«Bihur gaitezen ura/ mugi bitez errotak». Hala dio Hara taldearen Errotak kantak. Entsegu batean oharkabean sortu zen abestia, eta izenburua eman dio Ondarroako taldearen bigarren lanari. Taldearen eta diskoaren arima biltzen da bertan. Ura galgatu ez dadin higitu beharreko palankak; horiek dira errotak. «Mugimenduen eta geldiuneen arteko talkan aldatu nahi ditugun gauza horien guztien metafora». Horrela laburbildu du Jon Kirru Iparragirre abeslari eta gitarra jotzaileak diskoaren izenburua. Bera da taldearen sorreratik gaurdaino iraun duen bakarra.
Aldaketak nabari dira taldearen ibilbidean. Orain bi urte luze jaio zen taldea 2016ko martxoan—, eta, ibilbide motza izan arren, joan-etorri ugari izan ditu hirukoteak. Julen de Diego Arrizabalaga eta Gorka Ruiz Etxanorekin batera grabatu zuen lehen diskoa Kirruk. Orain, berriz, Aitor Lazkanok eta Mikel Arrietak hartu dute Ruiz eta De Diegoren lekukoa.
Aldaketak aldaketa, taldearen «arima sortzailea» mantendu nahi izan dute. Ikuspegi intimo eta subjektibotik, eguneroko gaiak jorratzen dituzte. Urtebete atzera kaleratutako lanaren jarraipena da, baina bilakaera erakusten du. Taldearen osaketa ez da, ordea, bigarren diskoak dakarren berrikuntza bakarra. Musika estiloan ere eraldaketa antzeman daiteke. Jatorriz pop estiloari heldu zioten estreinako lanean. Oraingoan, pluralagoak dira doinuak. 90eko hamarkadako «rock irekia» oinarri hartu, eta beste hainbat musika motaren zertzeladak nabari dira: hardcorea, metala, punka, stonerra... Estilo horiek musika gogor eta zaratatsua ekar dezakete gogora. Ez, aldiz, Hararen kantek. Entzuleari lasaitasuna igortzen diote doinuek, eta hitz intimoetan murgiltzeko aukera eman.
Hitzen eta musikaren baturaz, «emozioa» piztu nahi dute musikariek: «Hitz askok eguneroko bizitzako gertakariak dituzte abiapuntu, ikuspegi subjektibo batetik». Leire Urrutiaren azalak borobiltzen du ideia. Aurrenekoan ez bezala, apaindurak albobatera uzteko hautua egin dute. «Lehen diskotik garapenadago. Sinpletasunera jo dugu. Oinarrira joan gara, abestien arimara. Indar handiagoa dute abestiek orain».
Zortzi abesti ditu bigarren diskoak, lehenbizikoak baino bat gehiago. Taldekideek azaldu dutenez, hasiera batean hamabik osatu behar zuten diskoa. Bukaerarako, berriz, bost pieza geratu dira jatorrizko zerrendatik. Grabatu aurreko azken asteetan idatzi zituzten taldekideek beste hirurak. Hala ere, diskoan sartzea erabaki zuten: «Arriskatu egin ginen. Abestiak borobildu gabe zeuden oraindik, baina estudiora eraman nahi izan genuen abestiek duten emozioa».
Aurkezpena, zuzenean
Lana atzo aurkeztu arren, bi aste itxaron beharko dute entzuleek taldearen zuzenekoaz gozatzeko. Azaroaren 2an igoko dira oholtzara lehenengoz, Zarautzen (Gipuzkoa). Putzuzulo gaztetxearen urteurren ekitaldian egingo du hirukoteak diskoaren aurkezpen kontzertua, Optika taldearekin batera.
Beste bi data ere iragarri dituzte dagoeneko: azaroaren 24an etxean joko dute, Ondarroan; eta abenduan, berriz, kontzertu garrantzitsua dute Durangoko Azokan. Hain zuzen, Ahotsenean emango dute kontzertua. Gogotsu agertu dira zuzenekoei begira: «Gure asmoa entzuleei energia eta emozioa transmititzea da».
Aldaketaz beteriko doinuak
Hara taldeak 'Errotak' bigarren diskoa kaleratu berri du. Zarauzko Putzuzulo gaztetxearen urteurrenean emango dute aurkezpen kontzertua, azaroaren 2an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu