Zortzigarren urtez, BBK Music Legends jaialdia egingo dute ekainean Bilbon, eta gaur iragarri dituzte bertan izango diren lehenengo artistak. Horietako bat da Alan Parsons, kartelburu izango dena. Rock progresiboaren ikur da Parsons, eta 1970eko hamarkadan garatu zuen bere lana batik bat, nahiz eta arrakasta komertziala 1982an iritsi zitzaion, Eye in The Sky diskoarekin. Nolanahi ere, soinu teknikari gisa egindako lanagatik ere nabarmendu da Parsons, besteak beste The Beatlesekin (Let it Be, 1970) eta Pink Floydekin (The Dark Side of The Moon, 1973) egin baitzuen lan. Orain dela hiru urte, BBK Music Legends jaialdian jotzekoa zen Parsons, baina, osasun arazoak tarteko, bertan behera utzi zuen emanaldia.
Lita Ford gitarrista The Runaways taldeko kide izan zen 1970eko hamarkadaren amaieran —emakumez osatutako talde bakanetakoa izan zen garai hartan—, eta 1980koan bakarkako ibilbideari ekin zion, betiere hard-rockaren eta heavy metalaren eremuan. Ia 50 urteko ibilbidean hamaika sari eta aitortza jaso ditu, eta 2016koa du azkeneko diskoa, Time Capsule.
Samantha Fish gitarrista eta abeslari estatubatuarra Slashekin (Guns N' Roses) eta The Rolling Stonesekin aritu da, eta, horretaz gain, rockaren eta bluesaren artean mugitzen diren hainbat disko argitaratu ditu. Hain zuzen, aurten Grammy saria eskuratzeko hautagaia izan da Death Wish Blues lanarekin.
Sex Museum talde espainiarrak, bestalde, 40 urte daramatza garage-rockaren eta hard-rockaren artean kulunkatzen, eta hamaika disko argitaratu ditu urte hauetan guztietan. Euskal Herrian sarritan jo du.
Jaialdirako abonua eskuratzeko promozio berezia jarri dute gaur abian, 95 euroan, eta hilaren 31ra arte egongo da eskuragai. Antolatzaileak datozen aste eta hilabeteetan joango dira festibalean izango diren gainerako artistak iragartzen.