Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Alaia Martin da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalista

Alaia Martin eta Agin Laburu lehen bi sailkatuen eta gainontzekoen artean alde handia izan da. Jon Martin azken edizioetako finalista finaletik kanpo da, ezusteko handirik ezean.

Alaia Martin, finalera igaro berritan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Beñat Zamalloa Akizu.
2015eko azaroaren 22a
20:47
Entzun

Alaia Martin (504 puntu) da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalista, Zarauzko finalaurrekoa irabazita. Txapelketako lehen finalaurrekoan, Agin Laburu (496 pt.) izan da bigarrena, eta lehen biak gainontzekoengandik alde zabalera sailkatu dira. Ander Lizarralde (455,5 pt.), Jon Martin (451 pt.), Beñat Iguaran (445 pt.) eta Unai Gaztelumendi (441 pt.) sailkatu dira Alaia Martin eta Labururen ondotik. Hala, azken finaletan izan den Jon Martin finaletik kanpo da, datozen bi igandeetako finalaurrekoetan ezusteko handirik ez bada.

Alaia Martinek ez du beste saio batzuetan erakutsitako distirarik horren maiz oholtzaratu, baina puntuak pilatuz joan da lanez lan eta kartzela on batekin goian bukatu du saioa.  Laburuk bere ohiko txinparta erakutsi du, zortziko txikian goia jo du, eta ariketa ia guztietan gainontzekoen gainetik jardunda. Lizarraldek bere bertsokera eta kantaera berezia plazaratzeko aukera izan du, final-laurdenean baino maila apalagoan jardun duen arren. Ez du bere saiorik beteena izan Jon Martinek, eta saio osorik egin gabe amaitu du. Iguaran zortziko txikian bikain aritu da Labururekin, eta zenbait ale eta puntu utzi ditu gainontzeko ariketatan ere. Gaztelumendik lan guztietan eman du freskotasunetik eta onetik zerbait.

Finalaurrekoetan hamarreko handiko ofizioa dute lehen eginbeharrekoa. Fresko joan dira lehen bi hamarreko handikoak, ohi ez bezala. Catering enpresa bateko langileak izan dira Alaia Martin eta Laburu, eta ohartuta zeuden euren enpresak ez zituela betetzen kalitateko arau guztiak. Laburuk indartsu hasi ditu eginbeharrak. “Badaude mila zertifikatu / ta badaude mila itun / guztiak bete ezin dirala / izan zaittia jakitun / jakin nahi nuke Arzakek ere / guztiak betetzen ditun”, ekarri du goitik behera Laburuk. Eskuak garbitzeko eskaera egin dio bigarren bertsoan Alaia Martinek, eta era honetara erantzun dio: “Bezerotatik egon behar da / eskuz esku ta hurbil / sukaldaritzan ondo guaz ta / izan gu lehen bezain abil / eskurik nahiz nik garbitu ez / arren egon zaittez trankil / lan albondiga jatiagatik / oraindik ez da inor hil”.

Labururen eta Alaia Martinen aurretik, Gaztelumendi eta Lizarralde izan dira lehenak, eta grafitigileak izan dira. Garai batean, isuna jasoa zuten grafitiak egiteagatik, eta, orain, lehen isuna jarri zien udal berak herria grafitiz apaintzeko eskaera egin die. Bere bigarren bertsoan “Alkatia putakume!” idatziko duela bota du Lizarraldek, eta azti erantzun dio Gaztelumendik hurrengo bertsoaren hasieran: “Egin aurretik kobratu zazu / egindakoaren truke…”.

Ariketa berean, aiton amona erdaldunak izan dira Iguaran eta Jon Martin, euren bilobaren ikastetxeko euskarazko antzerki emanaldian. Jon Martin txukun aritu da, lehen bertsoan dezente galdu duelako sentipena kantatu duen unetik, euskaltegian izena emateraino.

Ohiko gaiak eta ezohikoagoak, saioko apalaldian
Loteria, euskara, odol ematea… Lehen puntua emandakoetan, gehienak ariketa horretarako erabili izan diren ohiko gaiak izan dira. Ez da punta-puntako lanik izan. Laburu izan da seietan onena bigarren lanean ere.

Ezohikoagoak izan dira sei puntuko motzerako Saroi Jauregik aurkeztutako gaiak.  Beharbada berezitasuna medio, ez da ariketa emankorrena izan sei puntuko motza. Gaztelumendi eta Labururena izan da bereziena eta sakonena. Etakide ohiak izan dira, Laburuk memoriaren gaineko ekitaldi batera joatea nahiko zuen, Gaztelumendik ez bezala. “Lengo bala gaurko lora / memoriatik uztartu nahian / sortu da Gogora. / Nik egin nahi nuke proba / juan ez arren gustora / gorrotuaren espiral hontan / ez guaz inora”, bukatu du bigarren bertsoa Laburuk, eta, hori entzunda, hau izan da Gaztelumendiren erantzuna: “Hara zein joango diran / badakit utzi, utzi… / Guardia Zibilen nagusi / beren medalla ta guzi / oraindik ezin ditzaket nire / parean ikusi”.

Martin neba-arrebei ere gai berezia egokitu zaie. Sari askodun dantzariak izan dira biak, eta sariok bistan zituen Jon Martinek, Alaia Martinek ez gisan. Gaiari ez diote bide argirik aurkitu, eta, Alaia Martinen azken bertsoa salbu, ez dira euren txapelketako bertsorik onenetakoak izan. Jon Martinek poto ere egin du. Maila berean joan da Iguaran eta Lizarralderen azkenaurreko ofizioa ere.

Umorearen faltan, umore dosi handia
Zortziko txikikoa da azken ofizioa finalaurrekoetan. Laburu eta Iguaranek bete-betean jakin dute umorea ekartzen, eta eskertu dute bertsozaleek. Festetarako komunak alokatzeko enpresa batean lan egiten zuen Laburuk, eta festetako bat bukatuta jasotzera joan denean Iguaran aurkitu du komunetako batean Laburuk. Bertsoaldiak aurrera egin ahala hauspoa galdu badu ere, Laburuk bikain hasita maila berean erantzun dio aurreneko bertsoa Iguaranek. “Ez da errexa usai / horrekin bizitzen / baina nere laguna / ez da errex hiltzen / oraindik nola zauden / ez det entenditzen. / Lagunduko al dizut / lentilla aurkitzen?”, lehertu du plaza Laburuk. Honela erantzun dio Iguaranek lehen bertsoaren azken bi puntuetan: “Nere plana edarra / da Agin begira / festara eman nazu / hurrengo herrira”. Umorez zein mailaz apalagoak izan dira gainontzeko bi ofizioak.

"Gaur ez dago"
“Egunero leku eta ordu berean ikusten zenuen hura, gaur ez dago”, izan dute kartzelako gaia. Alaia Martinek asko jantzi ditu hiru bertsoak, eta finalaurrekoko lanik onena azkena izan du. Amona izan du ez zegoen hori. Hirugarren bertsoa izan du hiruretan biribilena: “Ordu hontan joaten nintzen / horren puntual bisitan / bizitzak zorionean / luze jarri didan zitan. / Abila zinen oraindik / modan eta politikan / telebistari hizketan / egoten zinen kritikan. / Zure biloba maitea / ni izan nintzen ttikitan / nola orrazten ninduzun / udaberriko eguzkitan. / Nahiz ta orain zu ez zauden / bilatutako tokitan / nirekin egongo zara / une eta leku guztitan”. Berezienen artean izan da Lizarralderen kartzelakoa: hildako aita hartu du kantagai, eta hunkituta eta hunkiarazita bukatu du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.