Aldarrikapen txinpartetatik

Sua taldeak bere ibilbideko aurreneko lan luzea argitaratu du: 'Ordu Beltzak'. Indie rock, pop eta post punk ildoko hamar kantuk osatzen dute diskoa. Emakumeen aldeko aldarriak dituzte hitzek

Ane Barrenetxeak, Janire Lopezek, Estevan Gabiriak eta Julen Wrightek osatzen dute Sua taldea. SUA TALDEA.
aitor biain
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Sua taldeak bi urte baino ez daramatza oholtza gainean. 2018an eratu zuten Ane Barrenetxeak, Janire Lopezek, Esteban Gabiriak eta Julen Wrightek laukotea, Maruri-Jataben (Bizkaia). Urtebete geroago argitaratu zuten beraien «aurkezpen txartela» izango zen lana: lau kantuko EP digital bat, taldearen izen homonimoarekin. Izan ere, Barrenetxeak azaldu duenez, «ez badaukazu ezer grabatuta jendeak ez daki zer egiten duzun». Lan hari esker, Gaztea irratiaren maketa lehiaketa irabazi zuen taldeak, eta garaipenari kateatuta etorri ziren jarraitzaileak eta entzuleak. Arrakastaren ondoren kaleratu du laukoteak ibilbideko aurreneko lan luzea: Ordu Beltzak (Airaka).

Aurreneko lanaren ildoari jarraipena ematen dion diskoa da. Indie-rockaren, poparen eta post- punkaren lerroak jarraitzen dituena, hain zuzen ere. «Gure lehen kantuak ongi agertuko zituen diskoa egin nahi genuen, gure abesti guztiak bilduko zituena, eta gustura gaude emaitzarekin», adierazi du Barrenetxeak. Haritz Harregi teknikariarekin grabatu dituzte bilduma osatzen duten hamar kantuak, eta abeslariak uste du diskoari esker «soinu propio bat» finkatu dutela. «Erakutsi dugu gure izaera, nor garen. Hasiera batean, hala ere, beldur nintzen jendeak beste talde batzuetatik desberdinduko ote gintuen».

Izan ere, Mungialdeko indie rockaren olatuaren barruan eratu zuten taldea, eta horrek izan du eraginik musika egiteko moduan, Barrenetxearen arabera. «Denok ezagutzen dugu elkar. Gazteak gara, musika egiten gozatu egiten dugunak, eta asmo hori kutsatu egiten da». Ez dute erreferentziarik, ez eta musika proposamen finkorik ere. Kide bakoitzaren ekarpenaren batura da emaitza. Argi dute, hori bai, «rock alternatibo kañero» baten bidea jorratu nahi dutela, baina etiketa guztietatikaldenduta ahal dela. «Ez zaigu gustatzen mugatuak sentitzea. Guretzako musika momentuan sentitzen dugun hori azaleratzea da, beraz, ez dugu nahi esaterik estilo zehatz bat egiten dugunik; batez ere, bihar, agian, beste zerbait egingo dugulako». Unean uneko «inprobisazioan» oinarritzen dira sortzerakoan. «Lokalean elkartzen garenean kide bakoitzak bere ideiak ekartzen ditu, eta horietatik hasten gara sortzen, osatzen. Unean uneko magia edo musika sortzen da horrela».

Aldarriz jositako diskoa

«Don't let your mind control you, never» (Ez utzi zure buruari zu kontrolatzen, inoiz ez). Diskoa zabaltzen duen Intro kantuaren hitzak dira. Eta ez dira ausazkoak, Barrenetxeak azpimarratu duenez: «Diskoaren ideia eta mezua hasieratik argi uzten dute hitzok. Bakoitzak interpretatu dezala nahi duen bezala, hori bai». Aldarrikapenez josita diskoa baita, hasi izenburutik eta abestien hitzetaraino. «Garrantzi handia ematen diogu mezuari. Gure kantuen hitzek badute asmo bat; ez dira betelan soilak».

Emakumeen aurkako indarkeria, hilekoa, esperientzia pertsonalen kontakizunak... Askotarikoak dira gaiak, baina guztiek dute abiapuntu bera: emakumeen aldeko aldarria. Taldearen hasierako nahia dago horren guztiaren atzean, hain zuzen ere. Barrenetxeak eta Lopezek jarri baitzuten abian proiektua, eta haien asmoa emakumeez osatutako talde bat sortzea zen. «Ezinekoa egin zitzaigun, ordea. Azkenean, Estebanekin eta Julenekin egin genuen topo bidean, eta bat egitea erabaki genuen».

Aldarrikapena izenburutik hasten da. Izan ere, Ordu Beltzak diskoa osatzen duten kantuetako bat izateaz gain, «esperantzari egindako keinu bat» da, eta horregatik aukeratu zuten izenburu gisa. «Momentu ilunak izan arren, iluntasun horretatik atera daitekeela aldarrikatzen du. Janire eta biok aurreko proiektuan ere dena beltz ikusten genuen; hasierak oso beltzak izaten baitira askotan. Guk geuk ez genuke pentsatu ere egingo gure bigarren proiektu honekin honaino helduko ginenik. Beraz, mezu baikor horren aldeko aldarria da».

Zer esan eta nola esan. Biak dira garrantzitsuak taldearentzat, eta horregatik ingelesa eta euskara uztartzen dituzte abestien hitzetan. «Hasiera batean, iruditzen zitzaidan nire ahotsa interesgarriagoa zela ingelesez abesten nuenean. Gerora konturatu nintzen, ordea, euskaraz ere gustuko dudala, beraz biak uztartzea erabaki genuen. Uste dut garrantzitsua dela nortasuna ematea taldeari, eta gure hizkuntzak hori ere ematen dio». Abeslariak erantsi du taldearentzat «lehentasun» bilakatu dela euskara, eta «ahal den heinean» erabilera handitzearen saiatzen direla hitzetan.

Diskoa osatzen duten kantu guztiak dira berriak, bat izan ezik:Zapatu gaua. Abestiak ospe handia izan zuen aurreneko diskoan, eta bigarrenez argitaratzea erabaki dute. «Gure kanturik ezagunena da, eta aurreneko ospea eman ziguna; berezia da. Beraz, ezinbestekoa ikusten genuen gure lehenengo lan luzean ere sartzea». Bere horretan sartu ezin zutenez, abestiaren moldaketa berri bat egin dute, eta kantu «popero» eta «goxoago» bat izatetik, abesti «kañeroagoa» izatera igaro da, diskoa bera bezala. Zapatu Gaua II jarri diote izena, hori dela eta.

Diskoaren aurkezpen betean zen taldea osasun krisia iritsi aurretik, eta, beraz, kontzertu ugari bertan behera utzi behar izan dituzte. Egoera onbideratzen denerako aurreikuspen onak dituzte; «batez ere, abuzturako». Argi izpi horri, txinparta horri eusten dio taldeak. «Nahiz eta egoera latzak bizi, seguru gaude bere onera itzuliko direla. Eta horrekin batera itzuliko dira kontzertuak ere. Eta orduan biziko duguna askoz ere intentsoagoa izango da. Topera biziko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.