Aldarrikapen batekin egingo du eztanda

Jaizkibel konpainiak emango dio hasiera Zeid Fest jaialdiari. Apirilaren 1ean ospatuko dute, eta Hemendik At taldea omenduko dute

Zeid Fest jaialdia aurkeztu zuten atzo, EITBren Bilboko egoitzan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Alardean txertatzeko jaio zen Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainia parekidea; eta emakumeen soldadu gisa desfilatzeko eskubidea baliarazteko. Joan den urtean, 25 urte bete zituen konpainiak, eta, ohi bezala, irailaren 8an alardeaz aparte egin zuten euren ibilbidea. Oraingoan, ordea, euren oihartzuna harago eramango dute: Zeid Fest musika jaialdiari hasiera emango diote. Festibal horren bigarren aldia apirilaren 1ean ospatuko dute, Barakaldoko BECen (Bizkaia). Hainbat diziplinatako artistek hartuko dute parte. Euskal sortzaileen azoka ere egongo da.

«Egun osoko festa izango da», azaldu du Julen Hernandez jaialdiko komunikazio arduradunak. 10:30ean irekiko dituzte ateak, eta bertan izango da Jaizkibel konpainia. Bi eszenatoki egongo dira. Taula nagusiak Gaztea izena izango du. «Guretzat plazer bat da Zeid Festen bidelagun izatea», adierazi du Xabier Doncel Gaztea irratiko zuzendariak. Iaz, bi orduko saioa egin zuten bertatik, eta kontzertu batzuk streaming bidez eman zituzten. «Aurten ere, antzeko planteamenduarekin gatoz». Zetak izango da Gaztea eszenatokira igoko den lehen taldea. Eta bertan izango dira, besteak beste, Samantha Hudson, Esne Beltza, Doctor Deseo, Nogen eta Gozategi.

Beste taulak Basque Wine izena izango du. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira bertan emanaldia eskainiko duten lehenengoak. Horren ostean etorriko dira, esaterako, Eñaut Elorrieta eta Skabidean. Olaia Inziarte abeslaria ere bertan izango da. Aitortu duenez, Zeid Fest «plaza aski handia» da beretzat. «Ez gaude sobera ohituta horretara». Hori dela eta, egun horretarako egokiagoak izan daitezkeen kantak prestatzen ari dira.

Basque Wine eszenatokiak berezitasun bat izango du: Hemendik At musika taldea omenduko dute, 21:40an. «Haiek ez dira egongo», argi utzi du Pello Reparaz Zetak taldeko abeslari eta jaialdiaren sustatzaileak. «Nire ingurua, baita Euskal Herri osoa ere, Hemendik At-en oso zalea da; uste dut bere garaian eragin handia izan zuen proiektua izan zela, baina gaur egun hobeto ulertu dela».

Eszenatokietatik kanpo ere eskainiko dituzte ikuskizunak. Elektropottotte Emakumeen Txaranga, esaterako, jaialdian egongo da, eta euskal trabestiek ere euren tokia izango dute. «Jendartean ibiliko gara, eta hiru show eskainiko ditugu», azaldu du Zeid Festen parte hartuko duen Xarma Leone euskal trabestiak. Lehenengo bi ikuskizunetan «show indibidualak» egingo dituzte, «bakoitzak egiten duena ondo erakutsi dezan». Azkena, ordea, eguna ondo amaitzeko, «show potentea» izango da. «Euskal drag artisten eszena dagoela erakutsi nahi dugu; garrantzitsua da Samantha Hudson ekartzea, baina are garrantzitsuagoa da hemengo talentua erakustea», azaldu du Leonek.

Eragina erabiltzen jakitea

Programazioak «hausnarketa nahikotxo» ekarri duela azpimarratu du Reparazek. «Eragin bat dugu, eta eragin hori zertarako erabil dezakegun pentsatu eta hausnartu behar dugu». Nahiz eta jendeak esan dion euskal trabestiak gonbidatzea «detaile ona» izan dela, Reparazek uste du ekarpen gehiago egingo diotela trabestiek jaialdiari, jaialdiak haiei baino.

Bestalde, Hernandezek azpimarratu du antolakuntzarentzat pozgarria dela musika taldeek jaialdiari ematen dioten garrantzia: «Nogenek, Esne Beltzak, Samantha Hudsonek eta Kerobiak abesti berri bana atera dute, eta bertan kantatuko dituzte».

Jaialdiko sarrerak webgunean daude salgai, eta bertan ere erosi ahal izango dira. «Txikitxoenek ez dute ordaindu beharko», zehaztu du Hernandezek. Eta azaldu du «kuadrilla tiketa» ere eskuragarri dagoela. Bederatzi sarrera ordainduta, hamargarren sarrera doan eskuratu dezakete lagun taldeek.

«Jaialdi herrikoi bat da; zentzua izan dezan, milaka pertsonak hartu behar dute parte», azaldu du Reparazek. «Agian ez gara azpiegitura eta esperientzia handia duen enpresa bat, baina guk ere ekarpena egin dezakegu; besteak beste, ideiak eta balioak zabal ditzakegu: horrek egiten gaitu berezi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.