Literatura

Alaine Agirrek irabazi du Lizardi saria

Epaimahaiak Agirreren umorea eta ironia, erritmo bizia eta hizkuntza maila «paregabea» goraipatu ditu, besteak beste. Lan irabazlea 2025eko apirilaren 2an aurkeztuko dute, Zarautzen, saria emateko ekitaldian.

Alaine Agirre.
Alaine Agirre.
garbine ubeda goikoetxea
2024ko irailaren 27a
14:00
Entzun

Euri eta ateri lanari esker gailendu da Alaine Agirre Garmendia idazlea (Bermeo, Bizkaia, 1990) Lizardi haur eta gazte literatur lehiaketaren 43. aldian. Horrenbestez, bigarrenez egin da sari horren jabe, 2015ean ere berau izan baitzen irabazlea, Hau ez da zoo bat liburuari esker.

Agirrek 2013an argitaratu zuen bere lehen lana haur eta gazte literaturan, eta geroztik hainbat sari eskuratu ditu, Lizardi sariketako biez gainera; besteak beste, Zilarrezko Euskadi saria 2015ean (X hil da), Lazarillo saria 2016an (Martin) eta Joseba Jaka saria 2017an (Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama).

Lizardi sariaren 43. aldiak Yolanda Arrieta eta Nerea Loiola idazleak eta Amaia Serrano EHUko irakaslea izan ditu epaimahaian, eta halaxe azaldu dute erabakia: «Euri eta ateri laneko narrazioak lehen esalditik harrapatzen du irakurlea. Egoerak gain eginda dagoen pertsonaia baten ezinegona agertzen du, dramatismo orotik urrun, umorea eta ironia bidelagun hartuta, dotore, fin eta trebe».

Agirreren «hizkuntza maila paregabea» ere nabarmendu du epaimahaiak, baita literatur balioa ere: «Bertako onomatopeia, hitz joko zein egoera surrealistei literatura darie». Idazlearen estiloak pertsonaiaren zama «arindu» egiten duela eta «irakurlea hasieratik amaieraraino irribarrez irakurtzera» eramaten duela esan dute halaber: «Erritmo bizia du kontakizunak, eta narratzaileak aise darama irakurlea batetik bestera, saltoka eta itzulipurdika, etengabeko jolasean». Arrieta, Loiola eta Serranoren ustez, «haur literaturari dagozkion duintasuna eta maila gorena» erakusten ditu Euri eta ateri-k.

Agirrek 5.500 euro jasoko ditu, eta hark aukeratutako ilustratzaileari, berriz, 1.000 euro emango dizkio Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) liburua ilustratzeko. Euri eta ateri 2025eko apirilaren 2an aurkeztuko da, Zarautzen, saria emateko ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.