Gipuzkoako txapelak buru berria du, beste lau urterako. Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, aurreko bi aldietan garaile irtendako Beñat Gaztelumendiri buruz burukoan nagusituta. 6.000 entzule inguruk bete dute gaur Illunbeko plaza, eta olatu eta txalo zaparrada artean lehertu da buruz burukoan. Almeneko bertso-eskolaren 50. urteurrena izan du ardatz aurtengo txapelketak, eta lehen haurren bertso eskola hartako ikasle izan zen Arantzazu Loidik jantzi dio txapela Martini.
«Irakasle guztiei gure aitormena / eta joan zirenei ere aipamena / noraino iritsi den hasi zenutena», kantatu du Loidik. Haren ondoren kantatu du txapeldunak agurra: «Bihurtu ditzagun lagunak bizitzaren tenplu / badakitenak zer, noiz, nola eta non galdetu / entzuten gaituztenak nahiz ta pixkat logaletu / ta etxe bihurtzen dutenak edozein ezleku / mendeko hitza bihurtu den hontan ‘mendeku’ / disolba dezagun eskuina ta auzoa ezkertu / egon gaitezen lagunekin hauskor ta inperfektu / elkarrengandik gertu eta elkarrentzat gertu».
25 urtez azpiko onenaren saria, berriz, Almenen irakasle aritutako Patxi Goikoleak eman dio Aner Peritzi. Lehen txapelketa izan du Peritzek, eta bosgarren lekuan amaitu du bidea. Hara bere azken agurra: «… / nik maite ditut jabeei kentzen zaizkien etxebizitzak / nik maite ditut trabesti txarrak, eta bollera huts krintxak / … / tresna eraginkor gisa balio dezala bertsolaritzak / lekua eman nahi diogun horri jar dezazkiogun hitzak».
Gaurko finalean, berrikuntza bat izan da lehen ariketan: ofizioka, aukeran izan dute neurria. Dena den, zortziko handian aritu dira guztiak. Martinek eta Artetxek lortu dute entzuleak berotzen hastea, BEZa ordaindu ala ez eztabaidan. Hiztegian eta tonuan asmatu du Martinek: «Hemen jendeak sobre batean beltz mugitzen du zakarra / ez dut izan nahi mundu osoan dagoen tuntun bakarra». Ondo erantzun dio Artetxek, «unean merke ordaintzen dena garesti irteten dela».
Zortziko txikian izan dira ateraldi politak. Lokal berean entseatzen duten bi antzerki taldetako kideak izan dira Martin eta Gaztelumendi. Bigarrenak, lokalera heltzean, dena zikin topatzen du. «Hollywoodetik ote zaude etorria / nahi al dezu jartzea alfonbra gorria», zirika hasi, eta erantzun kate ederra osatu dute. Martin: «Hollywooden txar-txarra da etika kodea / hobe ipiniz gero alfonbra morea». Gaztelumendi: «Alfonbra morearen aldarri ozenak / ez gaituzu asko zaintzen gero gatozenak».
Gabonetako saskiaren bueltan, Elustondo eta Peritz. Urdaiazpiko, ardo eta beste aipatu ondoren, «kexatzeko dituzu zure arrazoiak /nahi badezu zuretzat dira polboroiak», bota dio legazpiarrak. Erantzuna ere lehor, zarauztarrak: «Ondo, sartuko ditut ahoan erdian / ta eztula egingo dizut aurpegian».
Hamarreko txikian, espetxe batean kontzertu bat jo behar eta, zentsuraren inguruan aritu dira Martin eta Labaka. Irudiekin jolasean hasi da oiartzuarra: «Zuri-beltzean daude marrak hauek, gamak / kartzela bat dirudi gure pentagramak». Goitik beherako bertsoa osatu, lasartearrak: «Jarriko dizkiegu belarriak ketan / arrakala handi bat sortzeko paretan /… / ea nor kabitzen den gure bafleetan».
Tren geltoki batean, euskara dela-eta segurtasun langileek emandako tratuaz kantatu dute Peritzek eta Iguaranek, lagun gisa. Noka osatu dute elkarrizketa osoa. «Euskaraz nahi dinagu hala zor delako / trena joan egingo dun hau konpontzerako», ohartarazi dio Peritzek. Errematea, Iguaranek: «Alemanez bagenbiltz ez hunan igualtsu / begira ze botere, gainetik ze ahaltsu / segurtasun honentzat gu gaitun mehatxu».
Bakarkako lanak
Lehen atala amaitzeko, bi gairekin aritu dira bakarka bertsolariak. Halaxe esan du lehenak: «Kazetaria zara, eta gaur lehen aldiz jarri zaizu oilo-ipurdia elkarrizketa batean». Erditzean jasandako biolentziaz jardun du Labakak: «Kazetari lez grabagailuak bilduko erdimina / nik ere berdin bizi izana ta hitzak jarri ezina». Palestinako egoerari kantatu dio Rekondok, torturari Martinek, eta etorkinen egoerari, Elustondok. «Esan didate ‘zeinahi tokitan izaten gera etorkin / … / kokatu ezinda ibiltzen gera nola zebrak Serengetin’ / … / nahiz denok garen ezkerrekoak, hain ireki eta hain fin / logelatxo bat partekatzen du beste famili batekin».
Ikerlari rolean jardun dute bigarren gaiarekin kantatu dutenek: «Aurkeztu duzun ikerketak zeresan handia eman du». Soziolinguistika mundutik jo dute Gaztelumendik eta Artetxek, euskararen egoera mintzagai hartuta. Peritzek, ostera, bertsogintza eta plazan gizonek duten lekua izan ditu aipagai: «Gizonek ez dietela bestei lekurik egiten / orain harritu zarete baina lehendik zenekiten». Iguaranek ere, Labakaren antzera, erditze-geletako tratua izan du mintzagai.
Buruz burukoan, zortziko handirako, umeekin partxisean jarri dituzte Martin eta Gaztelumendi, eta jokoa eta jolasa nahasiz, txapelketako testuingurura ekarri dute gaia. «Laztana guztia ez da ego, mimo ta igurtzi / irabaztera ohituta zaude ta behingoz besteoi utzi», kantatu dio Martinek Gaztelumendiri. Ondo segi dio jokoari Gaztelumendik: «Ez zaiteztela mesedez hasi, Beñat galtzeko eske / nik irabazten ezin det utzi zuek gailendu zaitezte».
Bakarka aritzeko, berriz, herritarrek «Euskal Herriarekiko gero eta atxikimendu txikiagoa» dutela, horixe izan dute gaia. Baikor amaitu nahi izan dute biek. Halaxe bukatu du Martinek: «Nora iritsi nahi dugun nola joan ezkutuka / izan baikor ta eragin, eragin ahaldunduta / dena dago egiteke ezer ez dago galduta». Gaztelumendik, berriz: «Euskal Herri bat nahi nuke zikindua, lokaztua / orain ertzean daudenei jartzen diena gustua / umetatik sormenean ta kulturan arnastua / ertzak maite dituena ta euskaran ardaztua».