Iragarria zenez, abenduaren 2an izanen da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Atzerako kontaketa betean, aurtengo zortzi finalistak ondoan, Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariek gaur eman dituzte finalaren gaineko xehetasunak. Besteak beste, jakinarazi dute nork jarriko dion txapela irabazleari: Alaitz Rekondo Ferrerok (Lesaka, Nafarroa, 1980). Elkarteak haren lanari aitortza egiteko baliatu nahi du une hori. «Rekondok Nafarroako bertsolaritzaren mugimenduan orain arte eginiko ekarpenari omenaldia egiteko».
Rekondo gazte-gaztetatik dago Nafarroako bertsolaritzari estu-estu loturik. Esaterako, elkarteak gogoratu du lesakarrak orain dela 30 urte hartu zuela parte aurrenekoz Nafarroako Eskolarteko txapelketan, 1993an. Nafarroako txapelketa nagusian 2000. urtean aritu zen estreinakoz.
Ikusi gehiago
Edonola ere, bertsolari jardunaz aparte, Rekondok eginiko beste ekarpen bat nabarmendu du elkarteak, batik bat: gai jartzaile gisa eginiko bidea. Rekondo 2002. urtetik ari da gai jartzaile Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta, izatez, Euskal Herriko txapelketa nagusian ere aritu da; hiru aldiz, zehazki –2009an, 2013an eta 2022an–. Aurkezle ere izana da hainbatetan.
Bestalde, Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehendakari gisara eginiko bidea ere omendu nahi dute aurtengo txapel jartzailea. Rekondo hamabi urtez aritu da kargu horretan, 2011n hasi eta 2023ko otsailera arte. Hain zuzen ere horregatik, kargua aurten utzi duelako, elkarteak iritzi dio Anaitasunako finala une egokia dela omenaldia egiteko. «Txapeldunari txapela jartzeko aukera emanez, Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia eskertu nahi diogu, bai eta, zalantzarik gabe, aurrerantzean ere egingo duena. Mila esker, Alaitz!», adierazi du gaur Nerea Bruñok, Nafarroako Bertsozale Elkarteko egungo lehendakariak.