Zinema

Albertina Carriri emango diote Zinegoak jaialdiaren Ohorezko Saria

Zinemagile eta ekintzaile argentinarrari emango dio festibalak bere sari nagusia, otsailaren 28an, Bilboko Arriaga antzokian egingo duten inaugurazio ekitaldian.

Albertina Carri zinemagilea. JETMIR IDRIZI / ZINEGOAK
2022ko urtarrilaren 31
11:57
Entzun

Albertina Carri zuzendari eta aktibistaren lanari aitortza egingo dio aurtengo Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, bere sari nagusia hari emanez. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoak nabarmendu duenez, «Hego Amerikako sortzaile belaunaldi berri baten ahotsik nabarmenetariko bat da. Haren lana etengabeko esplorazio bat da, begirada hegemonikotik kanpo geratzen den guztiari ikusgaitasuna emateko, hizkuntza propioen bidez». Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 7ra bitarte egingo dute aurtengo jaialdia, eta Arriaga antzokiak hartuko duen inaugurazio ekitaldian jasoko du aitortza zinemagile argentinarrak.

Carrik ibilbide luzea egina du zinema zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktibista feminista gisa. Buenos Airesko Universidad del Cine fundazioan gidoigintza ikasi zuen, eta hainbat film labur ondu zituen hurrengo urteetan, hala nola Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste (denak 2001ean), Fama (2003), De vuelta (2004) eta Restos (2010), besteak beste. Rotterdam, Londres edo Vienako jaialdietan aukeratutako No quiero volver a casa (2000) bere lehen film luzearen ondoren, Carrik bidaia bat hasi zuen bere guraso Roberto eta Ana Mariaren bila; intelektual eta militante iraultzaileak biak, 1977ko diktadura militarrak bahitu eta desagerrarazi egin zituen, Carrik 4 urte besterik ez zituenean. Bilaketa hori bere ondorengo film luzeetan ere islatu zuen: Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) lanetan.

Hutsunea ulertzeko saio horiekin batera, Carrik sexualitatea ere landu izan du bere zinemagintzan, arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz: besteak beste, Geminis (2005) eta La rabia (2008) filmetan. Nabarmenen Las hijas del fuego (2018) filmean landu zuen sexualitatearen, zinemaren, askatasunaren, politikaren eta feminismoaren arteko lotura.

Zinema lanez gain, Carrik telebistarako saioak ere sortu izan ditu bere ibilbidean. Asterisco LGTBI+ Nazioarteko Zinemaldiaren sortzailea ere izan da.

Ohorezko Saria dela eta, Zinegoak-ek jakinarazi du ziklo berezi bat antolatu duela haren zinematografiari buruz; martxoaren 1etik 4ra bitarte, Carriren hainbat lan proiektatuko dituzte Bilbo Arten. Halaber, otsailaren 27an, inaugurazio ekitaldiaren bezperan, Las hijas del fuego filma proiektatuko dute BBK Aretoan. Solasaldia ere izango da Carrirekin eta Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feministarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.