Zinema estreinaldiak

Aldaketekin dantzan

Jacques Audiarden 'Emilia Perez' proposamen berriak bizitzaz aldatu nahi duen Mexikoko kartel bateko buru baten istorioa kontatzen du; musikala, drama, thrillerra eta melodrama nahasten ditu filmak.

'Emilia Perez' filmeko irudi bat. BERRIA
'Emilia Perez' filmeko irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko abenduaren 4a
05:05
Entzun

'emilia pérez'

Zuzendaria: Jacques Audiard. Gidoilaria: Jacques Audiard. Aktoreak: Karla Sofia Gascon, Zoe Saldana, Selena Gomez. Argazkia: Paul Guilhaume. Generoa: musikala. Urtea: 2024. Iraupena: 130 min. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: abenduaren 5ean estreinatuko da Hegoaldean.

Rita abokatua da. Soldata eskas batengatik gaizkileak defendatu behar ditu, nagusi ustelen esanetara. Emaztea hil duen gizona defendatu behar du hurrena, eta emakumeen aurkako indarkeria estaltzen duen sistemaz nazkatuta dago. Telefono dei bat jasoko du, bizitza aldatuko dion telefono deia. Manitas del Monte dago linearen beste aldean, Mexikoko kartel bateko burua, eta Ritari laguntza eskatzen dio diru askoren truke. Proposamenarekin harriturik, Ritak gizonarekin biltzea onartuko du, eta, buruan zakua jarririk, furgoneta batean sartuko dute, armaz jositako gizonez inguraturik.

Manitas gizon handia da, mehatxagarria. Aurpegia ezkutatzen dion ile luzea du, eta begi azpiko tatuaje bat. Ahots baxuz hitz egiten du, eta bada zerbait haren tonuan aurka egiteko nahia ezabatzen duena. Manitasek beldur ote den galdetzen dio Ritari, ez duela zertan. Eta, ondoren, bere eskaria azaltzen dio: emakume izan nahi du. Urteak daramatza hormonak hartzen, eta zirujau baten laguntza behar du bere gorputza aldatzeko. Abokatuari medikurik onena eta diskretuena bilatzeko eskatzen dio, eta kartel buruaren identitatea ezabatzeaz arduratu dadila. Ez du Manitas gehiago izan nahi; Emilia da bera.

Jacques Audiarden azken filma Cannesko jaialdian aurkeztu zen. Bertan jaso zuen epaimahaiaren saria, eta Adriana Paz, Zoe Saldana, Karla Sofia Gascon eta Selena Gomez aktoreek interpretazio onenaren saria irabazi zuten. Gainera, filma Frantziaren ordezkaria izango da Oscar sarietan, eta Karla Sofía Gasconek, Emilia Perezen larruan, aktorerik onenaren sarirako izendapena jasotzeko aukera duela esaten da.

Emilia Pérez bizitza aldaketa baten istorioa da; biolentziaz beteriko bizitza batetik enpatiaz beteriko bizitza baterako aldaketa. Emakume bezala sozializatzeak identitate berri baterako aukera eskaintzen dio Emiliari, hasiera berri baterako aukera. Audiardek aldaketa horiek filmaren oinarrira eraman ditu, eta zinema generoekin jolastea erabaki du. Horrela, Emilia Pérez drama bat da, musikal bat, thrillerra, telenobela eta tragedia bat. Zinegile frantsesak genero eta estiloekin dantza egiten du, zenbaitetan mugaraino eramanez, baina nolabait funtzionatzen duen proposamen bat sortu du.

Inor hotz uzten ez duen filma da Audiardena, eta kritikak ausardia goraipatu dio. Hala ere, komunikabide ezagunetan kritikak idazten dituztenak zis pertsonak izan ohi dira, eta LGTB komunitatearen zati handi bat haserre agertu da frantsesaren proposamenarekin. Filmaren genero aldaketekin eta egiturarekin liluratuta egon arren, protagonistaren azaleko erretratu bat egin izana aurpegiratzen diote Audiardi, eta zenbaitetan pertsona transen estereotipoetan erori izanaren sentsibilitate eza kritikatu dute.

'Rendez vous avec pol pot' filmeko irudia. BERRIA
Rendez vous avec pol pot filmeko irudi bat. BERRIA

'Rendez-vouz acec pol pot'

Zuzendaria: Rithy Panh. Gidoilariak: Pierre-Erwan Guillaume, Rithy Panh. Liburua: Elizabeth Becker. Aktoreak: Irene Jacob, Grégoire Colin, Cyril Guei. Argazkia: Aymerick Pilarski. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 112 min. Herrialdea: Kanbodia

1978. Duela hiru urtetik hona, Kanbodia Pol Pot eta haren khmer gorrien uztarripean dago. Herrialdea ekonomikoki suntsituta dago, eta bi milioi kanbodiar inguru hil dituzte genozidio batean. Hiru kazetari frantsesek erregimenaren gonbidapena onartuko dute Pol Potekin elkarrizketa esklusibo bat izateko. Baina propagandaren azpian hautematen duten errealitateak eta jasoko duten tratuak nor bere pentsaera aldatzera eramango ditu.

'sumario 3/94'

Zuzendaria: Abel García Roure. Gidoilariak: Abel García Roure, Avelina Prat, Vicente Arlandis Recuerda. Argazkia: Sara Gallego. Generoa: dokumentala. Urtea: 2024. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Espainia

1994. urtea. 18 urteko gazte bat telebistako saio batetik bestera dabil. Han kontatzen du bere aita kartzelan sartu dutela egin ez duen hilketa batengatik. Ibin guardia zibilak adineko emakume baten gorpua aurkitu zuen, haien bizilaguna, eta Vicenteren aitari ia 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Aita espetxetik irtetean, Vicentek bere aita kondenatu zutenean filmatzen hasi zen bideo-zintak berreskuratuko ditu, eta kasuaren sumarioan sartzea lortuko du: historiaz jabetzea eta aitari bere ahotsa entzuteko aukera ematea erabakiko du.

'crowra'

Zuzendariak: João Salaviza, Renée Nader Messora. Gidoilariak: Henrique Ihjac Kraho, Renée Nader Messora, João Salaviza, Ilda Patpro Kraho, Francisco Hyjno Kraho. Aktoreak: Francisco Hyjno Kraho, Ilda Patpro Kraho, Luzia Cruwakwyj Kraho. Argazkia: Renee Nader Messora. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 123 min. Herrialdea: Brasil

Patpro haurraren begiradatik, istorioak haren herri indigenaren historiaren hiru aldi zeharkatuko ditu, Brasilgo oihanaren bihotzean. Etengabe jazarrita, baina antzinako errituek, naturarekiko maitasunak eta askatasuna babesteko borrokak gidatuta, krahotarrek erresistentzia modu berriak asmatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.