Marko gaztea soldaduek emandako jipoien ondorioz hil zen 1993an. Bosnian gerra zegoen garai horretan. Hamabost urte geroago izen handiko zirujaua da Markoren lagun minetako bat, eta hura erail zuten soldaduetako bati ebakuntza egin edo ez erabaki beharko du. Markoren aitak, berriz, eraikuntzan egiten du lan, eta semea hil zion soldatuetako baten semea lan eske joan zaio. Gerraren ondorengo ur harrotuak baretzen ari diren garaian dago girotua Srdan Golubovic zinemagilearen Circles filma (2013). Halako egoera batetik ateratako herri bateko elkarbizitzak duen zailtasunez hausnartzera bultzatzen duena. Horrekin zabalduko da aurtengo Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, hurrengo ostiralean, 19:30ean.
Guztira, 15 film lehiatuko dira Sail Ofizialean. Horietako bat euskarazkoa da: Ander Iriarteren EchevarriatikEtxeberriara. Gatazka politiko baten ondorioetan oinarritzen da. Hori bai, Euskal Herrian dago girotuta, Oiartzunen (Gipuzkoan). Indarkeriak herri horretan izan duen eragina aztertzen du zuzendariak: «Eta indarkeria diodanean, indarkeria mota guztiez ari naiz: ETArena, Poliziarena, Espainiarena, Frantziarena, psikologikoa...», dio zuzendariak.
Juanmi Gutierrezen Ateak zabalduz filma ere lehiatuko da Sail Ofizialean. Euskara eta gaztelania entzuten da filmean, eta euskarazko zatiak gaztelaniaz azpidatziak daude. Okupazio mugimenduaren ideia eta barrunbeak erakusten dituen dokumentala da, mugimendu horrek Euskal Herrian izan duen bilakaera azalduko duena. Bi filmen ondoren, egileekin solasaldia egiteko aukera izango da.
Aitak gizonaren rolean sartzera derrigortzen duen emakume baten bizitza kontatzen du Fernando Bermudezen El Bumbúm filmak. Nerabezarora iritsitakoan gizonezkoaren rolean jarraitu, edo egoerarekin apurtzea erabaki beharko du. Joxemi Beltran Donostiako Udaleko zinema unitateko zuzendariak adierazi du egoera gordinen eta gozoen arteko konbinazio egokia egiten dela filmean. Emakume gerrillariak izango ditu protagonista Laura Astorga Carreraren Princesas Rojas filmak ere.
Hain zuzen ere, emakume zuzendarien filmak «inoiz baino gehiago» izango direla zehaztu du Beltranek. Bederatzi izango dira guztira. Emakume zuzendarien «gorakada» nazioartean gertatzen ari dela dio, eta egiten dituzten film gehienak «kontzientziadunak» direla nabarmendu du. Valeria Golinoren Miel, Louise Archambaulten Gabrielle eta Destin Daniel Crettonen Short Term 12 dira, besteak beste, hainbat emakumek zuzendu dituzten beste filmetako batzuk. Eta bere lekua izango du Pusyy Riot taldeak ere. Mike Lerner eta Maxim Pozdorovkin taldekideekin egindako elkarrizketa dokumentala da Pussy Riot: Una plegaria punk. Donald Rumsfeld izango da elkarrizketatzailea George Bush AEBetako presidente ohiaren Defentsa idazkaria hain zuzen ere: «Haren iruzkinak ez dira guztien gustukoak, baina entzuteko modukoak dira hark nazioarteko politikaren inguruan ematen duen ikuspegia». Apirilaren 6an emango dute, 19:00etan.
Robert Guediguiani saria
Giza Eskubideen Zinemaldian urtero ematen den saria Robert Guediguian zuzendariari emango diote aurten. «Zinema egiten duen militateentzat» jotzen du bere burua. Izan ere, kaleko gaiak hartzen ditu zinema egiteko. Langabezia, pobrezia, drogak, prekarietatea eta xenofobia landu izan ditu. Marius et Jeannette (1997), A l'attaque (2000), Marie-Jo et ses deux amours (2002) eta Les neiges du Kilimandjaro (2011) dira egin dituen filmetako batzuk.
Hamabost film labur lehiatuko dira, eta tartean Unai Aranzadik egindako Jambo Amani izango da. Zinemaldiak iraun bitartean, zinema zikloak egingo dituzte kultur etxeetan. Bederatzifilm eskainiko dituzte, guztiak jatorrizko bertsioan —eta euskarazko azpidatziekin—. Eskoletako haurrentzat, Tormeseko itsumutila eta Lucius Dumben bereziko bidaia filmak emango dituzte.
Aldarrirako filmak
Giza Eskubideen Zinemaldiaren aurtengo ekitaldia 'Circles' filmarekin zabalduko da'Echevarriatik Etxeberriara' eta 'Ateak zabalduz' izango dira Sail Ofizialean lehiatuko diren bi film euskaldunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu