«Alaitasunari ez diot asko kantatzen, badirelako hori hobeto egiten dutenak»

'Haizeen meneko' kaleratu du Aguxtin Alkhatek, bere bigarren diskoa.Folk estiloko «kantu tradizionalak» eta «rockeroagoak» batu ditu

Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«Badira kantu tradizionalak, folk estiloan eta kantugintza tradizionalean, eta beste batzuk rockeroagoak», azaldu du Agustin Alkhatek (Heleta, Nafarroa Beherea, 1982), Haizeen meneko (Elkar)diskoa aurkezteko. «Hastapenean, kantu aski tradizionalak egin nituen, gitarra akustiko batekin, Iparraldeko tradizioari jarraitzen diotenak, eta gero taldeak lagunduta musika modernoago batekin nahastekatu ditugu». Julien Labat (gitarra elektrikoa eta akustikoak), Xan Bidegain (baxua) eta Felix Buff (bateria eta perkusioak) izan ditu taldekide Agustin Alkhatek (gitarra elektrikoa eta akustikoak, harmonika eta ahotsak) diskoa grabatzerakoan. Elkar Estudioak Sesioak programan parte hartu eta gero, Elkar diskoetxearen gonbitari erantzunez grabatu du Haizeen meneko, bigarren diskoa bere ibilbidean. Lehena, Ihes egin (Usopop), sei kantuz osatua, 2013an argitaratu zuen.

Berak idatziak dira Alkhaten diskoko hamar kantuen hitzak, eta haietan gai askori heldu die. «Hunkitzen nauten gaiak dira, gehienetan grabeak», komentatu du. «Alaitasunari ez diot asko kantatzen. Badira alaitasunari ni baino askoz hobekiago kantatzen diotenak, Ruper [Ordorika] adibidez. Nik ez dut hobekiago eginen; beraz, gai bereziki grabeak aukeratzen ditut. Edozein izaten ahal dira. Pertsonalak ere izan daitezke, baina pertsonalak direnean saiatzen naiz orokortasun bat ematen, entzuleak nire kantuetan bere burua ere ezagut dezan, bere bizitzaren parte bat ere islatuta ikus dezan».

Haizeen meneko kantuan, «transmisioaren gaia» ageri da; «aitarengandik jaso dudan transmisioa zehazki». Ernest Alkhat bertsolaria (Iholdi, Nafarroa Beherea, 1951-Armendaritze, Nafarroa Beherea, 2008) zuen aita Aguxtin Alkhatek. «Uste dut biziki inportanta dela mezu hori pasaraztea, bereziki Ipar Euskal Herrian, transmisioak izan duelako etenaldi bat». Diskoko azken kantuan —Zenbat galde— alabek egiten dizkioten galderei buruz mintzo da kantaria, haiei erantzun egokia emateko zailtasuna agerian utziz.

«Gai sozialek ere hunkitzen naute, gizarte moderno honen akatsek eta alde ilunek», adierazi du kantariak. «Nafarroari buruz ere ari naiz,[Odol ixurien lurra kantuan]. Baxenabartarra naizenez eta nire familiak badituenez sustraiak Nafarroa Garaian, inportantea atxematen nuen idaztea gutxienez kantu bat Nafarroari buruz».

Talde izaera

Kantuak Aguxtin Alkhatek sortuak izan arren —Hasperen kantuaren kasua da salbuespena, Julien Labat baitu kantu horrek musikaren egile—, hala diskoa nola zuzeneko emanaldiak «talde baten istorio» dira, Xan Bidegain baxu jotzailearen ustez. «Kantu batzuek, sinpleak direnez, gitarra eta ahotsarekin aski dute», azaldu du Bidegainek. «Saiatu ginen horiek lantzen eta ez genuen lortu. Beste batzuek bazuten indar bat, eta gitarra elektrikoak, baxuak eta bateriak indar hori handitu dute. Dena oso modu naturalean egin dugu. Ez gara behin ere samurtu eta giro onean aritu gara. Ez da beti horrela izaten».

EMANALDIAK

Bihar: Aiziritze (Nafarroa Beherea), Korrika Kulturalean.

Martxoak 19: Baigorri (Nafarroa Beherea), Korrika Kulturalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.