Euskal sortzaileen lanak Txinan ezagutaraztea da MA Studio-ren helburuetako bat. Pekinen dago Judas Arrieta artista hondarribiarraren zentroa, eta han bi hilabeteko egonaldia egiteko aukera eskaintzen die Euskal Herrian bizi diren artistei, Goazen Txinara! programaren bidez. Bi aukeratu ditu epaimahaiak aurten: Luis Candaudap Guinea eta Alain Urrutia bilbotarrak.
Arrietak hirugarrenez antolatu du egonaldi programa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eta aurten «interes eta kalitate handiko» 68 proiektu aurkeztu dituzte euskal artistek. Arrietarekin batera, arte munduko bi aditu txinatarrek osatu dute epaimahaia: Liu Xing komisario independente eta Eskola Berdea taldeko partaideak, eta Jiang Da Hai Pekingo Central Acedemy of Fine Arts-eko pintura abstraktuko irakasleak.
Lan guztien artetik hautatu dituzte Candaudapen Pintura negra, color pánico; una aplicación del color a través de la sorpresa eta Urrutiaren Hong, Guang, Liang. Bietako batek kale egitekotan, beste bi proiektu aukeratu dituzte ordezko gisa: Nerea de Diegoren Cielo sobre Beijing eta Ismael Iglesiasen Prácticas bastardas. Bi artistak abuztuaren 1etik irailaren 30era bitarte egongo dira MA Studion. Bertan, programarako aurkeztu dituzten proiektuak garatu ahal izango dituzte.
Iaz lau artista izan ziren Pekingo estudioan: Isabel Herguera, Juan Aizpitarte, Aitor Lajarin eta Iñigo Salaberria.
Alain Urrutia eta Luis Candaudapek bi hilabete emango dituzte Txinan
Judas Arrieta artistaren estudioan egongo dira, Pekinen, Goazen Txinara! programan aukeratu dituztela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu