostian Arteztu galeria zabaltzea «aitzakia bat» izan zen horretan gehiago jarduteko. Iruditzen zaio berea ez dela galeria «soil bat». «Punta-puntako galeriak ez direnak horrela ibiltzen dira normalean». Alegia, arte eskolak emanez osatuz galeria komertzial klasikoaren eskaintza. Baina saldu, saltzen ditu lanak. «Gurean eros daitezke piezak 50 euroan, 6.000 euroan... baita 20.000 euroan ere».

Arte Ederretan lizentziatua da, eta 2011ko urtarrilean ireki zituen Arteztuko ateak. Besteak beste, Gorka Larrañaga, Udane Juaristi, Carolina Valls, Aitor Sarasketa, Zaloa Ipiña, David Elgea, eta Fernando Biderbostek erakutsi dituzte haien lanak. Ana Cabezasen Jolasa dago ikusgai orain, eta ostiralean erakusketa kolektibo bat zabalduko du Amaia Molinet, David Pavo, Ibon Azpiroz, Laura Ruiz Saenz, Nora Aurrekoetxea eta Leihor Bilbaoren piezekin.

Hibrido moduko bat da Arteztu. Erakusketak antolatzen dituzu, bai, baina baita eskolak eman ere. Zergatik egin duzu biak konbinatzearen aldeko hautu hori?

Ez nuelako bezeroen karterarik [umorez]. Erantzuna ez da oso glamourosoa geratzen, baina horrela da.

Hasieratik argi eduki duzu, beraz, eskolak ematearekin osatu beharko zenuela galeria zerbitzua

Bai. Izan ere, ez nuen neure burua galerista profesional gisa ikusten. Ikasteko asmoa eta gogoa badut, hori bai. Umiltasunez hasi nintzen, artista hasiberriekin-eta harremantzen. Artista beterano batzuk ere gerturatu ziren, artetik bizi direnak, eta horien bermearekin hasi nintzen artista berriekin erakusketak-eta egiten.

Zein eskola ematen dituzu?

Hiru sail nagusi daude. Batetik, argazkilaritza digitala: kameraren erabilera, edizioa... Bestetik, pintura eta marrazketa. Eta azkenik, sormen eremu berriak deitzen diodan saila. Kezka artistiko berriak dauzkan jendearekin bide berriak sortzen ahalegintzen gara.

Artezturen gisako eremu hibrido gehiago ezagutzen al dituzu?

Horrelako dezente daude. Donostian, esaterako, oso interesgarria da Espacio Reflex-ek egiten duena. Oso arte garaikidea lantzen du: aurkezpen kontzeptualak, performanceak... Tarteka, gainera, ikastaroak ere ematen dituzte. Mundu honetan gabiltzanon artean hitz egiten dugu, eta, bai, ekonomikoki oso izorratuta gabiltza, baina badugu lanerako grina, gogoa, eta sortzen diren lanak oso interesgarriak dira.

Beti existitu al dira zurearen gisako lekuak?

Baietz esango nuke. Bai eremu pribatuan, eta baita publikoan ere; adibidez, Arteleku.

Arte galeria komertzialek ez zaituztete lehiakide moduan hartzen.

Ez dut sentsazio hori izan, guztiz kontrakoa baizik. Mundu honetan ongi etorria sentitu naiz, baina zera esan didate: «Ez dakizu non sartzen ari zaren [barrez]».

Hilabete eta erdian behin antolatzen duzu erakusketa berri bat. Zein helburu edukitzen duzu horiekin?

Artistak egiten duena interesgarria iruditu behar zait, hasteko; dela bere diskurtsoagatik, dela bere estetikagatik...Behin erakusketa irekita, artista hori ezagutaraztea eta, ahal bada, bere lanak saltzea da helburua. Artistaren lana garaikidea izateari garrantzia ematen diot, gainera. Inkontzienteki, hori bai, pintura lanetara jotzen dut. Gaur egungo gazteen artean badaude margolariak, bai, baina gehiago jotzen dute diziplinak konbinatzera.

Beraz, badaukazu asmo komertzial bat ere.

Bai, dudarik gabe. Baina esango nuke alderdi komertzialari ez diodala lehentasuna ematen. Izan ere, hala balitz,beste gisa bateko erakusketak egingo nituzke [umorez]. Iruditzen zait interesa galduko nukeela, eta, agian, gainera, neure burua engainatuko nukeela.

Orain arteko erakusketek zer moduz funtzionatu dute komertzialki?

Saltzen da, baina oso gutxi. Egin ditudan erakusketetatik %90 defizitarioak izan dira.

Arteztu bezalako galeriak beste galeria handiago batera salto egiteko abiapuntu gisa baliatzen al dituzte artistek?

Kasu bakoitza ezagutu beharko genuke, baina artetik bizi nahi duenak, bai, ziur. Espero dut, behin oparotasunean igerian dabiltzanean, abiapuntuaz gogoratzea [barreak].

Ari al zara bezeroen, bildumazaleen, kartera gizentzen?

Bai, noski. Nire bezeroak, bildumazaleak, artea maite duen jende normala da, klase ertain-altukoa, plazeragatik erosten duena. Nik konta diezaioket erosle bati artistaren curriculuma, esan ikaragarrizko artista izango dela, aholka dezaket, esan zein ibilbide egin duen, baina batek baino gehiagok esan dit: «Niri berdin zait zein bide egin duen, nik lan hau nahi dut». Gutxi daude, baina daudenak oso zaleak dira.

Eta artistarik fitxatu al duzu oraingoz?

Ez. Oraingoz, ez daukat kontraturik inorekin, baina artearen munduan dabiltzanek esaten didate egin beharko nukeela, eta asmo hori daukat.

Baina zurean egindako erakusketa baten ondoren lan bat saltzen bada, zuri badagokizu portzentaje bat.

Bai. Nik erabateko konfiantza eman izan diet, gustuz gainera, artistei. Espazio bat eskaini diet, doan, erakusketa egiteko. Portzentajeetan adostasun bat lortu dugu...

Erdi eta erdi izaten al da normalean?

Garai batzuetan, galeria batzuk geratu izan dira saldutakoaren %60arekin; are %70arekin. Nik, artistaren alde jokatzen dut, haiek ere ekonomikoki nola dauden badakidalako. Nirean erakusketa jarri duten zenbait artistak Artezturen bidez ezagutu dute bezeroa eta saldu diete obra. Batzuek errespetatu dute galeria, eta esan didate: «Hau [dirua], zurea da». Beste era batera jokatzen dutenak ere badaude, noski! [barreak].

Galeriaren alderdi komertziala sendotu nahi duzu, hortaz.

Nik nahiko nukeena da galeriaren irabazi nagusiak artelanen salmentaren bidez lortzea, eta ez, orain bezala, eskolen bidez.

Bideragarri ikusten al duzu?

Zail ikusten dut. Dena den, kanpora, Europako herrialdeetara, begira nabil orain. Iaz, esaterako, Donostiako Arte Garaikideko Nazioarteko I. Azoka egin zen, eta sortu ziren harreman batzuk suitzar, frantziar eta austriar bildumagile batzuekin. Eta horiek, gustatzen bazaie, erosi egingo dute; berdin zaie nondik datorren. Hemen ez dago, orokorrean, artelanak erosteko ohiturarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.