Donostiako 72. Zinemaldia

Albo ondorio den erromantizismoa

John Crowleyren 'We Live in Time' filmak itxi ditu Sail Ofizialeko emanaldiak. Andrew Garfield eta Florence Pugh protagonista dituen lana lehiaz kanpo erakutsi dute.

John Crowley eta Andrew Garfield, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
John Crowley eta Andrew Garfield, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko irailaren 28a
17:11
Entzun

Bikote baten maitasun istorioa gorpuztu dute Andrew Garfield eta Florence Pugh aktoreek We Live in Time lanean. Baina John Crowley zuzendariak zehaztu du bere asmoa ez dela izan istorio erromantiko bat sortzea, baizik eta bizitzaren eta heriotzaren inguruko film bat ontzea. «Ez nuen film erromantiko bat egin nahi, egiazkoa eta errealista zen zerbait baizik. Erromantikoa da, eta oso gogoko dut hori, baina Andrewren eta Florenceren artean dagoen kimikagatik izan da; niretzat bigarren mailako ondorio loriatsu bat da hori». Lehiaz kanpo erakutsi dute gaur zuzendari irlandarraren filma, eta hark eman dio itxiera Donostiako 72. Zinemaldiko Sail Ofizialari.

«Istorio erabat soila» da filmak kontatzen duena, zuzendariaren hitzetan: «Mutil batek neska bat ezagutzen du, maitemindu egiten dira, elkarrekin bizimodu bat eraikitzen saiatzen dira, haur bat jaiotzen da, eta amaierara iristen dira». Hamarkada batez elkarrekin bizi ondoren, egia zail bati aurre egin beharko dio bikoteak. Eta zinemagilearen ustez, bi aktoreen interpretazioak eman dio istorioari behar zuen «logika emozionala».

«Ez nuen film erromantiko bat egin nahi, egiazkoa eta errealista zen zerbait baizik. Erromantikoa da Andrewren [Garfielden] eta Florenceren [Pughen] artean dagoen kimikagatik»

JOHN CROWLEYZinema zuzendaria

Pugh ez da Donostian izan, Zeelanda Berrian lanean ari baita egunotan, baina Garfield zuzendariaren alboan izan da filmaren aurkezpenean, eta aitortu du irakaspen ugari ekarri dizkiola filmean lan egiteak. Tartean, «izugarri handia» dela «osotasunez, esanahiz, gozamenez eta maitasunez betetako bizitza bat» bizitzearen kostua. «Beti ahazten zait, eta etengabe gogorarazi behar diot neure buruari. Ezin duzu iluntasuna baztertu argira iristeko, iluntasunaren eta sakontasunaren bidez baino ezin baitzara hara iritsi».

Gidoiaren indarra

Nick Paynek sinatu du filmaren gidoia, zeina hiru ataletan banatuta dagoen. Horrek, zuzendariaren iritziz, bikotearen harremana «alderdi askotatik behatzeko aukera» ematen dio ikusleari, baita «harreman konplexu baten kontakizun osoa» izatekoa ere. Garfieldek ere goraipatu du gidoia: «Zuzendariak eta aktoreok zerbait sortzeko tartea uzten du Paynek bere idazketan. Oinarri sendoak eman zizkigun hegan egin genezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.