Alaitasun kalejira bat

Gozategik «alaitasuna eta aldarrikapen txikiak» dakartza 'G puntua' disko berrian. Asier Gozategik dio «hasierako diskoen freskotasuna» berreskuratu dutela

Gozategi taldeko kideak eta haien adiskideak, atzo Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Deiturak berak salatzen du musika ulertzeko duten modua. Gozatzeko esperientzia bat da musika. Besteekin partekatzekoa eta talde giroan disfrutatzekoa. Horregatik plazaren aldarria, eta kalejirarena. Eta, horrela aurkeztu zuten disko berria, atzo, Donostian: gertuko jendez inguraturik eta Arinaiztarrak kalejira zuzenean joz. Gozategik G puntua lan berria plazaratu du Elkar etxearekin, Gozategi (1995), lehena aurkeztu eta hogeita hiru urtera.

Hogeita bost urtetik gorako ibilian gorakoak eta beherakoak izaten dira, gozoak eta gaziak, denetik. Baina, «ilusioa eta freskura berreskuratuta» iritsi dira une honetara, Asier Gozategi taldeko kide eta sortzaileak azaldu zuenez. «1995ean deitu ziguten Elkarretik, eta ilusio handia egin zigun. Oraingoan ere antzeko sentsazioa izan dugu, oso gauza berezia sentitu dugu disko hau egin eta grabatzeko unean. Poztasun handia sentitzen dugu, gizartea eta publikoa hainbeste aldatu izanik, oraindik plazan gaudelako, eta haiekin gaudelako».

«Gozamena» aldarrikatzen dute Gozategiko kideek; izenburuak badu zerikusirik hitzarekin. «Gozamena hitza asko erabili dugu sorkuntza eta grabazio prozesuan. Gustukoa dugu gozadera hitza ere. Gu Gozategi eta Gorrotxategi gara... Eta, gainera, gilipollas [astakirten] samarrak gara», Gozategik, irribarre txikiaz. Eta, ondotik beste g bat gehiago ere bai. «Ganberro samarrak dira gure kantuak, gure musika. Baina bada atsegina ere, jolasgarria, sentimentala. Gure lehen bi diskoak ere halakoak ziren, eta kutsu hori berreskuratu dugu».

Libertimendua landu dute, esaterako, Zingel, Triki-triki (Xabier Sukia bertsolari herrikidearen hitza), Dantza boogie blai eta Kitaniebes kantuetan. Baina dena ez da josteta beraien jardunean. «Hitz jostariak dira, baina sakontasun bat dutenak atzean. Aldarrikapen txikiak badaude. Gozategik beti ulertu du busti egin behar dela zenbait gaitan. Aldarrikapen txiki askorekin gauza handi bat lor litekeela».

Tonu maior eta minorrak

Euskararen ingurukoak dira Chiquitaco Can Tac eta Arinaiztarrak; Jon Sarasua bertsolariak idatzitakoak, aldiz Afrika Ungumama, Ungumama eta militarismoari buruzko Riki Raka. Hitzik gabeko bi kantu sartu dituzte diskoan, baina esanahi berezia duena da haietako bat, Gozategiren «aita zenduari» eskainitakoa baita Aita fandango ederra, bi eskusoinutara jotakoa. Julen Alonso trikitilariaren laguntza izan dute bai pieza horretan eta baita Triki-triki, Kitaniebes eta Haizea arin-arinean (hitzik gabeko bigarren kantua).

Asier Gozategirekin batera, taldeko kidea da hasieratik Iñigo Goikoetxea. Baxua, txarangoa, eta ukelelea jotzeaz gain, abestu ere egiten du, gainerako lanetan egin bezala. Kantuen melodiak sortzeko «tonalitate maior eta minorrak nahastuta» erabili dituztela azaldu zuen hark. «Gozategiren ezaugarri bat bada hori, eta lan honetan asko jokatu dugu kontraste horrekin; kantuei sakontasun bat ematen die, eta polit geratzen da».

Erritmo eta tempoetan Gozategiren «betiko doinu eta generoak» landu dituzte: arin-arina, fandangoa, kunbia, texmex-a, balsa eta taldearen izpiritua biltzen duen kalejira: «Kalejiraren sinbolismoa oso garrantzitsua da guretzat. Gozategik beti izan du harremana plazarekin, eta guretzat oso inportantea da plaza horretan azaltzea zer den gure kultura, jendeari errespetuz ematea lantzen dugun hori, euskaraz eta Euskal Herritik. Uste dut oholtzaren gainean funtzio sozial bat badugula, eta jendeak ikusten duela hori. Gure herri honetako kulturaren gauza asko ari dira galtzen, eta uste dut gu gai garela kultura berezi hori landu eta emateko».

Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak harreman berezia izan du betidanik Gozategi taldearekin, haren lehen diskoa izan baitzen berak argitaraturiko aurrenekoa. Gozategik duen «plaza menderatzeko gaitasuna» ez ezik «plaza egitekoa» goratzen du Valdesek. «Jende honek baditu balio batzuk, eta baita euren musikak ere. Oso jende alaia da, baikorra, eta alaitasun hori proiektatzen dute musikaren bitartez. Jende solidarioa da gainera, eta sentikorra. Sentikortasun horrek borobiltzen du euren musika ere».

Alaitasun hori taldetasunean ere igartzen da, disko hau osatzeko lagun talde mardula izan baitu alboan Gozategik. Imanol Goikoetxea (gitarra elektrikoa eta akustikoa), David Gorospe (bateria eta perkusioak), Iñigo Perona (tronpeta, adarra eta irrintziak), Asier Sarasola (tronboia, tronpeta, moldaketak), eta Ainhoa Gozategi (panderoa) izan dituzte lagun, abesti batean ez bada bestean. Xabi Zabala eta Angel Unzu arduratu dira haize instrumentuen moldaketaz; Asier Ercilla izan da soinu teknikaria, eta Aitor Alzibar arduratu da ekoizpenaz.

Musikari horiek eta hainbat adiskide izan zituzten alboan, atzo Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egindako aurkezpenean. Tartean ziren Nadeth Agirre (Orioko emakumezkoen traineruko patroia) eta Jon Salsamendi (Orioko gizonezkoen traineruko entrenatzailea), Zingel kantuaren bideoklipean aktore lanetan arituak biak. Horietako asko izango dira taldeak gaur Hernaniko Oialume aretoan (Gipuzkoa) egingo duen aurkezpen kontzertuan (22:00), alaitasun kalejiran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.