«Ziur zaude filmerako musika behar duzula?». Alberto Iglesias musikagileak (Donostia, 1955)galdera bera egiten die film zuzendariei musika bat sortzeko eskaera jasotzen duen aldiro. «Niretzat musikak eragin nabarmena du filmean, eta, horregatik, beharrizan batetik abiatu behar dut sortzen hasteko. Egoera horrek ikuspegi eraikitzaileagoa ematen dit nire jardunean». Hainbat filmetako musika sortu du Iglesiasek azken hamarkadetan, eta haren ibilbidea aitortu nahi izan du Bilboko 59. Zinebik, Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Horregatik, Ohorezko Mikeldia eman zioten atzo, festibalaren inaugurazio ekitaldian.
Jasotzen duen sari bakoitza aitortza bat da Iglesiasentzat; bere lanari baino gehiago, sektoreari egiten zaion onespena, alegia. «Zinemagintzan musikak duen garrantzia azpimarratzen dute halako sariek, eta asko eskertzen ditut horregatik. Izan ere, askotan nabarmentzen ez den arren, musikak balio narratibo handia du filmetan. Pelikulakikusten ditugunean oharkabean igarotzen den arloa da gurea, baina, era berean, oinarrizkoa da».
Aldarrikapen kutsua izan dute sortzailearen hitzek. «Filmetarako sortzen den musika ez da bigarren mailakoa; kontrara, pelikulek helarazi nahi duten mezuaren erdigunera iristen da». Adibidea ere jarri du. «Ikusleek pelikula bat oroitzendutenean, musika etortzenzaie gogora, inkontzienteki. Nahiz eta hura ikusi zutenean, musika oharkabean pasatu zitzaien».
Aurten egin behar zituen lanak bukatuta iritsi da Bilbora Iglesias. Carlos Vermut zinemagile madrildarraren Quien te cantara pelikularen musika sortzen aritu da azken hilabeteetan, eta atsedena hartuko du orain. «Datorren urtean Iciar Bollainek ekoitziko duen pelikulan parte hartuko dut. Balletari buruzkoa da filma, eta interesgarria izango da dantzarako piezak sortzea». Aurrez ere Nacho Duato koreografo kataluniarrarekin egin du lan musikariak, eta, aitortu duenez, gustuko du halako lanak egitea.
Entzunezina den doinua
Alfred Hitchcock zinemagile ingelesaren pelikulek piztu zioten filmetako musikarekiko interesa. Hala aitortu du Iglesiasek. «Hitchcockek sortutako pelikulekin konturatu nintzen musikak istorioen kontakizunetan duen garrantziaz». Paradoxikoa da irudiekin batera entzuten diren doinuekin gertatzen dena. «Ondo elkartzen direnean, keinu eta isiluneek musikarekin bat egiten dutenean, entzunezin bihurtzen da musika». Bada, efektu hori lortzea da, musikagilearen arabera, bere lanaren helburu nagusia.
Sortzeko duen moduagatik galdetuta, egonarria izan du hizpide. «Hutsetik hasten dut lan bakoitza. Horregatik, funtsezkoa da aurretik egin dudana ahaztea, eta piezak sortzean izan behar den pazientzia etengabe presente izatea». Irriz jarraitu du: «Kirolariek entrenamenduak egiten dituzten gisan, prestakuntza psikologikoa egiten dut nik ere».
Donostiako Musika Kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak, eta Francisco Escuderorekin ikasi zituen harmonia eta kontrapuntua. Gero, Parisen egin zituen konposizio ikasketak, eta Bartzelonan osatu zituen. Luzea da Iglesiasek sortutako soinu banden zerrenda. Montxo Armendariz zinemagile nafarrarekin egin zituen lehen urratsak, 1980ko hamarkadan, Paisaje eta Ikusmena film laburrei doinua jarriz.
Atsedenik gabe aritu da ordutik. Besteak beste, Julio Medemen eta Pedro Almodovarren film askotan parte hartu du. Hiru aldiz izan da Oscar saria jasotzeko hautagai: The Constant Gardener filmeko musikarengatik 2005ean, The Kite Runner-en musikarengatik 2008an, eta Tinker Tailor Soldier Spy-rengatik 2011n. Horrez gain, hamar Goya sari ere irabazi ditu.
Atzo abiatu zen Bilboko 59. Zinebi jaialdia, euskal film laburren emanaldiarekin. Guztira62 pelikula izango dira lehian,eta Golem zinemetan egingo dituzte emanaldiak datozen egunetan. Hilaren 17an, ostiralarekin, bukatuko da jaialdia, eta orduan jakinaraziko dute aurtengo Zinebiko film onenak zeintzuk diren.
Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:
www.zinebi.eus
Alberto Iglesias musikagileak jaso du Ohorezko Mikeldi saria
Egindako lanaren aitortza aitortu dio Zinebi film jaialdiak. Musikak pelikuletan duten garrantzia nabarmendu du konpositoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu