Aldaketa giroari dagokion finala

Larunbatean jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Donostiako Illunben. Aurkezpenean esan dute finaleko zortzikotea bertsolaritzak azken urteetan izandako aldaketen isla izan daitekeela

2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapalketako finalistak, atzo. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Uste dut aldaketak prozesu bat izaten direla, eta, prozesu guztiek bezala, izaten dituztela beraien gorabeherak. Txapelketa honetan asko aipatu da final parekidearena, eta ez nuke esango finala parekidea denik, txapelketa ez delako izan. Gauza askok eragiten du hor, eta finalean ikusiko dugu gero. Baina sentsazioa daukat saiotik saiora alde handia egon dela publikoari,bertsolari taldeari eta gaietan kokatzeko moduari dagokionez. Aurten gertatu dira orain dela lau urte seguru asko gertatu ez ziren gauzak, eta uste dut badirela osagaiak finalean bertan ere gertatzeko. Uste dut duela lau urte hau ez zela posible, eta aurten badela». Beñat Gaztelumendi Arandiak esan zituen hitzok, atzo, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala aurkeztean. 2015eko sariketa irabazi ostean, berea da txapela, behinik behin, larunbatera arte.

Txapela berretsi nahi izatearen presioa sentitzen duen galdeginda, ez doala ezer berrestera argitu zuen bertsolariak. Leku ezberdin batetik kantatu nahi luke finalean: «Uste dut lau urte hauetan gizartea eta bertsolaritza dezente aldatu direla. Ni ere ez nago duela lau urte nengoen leku berean, eta orain nagoen leku horretatik kantatzera joango naiz larunbatean. Hamabost bertso kantatuko ditugu, puntuagarriak, eta bertso bakoitza aukera bgisa hartuko dut. Denak aprobetxatzen saiatuko naiz; hortik aurrerakoa ez dago nire esku».

Gaztelumendirekin batera, beste zazpi bertsolari ariko dira kantuan Donostiako Illunben: Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Iguaran Barandiaran, Ane Labaka Maioz, Agin Laburu Rezola, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria eta Alaia Martin Etxebeste. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia izan zituzten atzo lagun Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian, eta batik bat ideia bat nabarmendu zuen Jauregik: «Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bere aldaera guztietan, mugimendu zabal, emankor eta bizi baten erakusle da. Izan ere, txapelketa finala baino askoz gehiago da; bertsolaritza txapelketa bat baino askoz gehiago den moduan. Bide luzea, polita eta oso aberasgarria da denok elkarrekin egin duguna. Eta hori errematatzera dator datorren larunbateko finala».

Hirugarrenez jarraian egongo da Laburu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Eta finaleko argazkia ikusita, bere burua «nahiko desberdin» sumatzen duela aipatu zuen: «Ikusten dut zein zortzikote gelditu garen, eta, estiloari dagokionez, nahiko desberdina naizela ikusten dut. Nire helburu nagusia izango da erakustea: 'Begira, Aginek horrela egiten du bertsotan'. Hortik aurrerakoak, ondorio izan daitezela».

Martinek ere badaki final bat zer den. Hirugarrena izango du larunbatekoa, baina, aurrekoen aldean, azaldu zuen aurten «inoiz baino libreago edo kontzienteago» sumatu duela bere burua. «Plazan hartzen ditudan lizentzia edo intuizio bide horiei jaramon gehiago egin diet. Zentzu horretan, ez daukat neure burua zentsuratzeko asmo handirik. Uste dut talde eder askoa daukagula final eder bat egiteko, eta zorrotz eta umoretsu kantatzen saiatuko naiz».

Iguaranek 2015eko finalean kantatu zuen aurrenekoz, eta horrek plazarako atea nolabait ireki ziola azaldu zuen atzokoan: «Duela lau urte bertsotan dezente jardunak ginen, plazan hainbeste ez jardun arren, eta horren erakusgarri ere izan daitezke finalean ikusiko ditugun hiru aurpegi berriak; finalean lehen aldiz kantatu arren, bertsotan ibili direlako oparo. Nahiko final eskarmentatua iruditzen zait zentzu horretan. Nik azken lau urteak pribilegio handi bat balitz bezala bizi izan ditut. Gustatuko litzaidake plazaz plaza jaso dudan horren zati txiki bat bertsotan eskaini ahal izatea Illunben». Gaztelumendik aipatutakoaren haritik, txapelketa honetan bertsogintzan bizitzen ari diren aldaketak publikoarengan sentitu dituela ere aipatu zuen Iguaranek: «Entzuteko modu ezberdin bat sumatu dugu. Bereziki, finalerdietan, kontraesanen gaineko gaiak jarri direnetan; zer mezu kantatu diren, zalantzak ikusi dira, txalo hutsak entzun ditugu, une batzuetan isiluneak ere bai... Uste dut eredu ezberdinak ikusten hasi garela gero eta gorago txapelketan, eta gaurko finalisten argazkia ere badela horren erakusgarri txiki-txiki bat».

Larunbatean kantatuko dutenen artean beteranoena da Maia. 35 urte daramatza txapelketetan parte hartzen, baina, Tolosako finalaurrekoa amaitu berritan adierazi zuen bezala, lehenengo aldian bezainbateko ilusioz agertuko da aurten ere. «35 urte pasatu dira, eta oraindik ere hemen nago. Hori niretzat dagoen txapelik handiena da; plazaz plaza nabil, asko disfrutatzen dut gure arte zahar honetan, eta, bai, ilusio berezia egiten dit Gipuzkoako txapelketen aro honetan ere presente egoteak». Eibarko saiora zihoazela, autoan umore giroan, ez zegoela urduri ohartu zen. Lehen aldiz txapelketa batean. Momentu hori ainguratuta iritsi da finalera: «Oso aldarte lasaian».

Hiru aurpegi berri

Labaka, Elustondo eta Lizaso izango dira lehen aldiz finalean kantatuko duten bertsolariak. Horrek larunbatera «ilusio handi-handiarekin» joatea dakarkiola aipatu zuen Labakak. «Pozik nago momentu honetan iristearekin, esperientzia pilatu horrekin eta aurreko txapelketetan izan ez nezakeen heldutasun puntu batekin iristen naizela uste dudalako». Erantsi zuen, dena den, txapelketa «balidazio sistema bakarra» bihurtzen dela maiz, eta horrek zalantza asko sortzen dizkiola. «Nik, halabeharrez, bestelako zirrikitu batzuk bilatu behar izan ditut, sortu ere bai momentu batzuetan. Nahiko nuke finaleko saiora joatea beste bide horietara joan naizen ilusio berarekin, beste horiek bezainbat zukutzeko asmoz».

Arrasateko saioaren ostean, finalean kantatzeko aukerarik izango ez zuelakoan zegoen Elustondo, Whatsapp bidez finalista izango zela jakin zuen arte. Aurreko txapelketa batzuetan, solte hartuta, saio hobeak egin izan dituela sentitzen duela kontatu zuen atzo; aurten, baina, «erregularrago» sumatu duela bere burua. «Aurrekoan ateetan geratu nintzen, eta badut sentsazioa aurten segur aski astroak ere lerrokatu egin zaizkidala».

Eta zortzigarren, Lizaso. Hunkituta hartu zuen finalerako sailkatu izana Tolosako saioan. Ordurako esana zuen txapelketa uzteko asmotan zebilela, eta ideia oraindik buruan dabilkiola berretsi zuen atzokoan. «Aurreko txapelketetan langa jo ote nuen zen nire kezka, eta orain bai jo dudala. Ez dut esango ez dudala gehiago parte hartuko, baina finala aurrera jarraitzeko pizgarria izango den ere, ez dakit».

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aurreko astean jakinarazi zuenez, Xabier Gaztelumendi Lopetegik jantziko dio txapela 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari. «Urte luzeetan elkartean borondatez egindako lan isila» eskertuko diote horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.