Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Album bikoitzak

2024ko apirilaren 28a
05:15
Entzun

Taylor Swiftek album bikoitz bat kaleratu berri du, sorpresiboki, baina horrek ez du esan nahi egun album bikoitzek ere zimiteriorako bidea hartu ez dutenik, garai batean ohikoagoak izan arren. Lehenik eta behin, CDaren iritsierak ez zituen horren beharrezkoak egin: binilozko bikoitz asko konpaktu bakarrean sartzen ziren, eta, izan ere, CDaren iraultzak eduki zuen ondorio paradoxikoetako bat lan diskografiko berrien luzapena izan zen; minutu gehiago bete ahal zirenez, egileek, proiektu berriei ekitean, estudioetatik musika gehiagorekin ateratzeko ohitura hartu zuten (zeinarekin disko bikoitzak egiten ari baitziren de facto, CDaren nagusigoaren aroko lanen binilozko oraingo berrargitarapenek erakusten duten bezala). Eta, bigarrenik, egungo itzulerak kanta soilaren formatura (singlera, alegia) albuma hiltzen ari bada, entzunaldiaren unitate nagusi gisa… nola ez du album bikoitza (are gehiago) baztertuko? Formatu hori, azken finean, biniloarekin erabat lotua sortu zen, lehenengo, 33 bira minutuko diskoetan kabitzen ez ziren konpositore klasikoen sinfoniak eta operak sartu ahal izateko; gero, jazz musikarien zuzeneko luzeenak argitaratzeko; eta, azkenik, produktibitate bolada ikaragarrian murgildutako rock izarren jarioari irteera emateko, eta, zer esanik ez, garapen berezia behar zuten obra kontzeptualak txukun plazaratzeko. Hala, inor ez da harrituko jakiteaz rockaren lehenengo album bikoitza Bob Dylan emankorr(egi)aren Blonde on Blonde izan zela (1966). Oraingoan alde batera utziko ditut zuzeneko bikoitzak eta album (benetan) kontzeptualak, ezaugarri propioak dituztelako (eta gutxienez Zimiterio bana merezi dutelako), eta LP bikoitz normaletan kontzentratuko naiz, egileen gainezka egindako kreatibitatearen lekuko bide direnak. Beste batzuk bururatzen zitzaizkidan (Pentangleren Sweet Child, The Byrdsen(Untitled), Jethro Tullen Living in the Past, Bruce Springsteenen The River, The Smashing Pumpkinsen Mellon Collie and the Infinite Sadness…), baina hauxe nire gaurko aukera.

THE BEATLES

'The Beatles (White Album)'

 Apple, 1968

The Beatles / 'White Album'

Aitorpen bat: beatlezale amorratua izan arren, album zuria estimatzera berandutxo iritsi nintzen, agian nire eskola horren antipodetan zeuden beste bi izan zirelako: A Hard Day’s Night (1964), haien lehenengo etapa txinpartatsuaren epitomea, eta Sgt. Pepper's… (1967), talde kohesionatu gisa aritzeko egin zuten azkeneko ahalegina. Alderatuta, hauxe beti iruditu zitzaidan askotarikoegia, eta ez nion, gaztetan, arreta nahikorik eskaini. Bi kontuk aldarazi zidaten, denborarekin, iritzia: Siouxsie & The Banshees taldeak Dear Prudence-ekin egin zuen bertsio ederra, eta bikotekidearekiko bizikidetza (kutuna du: dena pegatzen da). Eta, ados, disko hau ez da jada banda baten lana, gutxienez lautan zartatzen ari zen batena baizik (grabazioaren une batean, gutxietsita sentitzen zela, Ringo bera, on-puskena, taldetik irten zen... berehala itzuli arren). Baina are bakoitzak bere aldetik, kanta handiak entregatzen jarraitu zuten: The Beach Boysen pastitxe ironikoa den Back In The USSR, While My Guitar Gently Weeps (Harrisoni ateratzen zioten etekin txikiegiaren enegarren froga),I Will eta Julia (zentzu ezberdinetan nostalgikoak), Helter Skelter gogorra, 1970eko hamarkada alde askotatik iragartzen duen Revolution 1… Beatlesen alde eta aldi guztiak biltzen dituen diskoa da, psikodeliaren oihartzun batzuk gordetzen dituena, Britainia Handian boladan zegoen bluesaren dosi zehatzak jasotzen dituena (enpagua sortu gabe), eta ondoren etorriko zen back-to-basics-aren lehenengo zantzu argiak eskaintzen dituena. Baina, batez ere, umore handiko diskoa da, ateraldi huts izan zitezkeen kanta asko salbatzen duen zerbait. Salbu eta, noski, Revolution 9: hori saltatuta (horretan CD formatuak asko lagundu du, egia esan), lana perfektua da ia.

THE CLASH

'London Calling' CBS, 1979.

The Clash / 'London Calling'
 

Album hau gabe ere The Clashek bere lekua izango zukeen historian, noski, punk iraultzaren aitzindari nagusienetako bat bezala. Baina benetan handi egin zituena London Calling izan zen, punka alde batera utzi zuten lana. Ados, punkaren izpiritua hor dago, azal ikonikoan, baxua lurraren kontra jotzeko puntuan ageri den Paul Simononekin. Eta diskoa, bikoitza izanda ere, bakarraren prezioan salmentan jartzera behartu zutelako CBS ahalguztiduna. Musika, ordea, mundu berri batera begira dago. Hasierak, hots, London Calling-ek, despistatzen du pixka bat, bere oihartzun aldarrikatzaile epikoarekin, punkaren aldean jarraitzen dugula pentsarazten digulako. Baina hurrengoak, Brand New Cadillac rock-and-roll klasikoak, beste eremu batean gaudela adierazten digu, eta Jimmy Jazz jostarian murgiltzen garenerako, ez dakigu jada zein zoru zapaltzen dugun. Poparen iraganaren eta, batez ere, etorkizunaren entziklopedia/koktelera bat delako disko bikoitz hau: badaude reggaea eta ska noski, popean ondo bustita (Revolution Rock, Rudie Can’t Fail, The Right Profile, Wrong’Em Boyo, eta The Guns of Brixton, kutun bat, zeinetan reggaea post-punkarekin gurutzatzen baita), new waveko pop petoa (Lost In The Supermarket, Lover’s Rock, edo Spanish Bombs irri-emangarria eta, halere, hunkigarria), hard rocka (Clampdown), soul-popa (Train In Vain)…  Hots, denetik. Hurrengo hamarkadetan mundu mendebaldar zurian egingo den mestizajearen erdia hemendik sortuko da, zorionez, eta, batzuetan, baita zoritxarrez ere, Euskal Herrian jasan behar izan dugun musika baldar tronpetero mordo batek erakutsi digun bezala. Baina hori, zer esanik, ez da Joe Strummer, Mick Jones eta konpainiaren errua.

THE CURE

'Kiss Me, Kiss Me, Kiss Me' Fiction, 1987.

The Cure / 'Kiss Me Kiss Me Kiss Me'
 

Bitxia da The Cureren kasua: nola iritsi ziren, pixkanaka, kultuzko abiapuntu batetik, rock munduko talde handienetako bat izatera. Aurrerako jauzi hori hor nonbait eman zuten, 1980ko hamarkadaren amaieraren eta 1990ekoaren hasieraren artean, Disintegration albumaren iluntasunaren (1989) eta Friday I’m in Love singlearen optimismo jauzikariaren (1992) artean. Baina seinaleak nonahi aurki zitezkeen, eta inon baino gehiago Kiss Me, Kiss Me, Kiss Me honetan, taldearen orduko emankortasun izugarriaren lekuko. Ordura arte, nolabait, bi aurpegi garatu zituen Robert Smithen taldeak: gotiko-siniestroa eta popero-arina. Baina beti album diferenteetan egiten zuten hori. Bada, album honek alde guztiak nahasten ditu. Argi dago zein izan zen apustua merkatua konkistatzeko, diskotik ateratako singleek alde pop atseginena esplotatzen baitzuten: Hot Hot Hot!!! dantzagarria (Talking Headsena izan zitekeen ia), Catch delikatua (zeinetan dream popera hurbiltzen baitira), Just Like Heaven boteretsua, eta, ororen gainetik, Why Can’t I Be You alaia; maitasuna eta sexua, zuzen eta konplikaziorik gabe, pop musikaren esentzia. Baina horrekin batera, nahastuta, iluntasuna, The Kiss hasierako kantaren sarrera luzetik iragartzen den bezala: Torture (izenburuak ez du dudarako lekurik uzten), If Only Tonight We Could Sleep (heriotzaren gaia beti bueltaka), Snakepit, One More Time… Taldearen inplikazioa handia izan zen, guztiek parte hartu baitzuten, nahiko demokratikoki, musikaren konposizioan, eta Robert Smithen ohiko diktadura hitzetara mugatu zen. Norbaitek The Cure bere osotasunean zer den dastatu nahi badu, greatest hits batera jo gabe, hau du, zalantzarik gabe, aukera eskuragarri eta zabalena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.