Alain Sarde zinema ekoizle frantziarraren sexu erasoak salatu dituzte bederatzi emakumek

Cannesko jaialdiaren irekiera egunean plazaratu ditu salaketak 'Elle' aldizkariak, eta sexu erasoen aurkako lege integral bat eskatzen duen artikulua kaleratu dute ehun sinatzaile baino gehiagok 'Le Monde' egunkarian.

Alain Sarde ekoizlea —eskuinekoa— Berlinen, Roman Polanskik 'The Ghost Writer' filma zuzentzeagatik jasotako Urrezko Hartza eskuan duela. SOEREN STACHE / EFE
Alain Sarde ekoizlea Berlinen —eskuinekoa—, Roman Polanskik 'The Ghost Writer' filma zuzentzeagatik jasotako Urrezko Hartza eskuan duela. SOEREN STACHE / EFE
Inigo Astiz
2024ko maiatzaren 14a
13:37
Entzun

Gaur hasiko da Cannesko zinema jaialdia, eta Frantziako zinemagintzari lotutako bederatzi sexu-eraso salaketaren berri eman du Elle aldizkariak. Alain Sarde zinema ekoizle ezagunaren aurka mintzo dira bederatzi emakume horiek erreportajean. Bortxatu egin zituela edo horretan saiatu zela plazaratu dute, eta emakumeetako batek esan du prostituzioan aritzeko proposamenak ere egin zizkiola Sardek. Biktimen benetako izenik eman gabe bildu ditu lekukotza gehienak aldizkariak, eta 80ko eta, nagusiki, 90eko hamarkadetan gertatutakoak dira kontatzen dituztenak.

Garrantzitsua da Sarderen izena industrian. Hain zuzen ere, 30 urtez Cannesko jaialdiko «erregea» izan dela esanez hasten du artikulua Elle aldizkariak. Besteak beste, Jean Luc Godarden, Roman Polanskiren, Jaques Doillonen, David Lynchen zein François Ozoen lanak ekoitzi ditu. Eta, aldizkariak bildutako lekukotzen arabera, emakumeei eraso egiteko baliatu zuen bere posizioa ekoizleak. Salaketa jarri duten emakumeak aktoreak dira, eta, diotenez, jasandako erasoen ondoren, zenbait kasutan, geldialdiak izan zituzten euren ibilbide profesionaletan.

Edonola ere, ez da Sardek tankera horretako akusazioak jaso dituen lehen aldia. Azkenean akusazioa bertan behera geratu bazen ere, 1997an epaitegian izan zen emakume bat bortxatu izana egotzita. Ekoizleak ukatu egin ditu salaketak oraingoan ere. Azaldu duenez, sekula ez du bortxarik baliatu emakumeekiko harremanetan.

Lege integrala

Ez da jaialdiaren irekiera egunean sexu erasoekin lotutako albiste bakarra izan, ordea. Kultur munduari eta zinemagintzari lotutako izen zerrenda esanguratsu batek ere eskutitza kaleratu duelako Le Monde egunkarian, sexu erasoen aurkako lege integral bat eskatzeko. Ehun sinatzaile baino gehiago ditu testuak, eta haien artean dira Isabelle Adjani, Emmanuelle Beart, Juliette Binoche, Leila Slimani eta Vanessa Springora.

Artikuluak honela zehazten du: «Sexu bortizkeria eta biolentzia matxista sistemikoak dira, ez salbuespenezkoak». Baina zigorgabetasuna handia dela gogoratu dute sinatzaileek, eta argudiatu horregatik batu direla lege integrala eskatzeko; «anbiziotsua» eta «baliabideak izango dituena». «Zeren eta, biktimek ausardia azaldu arren, hazten jarraitzen baitu inpunitateak».

Eta datua ere eman dute hori frogatzeko. Artikuluan zehazten denez, sexu erasoen salaketen %94 geratzen baitira bertan behera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.