Irudiaren bidez hausnartzeko beharrizana du Alain Urrutia artistak (Bilbo, 1981). Behar horri heldu dio Aktionismus erakusketa osatzen duten lanetan ere. Hala, hamazortzi lan jarri ditu ikusgai Bilbon, Rekalde aretoan. 70eko hamarkadako performanceen argazkiak hartu ditu oinarritzat, ustez balio dokumentala baino ez zuen materialaren irudikapen estetikoa egiteko. Artelanak orain lau urte sortu zituen, Bizkaiko Aldundiaren sorkuntza artistikorako beka jasotako garaian. Erakusketa Barriek programaren barnekoa da. Horren bidez, azken urteetan, beka jaso duten artista gazteen banakako erakusketak jarri dituzte azken hilabeteotan Rekalde aretoan. Lanak uztailaren 1era arte ikusi ahalko dira.
Guztira, paper gaineko hamazortzi tinte jarri ditu ikusgai. Horietan guztietan Urrutiak bere lanean ohiko den gama kromatiko mugatua erabili du. Grisak, beltzak eta zuriak baliatu ditu eta irudi lausoak sortu. Figurazio horretatik abiatuta, artista irudikapen partziala eta subjektiboa egiten saiatu da. Hala, ikusmena zaildu eta irudiei indarkeriazko eta misterio kutsua eman die, eta giro malenkoniatsua sortu: «Zirriborraturik daude, berez hori delako nire lan egiteko era. Kasu honetan, aurpegiak ikusten ez diren arren, eszenak berak irudiak dakarrenagatik ezagutzen dira, ez aurpegiengatik. Ez duzu behar horko hori nor den jakitea: zer gertatzen den jakinez gero, badakizu».
Izan ere, artearen historian ikur bihurtu diren argazkiz baliatu da lanak sortzerakoan. Beste batzuen artean, Vienako akzionismoko zenbait artistaren lanak izan ditu oinarrian, hala nola Rudolf Schwarzkoglerren eta Otto Muehlen performanceen dokumentuak: «Vienako akzionismoaren inguruan interes handiarekin hasi nintzen. Artista batzuen lana segitzen hasi nintzen; Otto Muehl, Guenter Brus eta horrelako artistena lehenengo, eta, gero, zabaltzen hasi zen performancearen inguruko nire interesa».
Urrutiak azaldu duenez, lanen bidez, artearen historia berrikustearekin batera, 70eko hamarkadan izandako errepresio garaia ere berrinterpretatzen da. «Izan ere, orduko artearen interpretazio hori gizarteak zuen krisitik dator».
Alabaina, haren helburua ez da lan horien bertsioa egitea edo berriro interpretatzea. Baizik eta berez dokumentu soila izateko sortutako argazkien irudikapen estetikoa egin nahi izan du: «Eurek dokumentatzeko baliatutako argazki horiek artelan gisa saldu dituzte, eta dirua egin dute horien bidez. Museoetan ikusgai daude lan horiek, baina argazkiak daude, ez lanak. Dokumentazioa arte bihurtu dute. Niretzat, arteaekintza bera zen, ez argazkia bera. Nik dokumentu izan behar zuen argazki hori hartu dut eta buelta eman diot, nolabait».
Osotasun partekatua
Irudiak batera kokatu ditu, film bateko sekuentziak balira bezala. Hala, berez independenteak diren eszenek osotasun berri bat sortzen dute, errepresentazio beraren inguruko metafora eginez. Irudiek berek filmaren sentsazioa indartzen dute erabilitako enkoadre eta plano moten aniztasunaren bidez. Bide horretan, artistak zinema, telebista eta argazkigintzaren aipamena egiten du.
Erakusketako artelanak aurretik Madrilen eta Galizian ikusteko aukera egon zen, eta lehen aldiz ikusi ahalko dira Bilbon: «Niretzat, orain lau urte erakutsitako lan bat erakusteak hori dauka, karpeta baten ahazturik geratu diren lanei berriro heltzea eta Bilbon aurretik ikusi ez diren lan horiek hartu eta ekartzea».
Madrilgo Casado Santapau arte galerian beste erakusketa bat prestatzen ari da Urrutia. Horretan, artearen historia berrikusiko du. «Ez ditut artearen historiako lanak irudikatuko, baizik eta Kaspar Friedrich artistaren lanetatik jasotako sentipenak hartuko ditut nire lanak sortzeko. Sentipen horien berrinterpretazioa da gehiago, lanena baino». Erakusketa irailean inauguratuko dute. Urrian, berriz, haren lan bat Bilboko Guggenheim museoko 103B aretoan izango da ikusgai. Izan ere, Guggenheim Bilbao Horma artista gazteentzako lehiaketako irabazlea izan da.
'Aktionismus', 18 dokumenturen irudikapen estetiko berria
Vienako akzionismoko performanceen argazkiak hartu ditu oinarritzat Alain Urrutiak Rekaldeko erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu