Albert Serra: «Espainian, erabateko bakardade artistikoan bizi naiz»

Bilboko Zinebi jaialdiak gaur egingo du amaierako ekitaldia, Bilboko Arriaga antzokian, eta Serrak bertan jasoko du Ohorezko Mikeldi saria

Albert Serra zinemagile kataluniarra. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Kazetariek galdetu ea aske eta aitzindari izateak bakardaderik ote dakarren, eta, erantzun aurretik, abiada hartzeko egindako irribarre txikiari eutsiz eman du erantzuna Albert Serra zinemagile kataluniarrak (Banyoles, Katalunia, 1975): «Espainian bakardade erabatekoan bizi naiz; kasik neure buruaz beste egin beharko nuke konpainia faltaren faltaz, baina sekula ez ditut gauzak ikuspegi horretatik planteatu». Haren izena ez dute debalde aipatzen autore zinemaren egungo egile nagusien artean, eta, hogei urte eskaseko ibilbidearekin, ez da kasualitatez izan Cahiers du Cinema aldizkari entzutetsuko azken azaleko aurpegia ere. Dioenez, ikusleari zineman «beste inon» ikusi ezin dituen moduko irudiak eskaintzea du «obsesioa», eta apustu artistiko horregatik eman diote Bilboko Zinebi jaialdiaren Ohorezko Mikeldi saria.

Zinema garaikideko zinemagilerik «esanguratsuenetako bat» da Serra, Vanesa Fernandez Zinebi jaialdiko zuzendariaren hitzetan. Haren ikuspuntu «erradikala» nabarmendu du, lehenik, eta nazioarteko jaialdietan izan duen aitortzaren errepasoa egin du ondoren. 2019an epaimahaiaren sari berezia jaso zuen, Liberté filmarekin, Cannesko Un Certain Regard sailean. 2013an, Urrezko Leopardoa jaso zuen Lokarnoko zinema jaialdian, Historia de la meva mort filmarekin, eta Cannesen ere izan da aurten, Pacifiction filmarekin.

Publikoaren polarizazioaz aritu da zinemagilea sariaren harira Bilbon egindako prentsaurrekoan. Lehenagotik ere bazetorren joera indartu du pandemiak, Serraren hitzetan, eta muturretarantz jo dute ikusleek, komertzialtasunaren eta autore zinemaren arteko erdibideko lanak baztertuta.

Zinema aretoetan ez ezik, arte aretoetan eta museoetan ere erakutsi izan ditu bere filmak, eta, ziurrenik, egunotan Bartzelonako Fabra i Coats aretoan muntatu duten 2012ko Los tres cerditos filma da haren lanik muturrekoena: 110 orduko lan bat. «Beti izan dut bi mundu horiek batzen saiatzeko obsesioa».

Zuzentasun politikoaz

Artearen zirkuituan askatasuna «erabatekoa» dela esan du lehenik Serrak, eta zalantzan jarri du esandakoa berehala. «Baina azken urteetan aspergarri bihurtu da artearen mundua ere: opresiboa da zuzentasun politikoaren presentzia, eta ezinezko bihurtu da hitz egitea». Eta beste ñabardura bat berehala. «Edonola ere, irudi mugimenduduna da gaur egungo arte garaikidean ikus dezakegun alorrik konplexu eta interesgarriena».

Serrak gaur jasoko du Ohorezko Mikeldi saria, Arriaga antzokian, jaialdia amaitzeko ekitaldian. Orduan jakinaraziko dituzte aurtengo lan sarituak ere, eta sari horien alde ekonomikoa ere txalotzekoa dela esan du Serrak. «2006 inguruan, Torinon sari bat lortzeko zortea izan nuen [Honor de cavalleria filmagatik]; 21.000 euro ziren, eta horrek karrera oso bat salbatu zuen une hartan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.