Alde anitzeko konpositorea

Jesus Guridi musikagilearen artxiboa osatu du Sancho el Sabio fundazioak, haren familiak eman dizkion dokumentu pertsonalekin. Webgunean bilduko dute material guztia, Guridiren obraren ikerketa sustatzeko asmoz.

Jesus Guridi konpositorea, lagunez inguratuta; besoetan hartua dute zenbaiten artean. SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA.
iraia vieira gil
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Txikitan piztu zitzaion musikaren inguruko interesa Jesus Guridiri, eta goiz hasi zen melodiak sortzen, familiaren tradizioak eraginda, agian. «Nicolas Ledesma organista eta konpositorea zen haren birraitona, eta Luis Badiola eta Javier Guridi organistak haren aitonak», azaldu du Iñaki Guridik, konpositorearen bilobak. «Haren aitak, gainera, biolina jotzen zuen, eta ama piano irakaslea zen». Jesus Guridik sei seme-alaba izan zituen, baina bakar batek jarraitu zuen musikaren tradizioan; gainerakoek bestelako ogibideak aukeratu zituzten. Orain, konpositorearen «alderdirik pertsonalena» biltzen duten argazki, eskutitz eta partiturak eman dizkiote Sancho el Sabio fundazioari, haren figura gogora ekarri eta nabarmentzeko.

Gasteizen jaio zen Jesus Guridi konpositorea, Florida kaleko 36. zenbakian, 1886. urtean. Etxean gordetzen zuten konpositorearen materiala haren sorterrian gordetzea zen senideen nahietako bat, eta horregatik aukeratu zuten, hain zuzen, Sancho el Sabio fundazioa. Iñaki Guridik, gainera, ezagutzen zuen elkartea, eta, Jesus Zubiaga fundazioko zuzendariak azaldu duenez, gustatu zitzaion esku artean duten programetako bat. «Familia artxiboak berreskuratzekoa, zehazki». Etxean zituzten dokumentuak entregatzea, berriz, prozesu luze baten emaitza izan da. Honela kontatu du Guridik: «Musikarekin zerikusia zuten dokumentuak Eresbil musikaren euskal artxiboari eman genizkion; pianoa eta aulkia, Musikeneri; eta, orain, dokumentu pribatuak Sancho el Sabio fundazioari».

Familia dokumentuak emateak tristura eragin badie ere, Guridik aitortu du aitonaren irudia ezagutarazteko modurik onena dela, eta, gainera, haren inguruko ikerketak sustatuko dituela. «Euskal Herriko musika tradizionalean eta Espainiako musikan eragin handia izan zuen Jesus Guridik, baina haren obra ezagunenak besterik ez dira ikertu».

Ez zion bere buruari mugarik jartzen, eta euskal musika, organo partiturak, zarzuelak eta ganbera musika landu zituen; «alderdi anitzeko musikaria zen». Konpositoreak egindako lana ezagutarazi nahi du familiak, eta, zergatik ez, prest dagoenari haren biografia idazteko aukera eman. «Jesus Maria de Arozamenarenak idatzi zuen bat, baina urte batzuk igaro dira».

Fundazioak 254 ataletan banatu ditu dokumentuak, eta, digitalizatu ostean, webgunean egongo dira guztiak eskuragarri. «Bilaketa errazteko banatu dira artxiboak», azaldu du Zubiagak. Atal bakoitzaren eskutitz, argazki eta partiturek lotura zuzena izango dute elkarrekin, eta ikertzaileak, zer aztertu nahi duen, horren arabera egingo du hautaketa. Argazki bilduma da, zehazki, fundazioko zuzendariari gehien gustatzen zaiona, eta uste du konpositorearen bizitzaren errepasoa egiteko modurik «deigarriena» dela. Eskutitzek, bestalde, ikasle zen garaiko informazioa ematen dute, eta «oso interesgarriak» dira zer trebakuntza jaso zuen jakiteko.

El Cuartito izeneko taldean hasi zen Guridi musika egiten, eta horretan hain ona izateak nazioartean ikasten jarraitzeko aukera eman zion. «Zubiriako kondeak, haren talentua ikusi, eta zalantza egin gabe Parisera bidali zuen, ikasketekin jarrai zezan», azaldu du Zubiagak. Frantziatik Belgikara joan zen gero, eta Belgikatik Alemaniara; are zehatzago, Koloniara. «XX. mendeko musika formakuntzarik onena jaso zuen, eta, gainera, atzerrian». Etxera bueltan, adituek etorkizun oparoa iragartzen zioten musikan.

Folklorea inspirazio iturri

Haren konposizioen artean, El caserío zarzuela da ezagunenetarikoa. «Hori idatzi eta gero ekin zion euskal musika folklorikoa biltzeari», kontatu du Jesus Guridik. Euskal Herriko herriak bisitatzen zituen, eta tokiko kantak entzutea gustatzen zitzaion, barneratutakoa partituran idazteko. «Hortik sortu ziren orain ezagunak diren abesti batzuk».

Madrilen sortu zituen, ordea, lan gehienak. «Ikasten jarraitzeko joan zen Madrilera, eta han geratu zen bizitzera, hil zen arte», adierazi du Zubiagak. Idatzi zituen obra asko, beraz, Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan geratu ziren, senideek Eresbil artxiboari bidali zizkioten arte. Aldiro bueltatzen zen Guridi Gasteizera; haren obrak estreinatzen ziren bakoitzean, gutxienez. «Ez zuen inoiz Gasteiz ahaztu, eta Gasteizek beti gogoratu zuen».

Hil baino hamar urte lehenago, 1951n, Gasteizko seme kutun izendatu zuten. «Elkarte gastronomiko batera eraman zuten, eta ardoa jarri zioten edateko», kontatu du Zubiagak. Gerora gertatu zena albiste izan zen garai hartako prentsan: «Artikuluetako batek zioenez, Guridik barkamena eskatu zuen elkarte gastronomiko batean ura edateagatik eta ez ardoa!». Beste idazki askorekin batera, artikulu hori ere Jesus Guridi artxiboaren parte da. «1961ean egin zioten omenaldiko kartela da, ordea, niretzat, guk dugun piezarik bereziena», aitortu du Zubiagak. Arabako Foru Aldundiko kideak ageri dira kartelean, Guridi miresten zuten instituzioetako beste pertsona askorekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.