Alde erantzia agerian utziz

'Txoriak dira bederatzi' argitaratu du Tere Irastortzak, poemak, oharrak eta gogoetak uztartuta

Tere Irastortza Txoriak dira bederatzi lanaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Lou Andreas-Salome idazlea puntu lanean asko ibiltzen zen, orratzekin, Tere Irastortzaren esanetan: egiten zituen janzkiek, batetik, beti zuten alde ona, agerian geratzen zena, eta, bestetik, horren alderantzia, barrukoa, korapilatsua. Gisa bereko ikusten zituen pertsonak, euren jarreraren arabera. «Esaten zuen pertsona batzuek erakusten dutela euren alde ona, eta alderantzitik —ez alde txarretik— askatu egin behar zaiela; beste batzuek, berriz, alderantzia bakarrik erakusten dutela zioen, korapiloak bakarrik erakusten dituztela, loturak egin gabe: kasu horietan, jendeari bere alde ona erakusten erakutsi behar zaiola zioen». Baina alde ona eta alderantzia zer beraren parte direla ulertzen zuelako idatzi zion Sigmund Freudi gutun publiko batean, bere ustez, kontzientea eta inkontzientea dena zela bat. Puntu lanean sortzen diren korapiloen ordez, idaztean sortu zaizkion ohar eta gogoetetatik abiatu du Tere Irastortzak bere azken liburua, Txoriak dira bederatzi (Pamiela): idaztearen alderantzia jaso du, liburuan erantzi ditu argitaratu ohi ez direnak.

Eten bat behar zuen Irastortzak, haustura bat. «Hiru, lau edo bost urtez poesiak eramana izan nintzen, literalki: idazten nuen guztia poesia zen, hala ateratzen zitzaidan, erritmo bat hartuta neukan... Horrekin hautsi behar nuen». Idatzita zeuzkan koadernoetara jo zuen, eta hasi zen oharrak eta gogoetak ateratzen: «Beraz, esango genuke hau badela, nolabait, idazle baten alderantzia, eta permititu didala eten bat egitea; beste modu batean idatzi nuena erreskatatu eta idaztea». Mami gehiena 2010. eta 2017. urteen artean idatzitako koadernoetatik atera du. Dena den, poemak ere bildu ditu.

Zein estilotako liburua den esatea «kosta» egiten zaion arren, hiruzpalau hitzekin geldituko litzatekeela dio Irastortzak: «Euskal, emakume, irakurle edo idazle baten liburua da». Zergatik euskal? «Oso ziur nagoelako idazle batek, aurren-aurrena, bere hizkuntzarekiko behar duela atxikimendua, eta uste dut askotan idazleok ez dugula transmititzen hizkuntzarekiko daukagun atxikimendua edo beharra». Irastortzaren ustez, euskaldunek badute «abantaila handi bat»: «Filologoa izan gabe, gure hizkuntzak aitzinago eraman gaitzake gure pentsamenduen sormenera: gure hizkuntzaren aztarnak ateratzen jarriko bagina, iruditzen zait posible dugula horrek berak eman dizkigun metaforen atzetik joatea».

Alde horretatik, on hitzari erreparatu dio. Are, hitz horrek eraman omen du Irastortza liburua idaztera. «Gaur egun, badirudi azkarra edo aberatsa izateak, edo posizio bat edukitzeak antipatiko izatera behartzen duela jendea; eta pertsona sinpatikoa edo atsegina ezgauzatzat hartzen da». Horrek haserretzen duela azaldu du, on hitzak «transzendentzia bat eman ziolako bizitzari zentzu peioratiboa hartu aurretik». Azalpena ere eman du, adibide batekin: «Bizitzeko toki onari esaten zitzaion lekuona. Iruditzen zait hizkuntza badela pentsatzeko modu bat». Usteak uste, ondorio bat «behintzat» atera du: «Ona hobea da».

Idazleak itzal eta lagun

Emakume belaunaldi bateko parte sentitzen da Irastortza, «ikasketak egin eta erakutsi digutena ikasi» duen belaunaldi batekoa. «Urteak aurrera joan ahala, igual emakumetasun hori beste modu batera bizitzen ikasten duzu, beste irakurketa batzuei balioa ematen». Esan duenez, zenbait emakume idazle beti izan ditu aldean, bere itzala balira bezala. «Ez dut uste emakume idazleek bakarrik osatu nautenik, inolaz ere, baina hainbat emakumek urteetan lagundu egin didate: momentu askotan ez nituen ulertzen, baina beti jarraitzen nuen beraiekin, eta berriz irakurtzera itzultzen nintzen». Lau aipatu ditu: Virginia Woolf, Hannah Arendt, Lou Andreas-Salome eta Marina Tsvietaieva, eta liburura eraman ditu, beste batzuen artean. «Pentsatu nuen horiei buruz idatzita neuzkan gauza batzuk argitara zitezkeela, ez inongo ondoriotara eraman nautelako, baizik eta ondorioetatik abiatuta beste bide batzuk egiten erakutsi didatelako».

Idazle eta irakurle, banaezin dira Irastortzarengan. Literaturan bere bizitzako «lagun talde handi bat» topatu duela dio, nahiz eta «askotan haiekin afaldu ez». «Beren liburuek edertasun bat, gauzak ikusteko bide bat erakutsi didate, eta irakurle gisaasko nasaitu naute, edo haserretu... Pentsatzen dut badela zor bat irakurle bezala beste idazle batzuei diedana».

Iñaki Bastarrika Izagirreren ilustrazioak ditu liburuak. Mamiari erreparatuta, tiratzeko moduko hari edo soka ugari ditu, Bastarrikaren ustez. Halako bati jarraikiz iritsi zen ilustratzailea Boris Pasternaken Zhivago doktorea lanera, esaterako. «Arkatzarekin irakurtzeko liburua da, azpimarratzekoa: aldiko gai batek harrapa zaitzake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.