Eibarko (Gipuzkoa) Coliseo antzokira bildutako ikus-entzuleek harrera beroa egin diete Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdenerako sailkatutakoei. Alaia Martin Etxebeste, Agin Laburu Rezola, Aratz Igartzabal Bidegain, Eneko Araiztegi Agirre, Haizea Arana Cardenal eta Manu Goiogana Bengoetxea igo dira oholtzara, eta horietarik lehena nagusitu da, 531,5 punturekin; ia 30 punturen aldea atera dio bigarren sailkatu Agin Laburu Rezolari (503,5).
Gainontzekoek puntuazio hau lortu dute: Eneko Araiztegik, 469; Haizea Aranak, 458,5; Manu Goioganak, 448; eta Aratz Igartzabalek, 438.
Horrenbestez, Alaia Martin Etxebeste zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako; azaroaren 24an izango da, Zarautzen (Gipuzkoa).
Gai jartzaile Iban Narbaiza Cevidanes aritu da Eibarren. Epaileak, berriz, hauek izan dira: Amaia Otxotorena Gamio, Karlos Ibarguren Olalde, Maite Sukia Olano, Oihana Aranguren Etxaniz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari Nerea Goñi Begiristain aritu da.
Hurrengo saioa bihar izango da, Lekuona fabrikan, Errenterian. Bertan, Aitor Salegi, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Oihana Arana eta Unai Gaztelumendi lehiatuko dira.