Cristian Merchan eta Jon Anza. Aktoreak

«Aktore batentzat gozoki bat da pertsonaia hauek interpretatzea»

Joxi Zabala eta Joxean Lasa GALek hiliko etakideena egin dute Merchanek eta Anzak, hurrenez hurren, Pablo Malok zuzendutako 'Lasa eta Zabala' filmean. Eskarmenturik ez dute ia, eta natural jokatzen eta eszena bortitzenetan oreka lortzen saiatu dira.

Cristian Merchan (Joxi Zabala) eta Jon Anza (Joxean Lasa), joan den astean, Tolosako alde zaharrean. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Tolosa
2014ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Lehen begiratuan ez dirudi hala, baina urduri antzean daude Cristian Merchan (1991) eta Jon Anza (1990) aktore donostiarrak. Hori dio, behintzat, Pablo Malok zuzendutako Lasa eta Zabala pelikularen prentsa arduradunak. Ez daude elkarrizketak ematera ohituta. Izan ere, apenas duten esperientziarik aktore moduan. Merchanek Goenkale telesailean parte hartu zuen 2012-2013ko denboraldian, eta beste bizpahiru antzezlanetan ere aritu da. Anzaren eskarmentua are urriagoa da: Morgan Creativos agentziak sortutako bideo instalazio batean jokatutako rola. Baina datozen hilabeteetan komunikabideen fokupean ibiliko dira biak, Joxi Zabala eta Joxean Lasa GALek 1983an bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi zituen etakideen rolak jokatu dituztelako; Merchan Zabala izango da, eta Anzak Lasarena egingo du.

Hura gertatu eta 30 urtera 20 urteko bi tolosarrek pairatu behar izan zutenak zama sinboliko handia duenez oraindik ere, eta haien larruan bizitako bortizkeria irudikatzea, gainera, samurra ez denez, pertsonaiak lantzeak lan handia exijitu die. «Baionako filmaketan natural joka genezala eskatu zigun Pablok [Malo], eta tortura eta heriotza sekuentzietan oreka bat lortzen ahalegindu gintezela». Aipatutako guztia gorabehera, gauza bat argi daukate: «Aktore batentzat, gozoki bat da pertsonaia hauek interpretatzea».

Oso atsegina zaie, era berean, zinema egitea. «Izugarrizko aukera iruditzen zaigu», adierazi du Anzak. Klasekide zuen Merchan Binahi casting agentzian, eta iazko udan jakinarazi zieten Malo film baterako hautaproba batzuk egitekoa zela. Hasieran ez zieten esan zeri buruzkoa izango zen pelikula, zein tematika landuko zuen. «Bigarren edo hirugarren proban ezagutu genuen Pablo». Uda igaro zuten entsegu moduko batzuk egiten, eta horiek pilatu ahala hasi ziren usaintzen zein gai jorratuko zuen lanak. «Lasa eta Zabalarena egingo genuela esan zigutenean...», bota du Anzak, erantzukizunaren zama arnasoska adieraziz.

Ezer gutxi zekiten kasuaz; urte batzuk falta ziren oraindik aktoreak jaio zitezen. Merchanek aitortu du bazekiela nortzuk ziren, epaiketa bat izan zela, «baina beste askorik ez». Anzak ere erreferentzia jakin batzuk besterik ez zuen buruan. «GALen lehen kasua izan zela, oso entzutetsua, baina ez nekien banku bat lapurtzeagatik errefuxiatuta egon zirenik, adibidez». 1995eko ekainaren 21ean bien hezurrak Tolosako hilerrira ekarri zituzteneko Ertzaintzaren oldarraldiaren berri ere ez zuten. Egun hartan bertan Hondarribiko aireportuan gertatutakoaren eta 2008ko urriaren 18an Tolosako Triangelu plazan haien omenez antolatutako manifestazioan poliziarekin izandako istiluetako irudiak ikusi dituzte, adibidez, pertsonaiak hobeto prestatzeko.

Iparraldeko kontuak

Dokumentazio lanean, hemeroteketara jo dute haien inguruko berriak irakurtzeko; «Axun eta Pili» Lasa eta Zabalaren arrebei egindako elkarrizketak ere leitu dituzte, eta Malok berak hainbat kontu azaldu dizkie. «Familiarekin ere egon gara», erantsi du Merchanek. Horixe izan da, hain zuzen, pertsonaiak osatzeko garaian, are horiek zizelkatzerakoan, gakoetako bat, behin bakarrik elkartu diren arren. Hitz egin zuten Joxi eta Joxeanen izaeraz, zeuzkaten zaletasunez... «Iparraldean zeudeneko kontuez, batik bat: Zabala lanean zebilela orduan, lagun minak zirela biak...», esan du Anzak.

Entsegu batean ezagutu zituzten familiako kideak. «Enkontrua ez zen egin bereziki informazioa ateratzeko; haiekin konplizitatea, gertutasuna lortzeko eta pertsonaia hobeto ulertzeko baizik», nabarmendu du Lasarena egin duenak. Unea oso intimoa izan zela diote; «bi zentzuetan», gainera. «Izan ere, haientzat, azkenean, ez da batere erraza gai honen inguruan ibiltzea edo beren senideak izan zirenei pelikulan aurpegia jartzea». Hunkigarria bezain polita izan zela pentsatzen dute. «Oso ondo tratatu gintuzten», adierazi du Merchanek. «Feli Artanorekin ere egon ginen, Joxiren [Zabala] amarekin». Haiek, familiakideak, ezagutzeko beharra zutela esan dute aho batez, eta horri ñabardura garrantzitsua gehitu dio Merchanek, hunkituta bezala: «Haiengandik onartuak sentitzea behar genuen».

Malo pelikularen zuzendariak filmaketan, prozesu osoan, izan duen inportantzia ere goratu dute; «batez ere tortura sekuentzietan», zehaztu du Merchanek. Horiek landu behar izan dituzte gehien, eta alderdi teknikoan zentratu dira, batik bat. Kolpeak, garrasiak, unearen intentsitatea... «Ez dugu benetako kolperik hartu. Tira, igual baten batek ihes egin du...», azaldu du Anzak. «Gure erronka zen nola iritsi hura izan zena irudikatzera. Heriotza momentuan ahalegindu ginen gogortasunaren, krudeltasunaren eta emozioen artean oreka lortzen, pertsona batek une horretan sentitu behar duenaren artean». Axun Lasak berak esan zien, gainera, berak ere gaizki pasatuko zuela haiek, aktoreek, «inongo beharrik gabe» une horiek igaro beharko zituztela pentsatzean.

Fikzioa da Merchanek eta Anzak egindakoa, baina iritsi dira Lasa eta Zabalak sufritu zuten izugarrikeriarekin enpatizatzera. Halere, aktore ofizioko arau ez-idatzi batera lerratu direla dio Anzak: «Baina momentu batean, lanean ari zarenean, komeni da abstraitzea. Bestela, bukaeraraino eta ondorio guztiekin sartzen bazara, lana tortura bilaka daiteke». Iritsi dira ulertzera, sentitzera, orain 30 urteko 20 urteko gazteek nozitu zutena, baina une batean «langa bat» jarri behar izan zuten: «Igual gogorragoa egingo zitzaien eszena filmatzen ari zirenei hura ikustea, gurea lan teknikoagoa baitzen, emaitza bat lortu nahi zuena».

Esker oneko lana iruditu zaie, praktikatu duten alde tekniko hori pantailan ikusi ahal izango delako. «Erronka polita da hori aktore batentzat, badira-eta beste rol batzuk, barnerakoiagoak direnak eta ez direnak ikusten», esan du Anzak.

Bazekiten biek pertsonaia ikonikoen larruan sartzen ari zirela, baina egoerak ez ditu gainditu. «Tira, egoten da momentu bat, hasieran batez ere... Gainera, benetako gertaerak direnez, errespetua eta beldur moduko bat egoten da familiarengatik», zehaztu du Merchanek. Areago hasiberriak izanda, Anzaren iritziz. «'Gai izango al naiz? Gauzak ondo egingo al ditut?' Baina, familia eta ikuslearekin errespetuz jokatuz, zeure buruan sinetsi behar duzu».

Iruditzen zaie, gainera, Lasa eta Zabala filma beren ibilbidearentzat onuragarria izan daitekeela. Merchan zuhurragoa da —«ez dakigu eta ez dugu horretan pentsatzen, baina badakigu gauza onak ekar ditzakeela»—, baina Anza ausartago mintzatu da: «Izugarrizko desafioa da, baina demostratzen baduzu rol hau jokatzeko gai zarela, horrek erakusten du pertsonaia ez hain muturrekoak ere antzezteko gaitasuna baduzula». Halere, uste dute film jakin hori egiteak baino gehiago zinema ekoizpen batean parte hartzeak, horrek, ireki diezazkiekeela ateak. «Film bat egitea ez dago jende askoren esku. Horrelako zerbait lortzeak ez lortzeak baino ate gehiago irekiko ditu».

Deserosoa, denentzat

Irail bukaeran, Donostiako 62. Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatuko dute, gainera. Hunkituta daude biak horregatik. Donostiarrak izanda ohore handia dela sentitzen dute, eta hori hala gertatzea oraindik ere pentsaezina dela iruditzen zaie. Berria jakinarazi zieteneko momentua «oso berezia» izan zen.

Pelikulak lantzen duen gaia delikatua da, ordea, eta lanaren filmaketak berak errezeloak sortu ditu Espainiako zein Euskal Herriko zenbait sektoretan. «Gure herriaren historiaren zati bat da; kontatu beharrekoa, gainera», bota du Merchanek. Anzak badaki oso zaila dela mundu guztia kontentatzea. «Film honek zortea-edo dauka: sumario batean oinarritzen da. Eta sostengu hori baduzu, bada, ados dagoena ondo, eta, bestela... Azkenean, Pablok ez du ezer asmatu». Hain zuzen, sumario hori duelako zutabe izango da ikusteko gogorra, aktoreen aburuz. «Deserosoa, baina denontzat». Haientzat, gainera, gozoki bat.

Erreportajearenbideoa duzu ikusgai, www.berria.eus-ko lotura sakelakoarekin irakurrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.