Emakumeen presentzia ikusizko arteetan eta ikus-entzunezkoetan izenburupean, auziaren gaineko ikerketa egin du Kulturaren Euskal Behatokiak. Helburua: emakumeek kulturan zer presentzia eta parte hartze duten jakitea —ikusizko arteen eta ikus-entzunezkoen alorretan, zehazki—, eta egoera orekatzeko esku-hartze proposamenak egitea. Behatokiak datu bilketa zabala egin zuen bi sektoreetan (lehenari, artearenari soilik helduko dio erreportaje honek). Arteari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu estatistikoak aztertu zituen, eta datuok interpretatzeko eskatu zion Haizea Barcenillari, txostenean jasotako Kristalezko sabaiaren argazki gardena: emakumezko artisten egoera EAEn iritzi artikuluan aletu zituenak. Emakume sortzaileek artearen munduan bizi duten egoeraren argazki bat osatzeko jo du BERRIAk ere adituarengana. Artista baten ibilbidea zehazten duten mailak aztertu ditu ikerlariak: hezkuntzatik hasi, eta ekoizpenetarako laguntzak, sariak, eta legitimazioa dakarten erakusketa eta bildumetaraino. Eta atera duen lehen ondorioa argia da: «Emakumeentzat Arte Ederrak ikastea erraza da, baina profesionalizatzeko bidean gizonek baino zailtasun handiagoak topatzen dituzte, eta horiek esponentzialki handitzen dira legitimazioa lortzeaz hitz egiten dugunean». Katebegiz katebegi, honako hau da egoera:
PRESTAKUNTZA
Emakumeak dira gehiengoa, nabarmen, Arte Ederretako fakultateko ikasleen artean. Hamar matrikulatik zazpi dira andreek eginak egun, eta, gainera, ehuneko hori ez dela berria dio Barcenillak, berak bildutako datuen arabera, azken hogei urteotan gutxienez beti mantendu izan dela buelta horretan. Arte Ederretako fakultateko datu zaharrenak 1989koak dira, eta garai hartan emakumeen kopurua %62,5 zen jada, gerora gorantz egin zuena eta urte askoan %70en inguruan dabilena.Datuak ez du harritu ikerlaria, eta aspaldiko joera dela azaldu du. Artea sentimenduekin lotzen dela, eta esparru hori oso femeninotzat hartu izan dela uste du Barcenillak, eta, beraz, emakume askok jo izan dutela halako ikasketetara, bai zaletasun moduan, edo baita lengoaia propio bat garatzeko ere. «Unibertsitateak emakumeei ireki zitzaizkienean —XIX. mende bukaeran edo XX. mende hasieran, lurraldearen arabera—, Arte Ederretan jaso zuten emakume gehien. Adibidez, Bauhaus eskola 1919an ireki zenean, gizonek baino emakume gehiagok eman zuten izena». Akademietan, ordea, ez da hala izan, garai batean sarrera debekatuta ere izan baitzuten «biluziak pintatzen zirelako eta emakume batentzat amorala zelako. Baina XX. mendetik aurrera emakumeak beti egon dira presente onartu dituzten eskoletan».
LAGUNTZA PROGRAMAK
Lan egiteko denbora eta baliabide ekonomikoak dira artista batek lortu behar duen lehen gauza ibilbide profesionalari ekiteko. Erakunde publikoek sortzaileen lana sustatzera bideratzen dituzten hainbat diru laguntza programa, beka, egonaldi eta erakusketa aztertu dira txostenean: Eusko Jaurlaritzaren bi programa —ikusizko arteei eta arte plastikoei laguntzekoa, eta Eremuak—; Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundienak; eta Bilbo Arterena; eta baita artista hasiberriak ikusarazteko aipatu bi aldundiek nahiz Getxoartek sustatutakoak ere. Jaurlaritzaren laguntzetarako hamar eskaeratatik lau dira andreenak 2013-2015 urteetan, eta beheranzko joera izan da. Eskatutako eta emandako laguntzen artean, oro har, proportzioak oso antzekoak dira; beraz, eskaeretan dago gakoa.Hor sumatu du adituak «lehen joera kezkagarria»: emakumeek laguntzen erdiak baino gutxiago eskatzean. Izan ere, datua oreka baten islatzat uler liteke, ez balitz artea ikasi duten andreen zenbatekoagatik. Emakumeek ez diotela bide profesionalari itxaropen berberekin ekiten erakusten du, adituaren ustez. Azken urteotan, gero eta andre gehiago sumatu ditu zenbait kasutan, eta Ertibil Bizkaiko artista gazteen programa jarri du adibidetzat. «Baina ez duzu oso atzera jo behar, 2010era edo, konturatzeko oro har ikasketen eta eskaeren arteko %70-%30 proportzioa ez dela inolaz ere mantentzen; edo buelta ematen du, edo erdi-erdi da. Emakume gutxiago aurkezten dira».
Ekoizpenerako laguntzetako zenbakiek datu esanguratsu bat utzi dute, gainera: zenbat eta handiagoa izan deialdiaren diru kopurua, orduan eta emakume gutxiagok egiten dute eskaera. Horren atzean hainbat arrazoi egon daitezkeela interpretatzen du Barcenillak. «Alde batetik, emakume pila bat ez dira ikusten gai artista izateko; ez beren gaitasunengatik, baizik eta zailtasunak ikusten dituztelako aurretik, eta asko hezkuntzara joaten dira». Halaber, bide profesionala jarraitzen duten beste hainbatek azaldu izan dutena ekarri du gogora, hots, «arte munduan orokorrean emakume asko egon arren, instituzio eta botere esparru asko oso maskulinizatuak daudela; azken batean, gizonak hobeto hezi dituzte lehia horretarako, ohituak daude». Autoexigentzia maila da beste faktoreetako bat, ikerlariaren irudiko: «Nik, adibidez epaimahaietan, asko ikusi izan dudana zera da: emakume bat aurkezten bada proiektu batekin laguntza kopuru handienera, normalean proiektu bikaina izaten da, eta eraman egiten du. Aldiz, gizon askok, ez guztiek, probatu egiten dute; proiektu erdipurdiko bat dute eta probatu egiten dute, eta batzuetan ez diete ematen eta beste batzuetan bai. Emakumeok autoexigentzia askoz ere handiagoa daukagu, batzuetan gaixotzeko modukoa ere bai, eta ez bada perfektua ez dugu aurkeztuko. Hori ere hezkuntza kontua da».
SARIAK
Haren lanaren aitortza hainbat bidetatik iritsi ohi zaio artistari, eta sariak dira horietako bat. Hierarkia bat ere badago sarietan, eta ez dute denek garrantzi bera. Horretan ere ikusten da genero marka, Barcenillaren arabera: zenbat eta garrantzitsuagoa saria, zailtasun handiagoak izango ditu emakume artistak berau eskuratzeko.Adibide gisa, bi sari aipatzen ditu adituak bere artikuluan: Ertibil, Bizkaiko Foru Aldundiak artista gazteentzat antolatzen duena; eta Gure Artea, Eusko Jaurlaritzak ematen duen sari nagusia. Ertibilen kasuan, aldaketa nabaria izan da azken urteotan: 2009. urtetik 2012ra gizonak izan ziren nagusi —erakusketaren %60 izan dira, eta hiru sari berezietatik bi eraman dituzte urtero—. Ordea, ordutik aurrera joera aldatuz joan da pixkanaka, eta andreek espazioa irabazi dute sariketa horretan —azken hiru urteotan sari berezi gehienak eraman dituzte, eta erakusketaren %60 edo %70 izan dira—. Aurkeztutako proiektuetan ere nabari da aldaketa: hamabi puntu igo da parte hartzea. Gure Artea sariaren kasuan, berriz, garai desberdinetan izan dituen aldaerak gorabehera, zailago izan dute emakumeek irabaztea: 1982-1989 bitarte irabazleen hamarretik bat izan zen emakumea; 1990eko urteetan hamarretik hiru; 2000ko hamarkadan %26; eta azken hamarkadan %46. Aldea nabaria da, beraz, hasiberrientzako sarien eta ibilbide bat egina dutenen artean.
Aldea, halere, emeki gutxituz joan da azkenaldian, eta Barcenillaren ustez, «badirudi nahi bat egon dela emakumeak aitortzeko, azken urteetan bereziki. Baina, beste behin ere, nahikoa da atzera jotzeaeta ez gehiegi, zazpi urte-edo, emakumerik ez zegoela ikusteko. Eta okerrena da hor badela emakumeen belaunaldi bat ez zuena inolako aukerarik izan. Ez dut esango gaur egungoek erraza dutenik, baina apur bat errazagoa badute behintzat, kontzientzia handiagoa dago».
ERAKUSKETAK
Erakusketak dira artistak aitortza jasotzeko beste bideetako bat, sariena baino garrantzi handiagoa izan dezakeena. Izan ere, erakusketen eta bildumen bitartez «artearen narrazio ofiziala» eraikitzen duten instituzioak dira museoak eta arte zentroak. Eta arlo horretan emakumezko artistekin gertatzen dena «oso kontu gogorra» dela dio Barcenillak. «Horretan, oso argiki eta sistematikoki diskriminatuak izan dira emakumeak, batez ere museoetan; arte zentro berriagoetan, ez».Lau museo —Bilboko Arte Ederren Museoa eta Guggenheim, Gasteizko Artium eta Arabako Arte Ederren Museoa— eta bost arte zentro —Bilboko Azkuna zentroa, Rekalde aretoa eta Bilbo Arte, eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea eta Tabakalera— aztertu dituzte txostenean. Eta nabarmena da batzuen eta besteen arteko aldea: 2015ari erreparatuta, museoetako erakusketen %18,4 eskaini zizkieten emakumeei —%44,7 gizonei eta %36,8 erakusketa mistoei—; arte zentroetan %34,2ra igotzen da andrazkoen erakusketa kopurua —%36,8 izan ziren gizonenak, eta %29 mistoak—. Hala, bakarkakoak hartuta, museoetako hamar erakusketatik zazpi izan dira gizonenak —arte zentroetan baino%21 gizon gehiago, eta %46 andre gutxiago—.
Museoak, «tradizionalki, nahiko matxistak dira, orokorrean», ikerlariaren ustez, eta obren erosketan ere sumatzen da hori. «Bilduma osatzen dutenez, badago nolabaiteko pisua, hori izango dela iraungo duena, gure ondarea... eta hala da, beraz, horretan tradizionalistak izatera jotzen dute oro har». Museo batetik bestera, ordea, alde handiak daudela, eta batez besteko zifrak hainbat errealitate ezkutatzen dituela ohartarazi du adituak. Artiumek, adibidez, emakumeen obrak erosten dituela azaldu du, eta nahiz eta alderdi hori oraindik garatzeko aukera duela uste duen, ezberdintasun txiki bat baino ez dela dio. «Aldiz, bada kasu terrible bat, Bilboko Arte Ederren Museoarena». Azken 30 urteotan andrazko bati bakarkako erakusketa bakarra eskaini dio —Susana Talayeroren lanak erakutsi zituen 2016an—. «Politika misoginoak» ditu museoak, adituaren arabera. Haren erosketa zenbakiak ere bilduak ditu, azken bi urteotakoak salbu, eta arte garaikidearen %7 ziren emakumeen obrenak ordura arte. «Eta hori garai batean zeinetan 1996tik emakumeak diren Arte Ederretako graduatuen %70! Haluzinantea da; ez ja gutxiengo bati, gizartearen talde handienari kasurik ez egitea da». Guggenheimek ere emakume sortzaileei oso erakusketa gutxi eskaini izan dizkiela azaldu du Barcenillak, nahiz eta hori aldatu egin den azken bizpahiru urteetan. Halaber, adituak zehaztu du azterketan museoen bildumak ez direla ikertu, eta oso garrantzitsuak direla, «hori baita historiarako geratzen dena». Eta historiara zer igaroko den eta zer ez, erosten diren lanen araberakoa da. «1950eko hamarkadatik aurrera euskal artea zer izan den ikustera joaten bazara Arte Ederren Museora, hori bilduman daukatena da. Eta, noski, erosi ezean, hogei urte barru joaten bagara ikustera Euskal Herrian 2000ko hamarkadan zer arte egiten zen, pentsatuko dugu ez zela emakume artistarik existitu».
Arte zentroetan bestelakoa da egoera. Emakumeen erakusketa ugari antolatu dituzte Tabakaleran eta Koldo Mitxelena Kulturunean, ikerlariak nabarmendu duenez. «Uste dut horren oso kontziente direla beren programatze politiketan».
Baina bada aldea museoen eta arte zentroen artean. Aurrekontua da horietako bat. Datu orokorra hartuta, emakumeek egindako erakusketen aurrekontua gizonezkoek eginikoak baino %60 txikiagoa izan zen oro har, aztertutako epean. Baina aintzat hartu behar da museoek emakume gutxiago erakutsi izan dituztela, eta haiek izaten dituztela aurrekontu handienak. «Museoetakoak dira normalean ikusgarritasun, produkzio eta inbertsio gehien daukaten erakusketak, eta gizonenak askoz ere gehiago dira horietan». Halakoetan, artistari lan berriak egiteko aukera ere ematen diete, eta, hortaz, gizonek aukera gehiago dituzte lan garrantzitsuak garatzeko, «behar dutenak ez soilik diru laguntza, baizik eta instituzionalki berme bat, espazio batzuk andreek ez dituztenak». Halaber, halakoetan, ohikoa izaten da gero akordioak egin eta museoak artelanen bat erostea, «eta orduan bildumara pasatuko da artista hori, eta bildumara pasatzean gehiago kotizatzen da; historiara ere pasatzen da...». Katalogoa da beste ezberdintasunetako bat: museoek argitaratu ohi dituzte, baina arte zentroek, ohikoan, ez. «Katalogoa oso gauza garrantzitsua izaten da artistentzat: munduan zabaltzeko eta jendeak zu ezagutzeko beste aukera bat ematen dute, eta, haien bidez, erakusketa nolabait denboran luzatzen da».
Prestigioari dagokionean ere bada alderik. «Egun, arte zentroak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira, eta badira batzuk Europan, nahiz eta museoak ez izan, oso esanguratsuak direnak eta beren zirkuitu propioa dutenak; badira erreferentziazkoak, baina gehiago kontzeptualki. Baina, merkatuari dagokionean adibidez, museoek askoz ere gehiago kotizatzen dute».