Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Albini

2024ko maiatzaren 19a
05:15
Entzun

Steve Albini ez zen institutuko mutil popularrena izan. Garai hartan punk-rockak salbatu zuela esan izan zuen, eta gero bera izan zen gitarrarekin zarata ateratzen hasi zena, beste inork egin ez duen era batean, gainera. Big Black, Rapeman edo Shellac entzun baduzue inoiz, badakizue zertaz ari naizen: soken ordez txarrantxak astintzen zituela dirudi.

Bere mihia ere ez zen askoz ere aratzagoa. Kontzertuak «one, two, fuck you!» leloarekin hasten zituen, multinazionalen deiak eskegitzen. Letretan ohikoa zuen probokazioa, mugak gainditzeko gogoa: diskurtso homofobo eta arrazistak topa daitezke bere 80ko hamarkadako obran. Zioenez, entzuleak ez zituelako ergeltzat hartzen eta ulertuko zutelako nondik ari zen.

Hil ostean, grabatu zituen diskoak nabarmendu dituzte komunikabide nagusiek: Nirvana, PJ Harvey eta Pixies taldeenak nagusiki. Ulergarria da, baina, uste dut hautaketa ez dela aski haren lanaren dimentsioaz jabetzeko. Albini ez zen zorte pixka batekin disko esanguratsuak grabatu zituen gizon bat izan, azken berrogei urteotako rockean erabateko eragina izan zuen erreferente bat baizik. Harekin grabatu zuten Neurosis, The Jesus Lizard, Low, Slint, Joanna Newsom, Dirty Three, The Ex, Helmet, Sunn O))) eta Will Oldhamek, besteak beste. Entzun duzun rockak Steve Albiniren eragina du, zure musikari gustukoenek entzun dute bere musika, hark ekoitzitakoa, baita hark esana ere. «Iturgin bati bezala ordain diezadazuen nahi dut», eskatu zien Nirvanakoei, eta ez zuen Nevermind grabatzetik zetorren taldearen disko berriko royaltyrik jaso nahi izan. Ez ei zen etikoa.

Steve Albini
Steve Albini, joan den urtean, Guadalajaran (Mexiko). FRANCISCO GUASCO / EFE

Azken urteak pokerrean jokatzen eta berarengana jotzen zuten taldeak grabatzen pasatu zituen Steve Albinik. Sare sozialetan ere aritzen zen. «Bizitza gogorra da, ez dago zertan gogorragoa egin. Munduko lanik errazena duen gizon zuri heterosexual bat naiz, izango ahal naiz ba besteei toki bat egiteko gai». Transfoboen kontra jarduten zuen, anti-woke kultura salatzen zuen, gaztetako hanka sartzeak aitzakiarik gabe onartu zituen. Utzitako ondare musikal itzelaz harago, galtzaile ozpin bat era duinean zahartu daitekeela irakatsi zigun, gizon haserretuek izorra hadi nori esan oso garbi ez duten garai batean. Ez da gutxi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.