Bosgarren aldia da Amable Ariasen erakusketa bat hartzen duela Donostiako Ekain arte galeriak. Serieak osatu izan ditu Maru Rizok, artistaren alargunak, lan sorta bat oinarri hartuta esposizioak egituratzeko orduan. «Hau ez da sail horietako bat», zehaztu du, ordea: «Materiala izan baita obra hauek aukeratzeko arrazoia: akuarela». Esaldia amaitzearekin batera ñabartu du, azkar, horrekin ez duela esan nahi izan lanak mistoak ez direnik. Gelaren erdian dauden bi margoekin azaldu du: «Begira, hemen akuarela dago behealdean, baina, goian, tintaz irudikatutako marrazkiak ditu. Zoragarria da». Jeronimo Boschen trazua hartzen dio. Eta horrek erakusten du Arias «ezberdin bat dela» erakusketakoa, Rizoren arabera. «Akuarelak bizia baitauka, hein batean». Azaldu du nolakoak diren uraren bidez marrazteko teknikaren ezaugarriak: «Ura iragazi egiten da han eta hemen paper motaren arabera; batzuek gehiago xurgatuko dute besteek baino».
Horrek eman dio, hain justu, izena Ekainen irekitako erakusketari: Amable Arias, uraren eta kolorearen pertzepzioak. Maiatzaren 13ra arte egongo da ikusgai. Rizo: «Akuarelak autonomo fama apur bat dauka, inoiz ez dakizulako haren jarioa nora helduko den, non dituen mugak. Baina Amablerentzat ez; berak onartu egiten zituen akuarelaren mugak. Horretara jarrita dagoen batentzat aipamenik merezi ez duen gai bat da».
Ikusgai dauden lanak Ariasen aro askotakoak direla zehaztu du Rizok: «Batzuk nahiko urrun daude denboran, haren lehen obretarikoak dira; beste asko hurbilagokoak dira, aktualagoak». Isildu da, bi andreren erretratu bat seinalatu du, eta esan du: «Uste dut horiek biak gure ahizpak direla. Sherezade liburuan agertzen direla esango nuke, gainera». Ariasen ibilbide plastikoaz gain, beste bi lerro ere aipatzeko bide eman dio horrek: «Haren idatziei garrantzi handia ematen zien. Idazten zuena modu poetikoan eta askean egiten zuen, nahiz eta, tira, hark ez zion poesia deitzen». Hirugarren diziplina soinu grabazioena dela aipatu du.
Orban eta marren artean
Ariasek lan egiteko zuen moduari buruz ere jardun da Rizo, eta nabarmendu du inoiz ez zuela ideia bat beste batekin ordezten: «Unean nahi eta gogoko zuen hori onartzen zuen». Galeriaren erdian lau koadro daude bata bestearen alboan, goian eta behean, karratu bat osatuz. Trazu finekoak dira, kasik iradokitzaileak. «Oso abstraktuak dira, haren lehen etapakoak. Estetika hutsetik haragoko zerbait izan behar dute, gure barruan idatzita baitute».
Orbanaren eta marraren arteko jolasa gustatzen zitzaion Ariasi, Rizoren arabera. Karratu horren alboan daude, laukizuzen eran, kolore oso biziko lan horiek. Rizok aitortu du, barre txikiarekin, Jose Luis Zumetaren gogokoenak zirela: «Estudioan geundela esan zidan behin oso koloretsuak eta dibertigarriak zirela». Arkatz akuarelagarriak erabili zituen marrazteko. Material hori bustiz gero, orbana uzten duela azaldu du Rizok; bestela, arkatzez irudikatzea bezala dela. Multzo horren ezkerrean daude bidaietan egindako irudiak, Parisen eta Pragan, bereziki.
Inoiz ikusgai jarri gabeko obrak dira guztiak, diru gutxi izan zuelako mihisean lan egiteko, eta, ondorioz, paperean «ezin konta ahala» egin baitzituen. «Haren obra guztiak xehetasunez beterik daude, eta gogaikarria da dena kontatzeko lan hau, amaigabea».
Akuarelaren gainazal bikoitza
Amable Ariasen 'Uraren eta kolorearen pertzepzioak' erakusketa ireki du Ekain arte galeriak. Inoiz erakutsi gabeko lanak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu