Begiratu, irakurtzeko. Begiratu irudiei, eta mundu bat irakurri, irakurri norbait, irakurri zerbait. Eta testurik bada, hura ere irakurri, baina ez irudia ulertzeko, ezpada hura auzitan jartzeko, osatzeko. Horra album batek irakurle bati eskaintzeko daukan dena. Zenbait adituren esanetan, hura da euskal letretan azken bi-hiru hamarkadetan egon den berrikuntza nabarmenetako bat.
«Zergatik gustatzen zaizkidan hainbeste? Esango nuke beste irakurketa mota bat topatzen dudalako». Miriam Luki idazle eta Galtzagorriko kidearekin elkartuz gero, litekeena da oso albumen bat aldean eramatea; aspalditik da haien irakurle itsua. «Gehien liluratu nautenetan, bi kodeen —hitzaren eta irudiaren— uztartze perfektua aurkitu dut, geruzaz betetako istorio bat kontatzeko. Batzuk —nire faboritoak— hitzik gabekoak dira, baina ez dira inoiz mutuak». Beste gauza askoren artean, «begiak ere alfabetatu» egin daitezkeela konturatzeko balio izan diote hari albumek. «Hainbeste irudiren mundu honetan, irudiak irakurtzeko nahiko hankamotz ikusten nituen nik nire begiak, eta, albumekin trebatu ahala... irakurketa kontaezinak aurkitu ditut».
Album bat zerk egiten duen album, Lukik aipatutako bi kodeen batura jartzen dute aditu guztiek definizioaren muinean —nahiz eta hitza, askotan, ez egon—. Maurice Sendak ilustratzaile jada klasikoaren irudiko, esaterako, album bat, batez ere, osotasun bat da, batasun bat, zeinari testuaren eta ilustrazioen arteko josturak nabari ezin dakizkiokeen.
«Euskal literaturan orain dela hogei urte pasa egon zen berrikuntza nabarmenena emakumezkoen igoera izan zen. Ondoren, gauza berritzaileena albuma izan da»
XABIER ETXANIZEHUko ikertzaile eta kritikaria
Osotasun bat, non liburuaren dimentsio fisikoa ere inportantea den, Lukik dioenez. «Azalak, tamainak, babes orriek… denak kontatzen du. Txalapartak atera duen Hemendik ez pasa albumak, adibidez, Krabelinen Iraultzaz dihardu —hori jakin gabe ere, irakurketa pila bat ditu—, eta egileek erdiko pliegoa erabiltzen dute; iraultza egin arte, pertsonaiak ez dira hasten beste orrialdera pasatzen». Fikzioaz harago doan esparru bat dela ere azpimarratu du: «Galtzagorrin ikusi dugu benetan mundu ikaragarri bat dela, gurera iristen hasi dena».
25 urteko ekosistema
Xabier Etxaniz eta Karla Fernandez de Ganboa Vazquez ikerlariek albumari aurrez jarri gabeko arreta jarri diote berriki argitalpen batekin: Egungo euskal albuma (EHU). Euskal literaturan generoak izan duen garapena aztertu, generoaren nolakotasunean sakondu, eta azken bizpahiru hamarkadetan «iraultza» bat gertatu dela erakusten saiatu dira hartan. Etxaniz: «Nire ustez, oso maskulinoa zen gure euskal literaturan orain dela hogei urte pasa egon zen berrikuntza nabarmenena emakumezkoen igoera izan zen. Horren ondoren nik ikusi dudan gauza berritzaileena albuma izan da».
«Haurrak ez dauzka erresistentziak irudiarekiko, eta batzuetan ostu egiten diogu esploratzeko aukera. ‘Ez dute ulertuko’ esaten dugu, baina ez nago ados; dagokiena ulertuko dute»MIRIAM LUKIIdazlea eta Galtzagorriko kidea
Euskal literaturan, azken 25 urteetan gertatu den ugaltze eta finkatze bat izan da albumarena, haren ustetan. «1980ko hamarkada hasieran, apustu oso bat egon zen kalitatezko liburuak egiteko, eta pisuzko ilustratzaileak zeuden orduan ere —Asun Balzola, Jon Zabaleta, Antton Olariaga…—, baina orduko lanak ez ziren albumak, testuari laguntzen zioten irudiak zituzten liburuak baizik. Ia denak ziren liburu ilustratuak eta itzulitako lanak».
Albumen ugaritzearen atzean, bi «une garrantzitsu» ikusten ditu Etxanizek: Kalandra-Pamielaren arteko elkarlana eta Etxepare sariaren sorrera.
Galiziako argitaletxe Kalandraka izan baitzen nazioarteko zenbait album euskarara ekartzen aitzindaria. Koldo Izagirreren itzulpenekin eman zituen estreinako hiru lanak: Nola dastatu ilargia? (Michael Grejniec, 1999), Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa (Werner Holzwarth, Wolf Erlbruch, 1999) eta Piztiak bizi diren lekuan (Maurice Sendak, 2000) klasikoa. Pamielarekin 2005etik aurrera hasi ziren elkarlanean, artean nahiko ezezaguna zenean, Carmen Elvira Pamielako editoreak oroitu duenez: «Munduan lantzen zen, baina gurean formatu berri bat zen oraindik».
Ordutik hona, 200 album baino gehiago plazaratu dituzte elkarrekin, tartean nazioarteko hainbat egile puntakoren lanak: Anthony Browne, Eril Carle, Leo Lionni, Adela Turin, eta besterenak. Elviraren esanetan, euskarazko merkatuaren neurria eta albumen inprimatzeak duen prezio garestia kontuan izanda, soilik koedizioaren bitartez izan da posible hori —hala egiten dute beste zenbaitzuek ere, Txalapartak eta Oqok, esaterako—.
Nazioarteko lanak ekartzearekin batera, baina, «produkzio propioa» bultzatzearen garrantzia ere aipatu du Elvirak, eta Etxepare saria mugarritzat jo du hark ere. Galtzagorrik eta Nafarroako Gobernuak sustatzen duten albumak lantzeko diru laguntza bat da, eta Pamielak plazaratzen ditu lan sarituak. Berriena, Maite Rosenderen eta Nerea Ariznabarretaren Mamuki albuma. Elvirarentzat, ordea, sariketaren inguruan sortzen den mugimendua da aipagarriena. «Funtzio oso garrantzitsua betetzen du. Sortzaileak elkartzen ditu, eta sarituak izan ez diren lanak beste argitaletxe batzuetan ere joaten dira ateratzen».
Peru Abarka sariketa, Bikoteka tailerra, argitaletxe gehiago apustua egiten hastea… albumaren inguruko ekosistema are gehiago aberastuz joan da azken urteetan, eta Etxanizentzat euskal egileen artean ere «albumak lantzeko kalitatezko sortzaileak daudela» erakutsi du horrek.
Erlazionatuta
«Ona bada, denontzat da ona»
«Albumak ez du adinik», esan du aldez aurretik Elvirak, eta, harekin bat etorrita, Lukik gogorarazi du haur literaturak literaturari eman dion berezko generoa dela albumarena. Badira zuzenean helduentzako liburuen artean erakutsi ohi direnak —Klak (Maite Gurrutxaga, Elkar, 2022) eta Atzamarra (Asun Agiriano eta Marina Garcia, Elkar, 2022), kasurako—, eta Lukik ere gidatzen dituen helduen irakurle taldeetara eraman ohi ditu —«esperientzia ederrak izan ditut»—; hala ere, gehiago dira zuzenean haur literaturaren barruan sartu ohi direnak.
«Aspaldi honetan liburu-botika eskatzen da asko. 'Nahi dut liburu bat umearen kasketak lantzeko, zeloak lantzeko'… Baina liburuak ez dira erremedioak bilatzeko»CARMEN ELVIRAPamielako editorea
Eta haurrentzako liburuak helduek aukeratzen dituztenean, maiz gertatu ohi da helduei haurrentzat «letra gutxiegi» dutela iruditzea, Lukik zein Elvirak hainbatetan ikusi izan dutenez. Hitzek eman lezaketen segurtasun hori, edonola ere, helduaren kontua dela argi dute. «Haurrak ez dauzka erresistentzia horiek irudiarekiko, eta batzuetan ostu egiten diogu esploratzeko aukera. Nik uste dut askotan ez diogula nahikoa errespetu haien inteligentziari. ‘Ez dute ulertuko’ esaten dugu, baina ez nago ados; iruditzen zait dagokiena ulertuko dutela», esan du Galtzagorriko kideak.
Elvirak oroitu du albumak merkaturatzen hasi zirenean hasierak «konplikatuak» izan zirela, eta formazio lana egin behar izan zela haurren eta liburuen artean aritzen diren bitartekariekin, izan guraso, irakasle zein liburuzain. «Ez zen ulertzen nola irakurri behar ziren liburu hauek». Egun ere ikusten du premia, ordea: «Ezagutzen direnean, berehala ikusten da zer baliagarriak diren. Baina sumatzen dut hezkuntzan pixka bat utzia dutela».
Utzita albumen mundua, baina utzi antzean irakurketa bera ere, Elviraren ustetan: «Denok daukagu kezka alde horretatik: gero eta gutxiago irakurtzen da».
«Liburu-botikak» ez bezala
Editorearentzat, albumak «artelanak» dira. Irakurketa tematiko eta argumentalaz gaindi egiten dutenak; formen eta lengoaiaren jolasari adiago daudenak; irakurketa kritikorako tresnak eskaintzen dituztenak. «Gozatzeko liburuak dira, hasteko», nabarmendu du. «Gertatzen dena da aspaldi honetan liburu-botika eskatzen dela asko. 'Nahi dut liburu bat umearen kasketak lantzeko, liburu bat zeloak lantzeko, sentimenduak lantzeko'… Baina liburuak ez dira erremedioak bilatzeko». Are gehiago esan du: «Sentimenduak landu nahi badira haur batekin, agian harekin egon behar da. Gaur egun pantailek okupatzen dute haur eta gazteen denbora asko eta asko, eta albumak ez dira umeari eman eta harekin uzteko. Landu egin behar dira, hor egotea exijitzen dute».
«Beti ertzean geratzen da, baina gaurko literaturako punta-puntako lan asko hemen ari dira sortzen» MIRIAM LUKIIdazlea eta Galtzagorriko kidea
Irakurleari ez ezik, sortzaileari albumen irakurketa ezinbestez pausatuagoak eskaini diezaiokeena ere nabarmendu du Lukik. «Ni, idazten ari nintzela, keinuekin-eta obsesionatuta egon nintzen eta albumetatik pila bat edan nuen. Hitzik gabekoetan, adibidez, oso argi ikusten duzu keinu batekin dena esan daitekeela. Eta ez dela dena esan behar ere, hori asko gustatzen zait albumetatik; ikusten duzu esaten ez duzun horretan ere kabitzen dela esan nahi duzun hori».
Etxanizek ez du zalantzarik: «Albuma izan da euskarazko haur eta gazte literaturan azken bi hamarkadetan gehien eboluzionatu duen arloa». Eta haren aldeko erreibindikazio bat ere egin du Lukik, bidenabar. «Beti ertzean geratzen da, baina gaurko literaturako punta-puntako lan asko hemen ari dira sortzen».