Zinema

Alba Lozanok irabazi du Huhezinemako sari nagusia, 'Utländsk' lanarekin

Maria Muriendas, Jone Arriola, Markel Azpeitia, Aitor Abio eta Diego Fandos ere saritu dituzte jaialdian. Mondragon Unibertsitateak hemezortzigarrenez antolatu du Euskal Film Laburren Jaialdia, Aretxabaletan.

Huhezinema jaialdian sartitutakoak, Aretxabaletan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Huhezinema jaialdian sartitutakoak, Aretxabaletan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Garazi Karrera
2025eko urtarrilaren 24a
22:00
Entzun

Sail Ofizialeko ikus-entzunezko piezak erakutsiz amaitu da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren hemezortzigarren aldia, eta Alba Lozanok eskuratu du sari nagusia, Utländsk lanari esker. Labur horrekin batera, hauek ere proiektatu dituzte: Sonia Estevezen Plazer bat, Jone Arriolaren Hor konpon, Diego Fandosen 29 de febrero, Uxue Botas eta Ane Nafarrateren Komando marmitako, Eneko Muruazabalen Planetagatik, Carlota Galilearen Gure oilarra kanpoan da eta Imanol G. Gurrutxagaren Bidean. Irabazleak 650 euro jaso ditu, eta finalista bakoitzak, berriz, 150.

Era berean, Maria Muriedas eta Aitor Abio ere saritu dituzte. Lehena Niña soñando-Verde Prato lanarekin nabarmendu da, Bideoklipen Sailean, eta 300 euro irabazi ditu. Baita bigarrenak ere, Patrimonio filmarekin Ikasle Sailean gailenduta. Bestalde, Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateak antolatzen duenez jaialdia, bertako ikasleek beste sari bat eskuratzeko aukera izaten dute. Aurten, Markel Azpeitiak irabazi du, Erlojuaren orratzak film laburrari esker. Aitortza horiek guztiak zeini eman erabakitzeko lanetan Aitor Oñederra, Maitane Carballo eta Katti Pochelu epaimahaikideak aritu dira. Ana Goitia aritu da aurkezle sariak banatzeko ekitaldian.

Asteazkenean eman zioten hasiera jaialdiari, eta orotara 29 film labur eman dituzte. Aurten, jaialdiko ikusleen laburrik gustukoena Diego Fandosen 29 de febrero izan da. Horrenbestez, ikusleen saria ez ezik, ehun euro ere eskuratu ditu egileak.

Kolaboratzaileen sariak

Huhezinemara aurkeztutako film labur guztien artean, kolaboratzaile izan diren elkarteen beste sari batzuk ere banatu dituzte, tartean BERRIA saria. Hain zuzen, emakumeen presentzia hobekien islatzen duen lana saritu dute epaimahaikideek eta egunkariak elkarlanean. Alegia, emakume zuzendari batek eginikoa dena edo emakumeen rola eta berdintasuna bultzatzen dituena; betiere, euskaraz. Sail horretan, Arriolaren laburra hautatu dute.

Bestalde, Mundukide eta HAZI sariak ez dituzte banatu, aurkeztutako lanen artean ez dutelako aurkitu sari horien irizpideetara egokitzen zen film laburrik.

Musikaren erritmoan hasita

Ikasle Sailaren eguna izan zen atzo. Aitzol Saratxaga musika konpositore eta zinema zuzendariak Zuzendaritza artean sakontzen eskola magistrala eman zien ikasleei. Horretarako, hark egindako Ehiza film laburra hartu zuen oinarri, eta sortze prozesu guztia kontatu: proiektuaren ideia, aurrekontu plana, ideia aurkeztea, gidoi teknikoa, eskaleta, grabaketak, plano sekuentzia eta animazioak, besteak beste.

Ikasleek egindako film laburrak pantailaratu zituzten ondoren, Xuban Garmendia eta Oier Gastesi aurkezleen gidaritzapean. Antolatzaileek adierazi dutenez, Ikasle Sailak «berezko» garrantzia du Huhezineman, eta hori da, hain zuzen, jaialdiaren «bereizgarrietako» bat. Izan ere, zineman hasi berriak diren egileen «erakusleiho» izan nahi dute, egile askoren lehen zinema jaialdia izan baita.

Horren ostean, Lehen urratsak zineman solasaldiaren bitartez, profesionalizazioaren gaia jorratu zuten. Zehazki, Jone Arriola, Alba Lozano eta Uxue Botas zuzendariek ikasle garaitik mundu profesionalera salto egin arteko ibilbideaz hitz egin zuten, bizitzako esperientziak kontatuta.

Alba Lozano, Uxue Botas eta Jone Arriola zuzendariak 'Lehen urratsak zineman' solasaldian. HUHEZINEMA
Alba Lozano, Uxue Botas eta Jone Arriola zuzendariak, 'Lehen urratsak zineman' solasaldian. HUHEZINEMA

Asteazkenean, berriz, Bideoklipen Saileko lanak izan ziren ardatz. Nolanahi ere, Andrak erramutan dokumentalarekin ekin zioten jardunari goizean. Arratsaldean, berriz, bideoklipen txanda izan zen, eta, guztira, hamahiru finalistaren lanak proiektatu zituzten, Jon Castañeda aurkezle zela. Lemak taldearen zuzeneko kontzertuarekin amaitu zuten eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.