Zinegoak jaialdiak zuzendaritza artistiko berria izango du XIX. ekitaldian. Alaitz Arenzana artista bilbotarrak hartuko du jaialdiaren gidaritza; azken jaialdietan, zuzendaritza taldean ibilia da. Azken jaialdiak 18.000 bisitari baino gehiago izan zituen, eta antolatzaileek azaldu dutenez, «urtez urte gero eta nabariagoa da Zinegoak-en hazkundea». Egoera horretan, jaialdiak bere helburuak «berrikusi» nahi ditu epe ertain eta luzera, erronka berrietara egokituz.
Bide horretan, Arenzana izango da Zinegoaken zuzendari artistiko berria, eta Pau Guillenen lekukoa hartuko du. Azken horrek adierazi duenez, Arenzanak «barrutik ezagutzen du jaialdia; Euskal Herriko sare artistiko eta sozialarekin lotura handia du, eta talde osoaren babesa du Zinegoak jarduera eta lankidetza berriz hornitzeko eta etapa berri bat garatzeko».
Arenzana ikus-entzunezko komunikazioa ikasitakoa da EHUn, eta eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta proiektuen sorkuntzan. Hainbat aitorpen publiko ere egin dizkiote bere lan artistikoagatik.
Arenzanak «ilusioz» hartu du erronka. Zinegoak zuzenduko duen lehenengo emakumea izango da, eta, adierazi duenez, «jaialdia mantentzeko eta aberasteko borrokan» jarraituko du, «behar-beharrezkoa delako sexu identitatearen eta genero aniztasunaren alde lanean jarraitzea».
Lander Telletxearen kartelak
Bilboko XIX. Zinegoak otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da, eta aurkeztu dute haren kartela. Aurtengo irudiak lesbianismoa eta sexu aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei egingo die erreferentzia, marioker, lumatza, soropila, kapaza, kuir eta bestelako hitzekin. Irudia Lander Telletxea diseinatzaileak egin du. Hain zuzen ere, hainbat kartel izango dira jaialdiaren irudi aurten. Kontzeptu horiek June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako eta Zinegoak-ek bultzatutako Nola izan/esan bollera euskaraz proiektuan bildu dira. Proiektu horretan, Euskal Herri osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat egin dute, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek eta Ainara Artetxek parte hartu dute.