Akordeen sugarra ez da itzali

Su Ta Garrek 'Antzokietan' disko bikoitzean eta DVDan jaso du joan den urtean egindako bira berezia. Aurten 30 urte beteko dira oholtza gainera lehenengoz igo zirela

30 urtez oholtza gainean aritu ostean, antzokietan barrena egin zuen bira Su Ta Garrek iaz. GONTZAL GARATE ARRIETA.
Maider Galardi
2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Bi gitarra, baxua eta bateria; pianoa bazter batean. Isiltasuna eta iluntasuna nagusi. Lehen akordeek hautsi dute tentsioa, baina igarri da urduritasuna. «Antzokietako formatuan eszena gainera igo ginen lehen aldi hartan, lehen abestian, oso urduri geunden», aitortu du Aitor Gorosabel Su Ta Gar taldeko abeslariak. Jendeak arretaz aditu du Zoramena abestia, eta, amaitzerako, txalo zaparrada batez lehertu da aretoa. «Sekulako indarra eman zigun; benetako erronka izan da antzokietako bira». Hala, sumatu zuten taularatze lasaiagoa izanagatik ez zutela sugarra galdu. Bizipena nolabait gorde behar zela pentsatu zuten, eta, horregatik, Antzokietan disko bikoitza eta bideoa kaleratu dute: «Ez dadin soilik jendearen oroimenean gelditu».

Oholtzan kementsu aritzera ohituta dago taldea, eta antzokiaren biluztasunak «errespetua» ematen ziela azaldu du Gorosabelek: «Ez genuen gure abestien bertsio akustiko bat egin nahi; gure kanturik intimoenak oholtzaratu nahi genituen gure indarra galdu gabe». Horretarako aukera aproposa bilatu zuten 2016an Maitasunari pasioa diskoa argitaratzean: «Ez zen kalean jotzeko disko bat, eta antzokietako formatua lehenetsi genuen aurkezpen bira egiteko». Joan den urteko ekainera arte aritu ziren aretoz areto diskoa aurkezten, eta Donostiako Viktoria Eugenian, birako azken kontzertuan grabatu zuten argitaratu duten zuzenekoa.

Su Ta Garren jarraitzaile sutsuek bazuten errezelo bat, ez ote zen ikuskizun «bigunegia» izango; hala aitortu izan diete. Emaitza, ordea, bikaina izan dela uste du Gorosabelek: «Kaleko kontzertuetara joaten den jende askok esan digu antzokietako bira gozatu duela. Ausartu ginen zerbait berezia egitera, eta emaitza ona izan da».

Memoria ariketa bat ere izan da ikuskizuna. Urteetan jo gabe utzitako hainbat abesti oholtzaratu eta jaso dituzte lan berrian. Horren adibide dira Hitz margotuak, Zuloaren zuloan eta Bere hitzen falta abestiak. «Badira kasik 20 urtean jo ez ditugun abestiak, baina gure diskografiaren parte dira. Berreskuratze bat izan da, ahalik eta fidelena».

Horretarako, «denboran ibilbide bat» egin dute, eta azken urteetan kaleratutako lanei gainbegiratua egin. Izan ere, aurten 30 urte beteko dira taldea lehen aldiz oholtzaratu zela, eta atzera begirako lana egin dute Antzokietan diskoarekin eta DVDarekin.

Aurrera begira, gogotsu

Taldearentzat urte berezia izan arren,ez dute pentsatu zer egin urteurrena ospatzeko: «Joan den urteko azken hilabeteetan kaleko kontzertuetara itzuli ginen, eta ez dugu aldaketa handirik egingo. Abesti zerrenda moldatu dugu apur bat, besterik ez», azaldu du Gorosabelek. Datorren astean Alegian (Gipuzkoa) eta Baionan (Lapurdi) arituko dira

Su Ta Garren ibilbideari gorazarre egin nahi dio laukoteak, baina, oraingoz, ez dute ideia garbirik. Disko berri batekin edo bira berezi baten bueltan bildu nahiko lituzkete jarraitzaileak, baina, oraingoz, ez dute finkatu proiektu berezirik. Gainera, iazko Antzokietan ikuskizunarekin lortu zuten berezitasun hori azpimarratzea. Beraz, egitekotan, zerbait berria egitea da asmoa.

Edonola ere, urte hasierari gogor heldu dio taldeak, eta honezkero baditu lehen hilabeteetarako hainbat kontzertu lotuak. Gaztetxeetan, herriko jaietan eta aretoetan egingo dituzte lehen emanaldiak.

Abeslaria pozik dago taldeak harrera handia duelako oraindik: «Duela zenbait urte egin genuen apustua honako hau gure ogibidea izateko, eta lortu dugu». Badakite duela hiru hamarkadatik hona hamaika izan direla sortutako eta ospea lortutako taldeak, baina, Gorosabelen ustez, Su Ta Garrek ongi heldu dio boladari: «Ez gaude moda-modan, baina ez gara inoiz modaz pasa». Oraindik antzokiak, plazak eta aretoak leporaino betetzea, horixe da taldearen ilusioa, eta beste hainbeste urtez giro horretan lanean aritzeko indartsu daude oraindik. Garai berrietara nola egokitu, hori izango da erronka handiena, Gorosabelen ustez: «Hasi gineneko garaia eta gaur egungoa ez dira berdinak».

Aro berrietara moldatzen

Azken urteotan gertatutako hainbat aldaketaren lekuko izan da taldea: «Testuingurua aldatu da, ohiturak beste batzuk dira, eta kontsumo eredua ere bai». Teknologia berriekin, esaterako, musika entzuteko modua aldatu dela aitortu du Gorosabelek: «Lehen, taldeak eta kontzertuak kontsumitzen genituen. Orain, errazagoa da abestiak kontsumitzea».

Ondorioz, uste du jende gazte gutxiago joaten dela kontzertuetara: «Talde ospetsuak ikustera joaten da jendea, bainaezagunak ez diren talde on asko daude». Gauza bera gertatzen da euskal heavy metalarekin ere: «Oraindik azpiratuta dagoen musika estilo bat da. Ez dago modan, eta gutxi batzuen gustuko musika dela uste dute gehienek».

Ohartarazi du, gainera, Interneten ere mundu berri bat zabaldu dela eta taldea arduratzen dela kudeaketaz: «Borxa eta Xabi taldekideak dira sare sozialen eta webgunearen kontua eramaten dutenak. Horretara ere moldatu behar izan dugu».

Finean, ordea, Su Ta Garrek berezko duen indarrari heldu dio, eta hurrengo urteetarako erronka ere horixe izango dute: jatorrizko kemena galdu gabe unean-unean gustukoen duten hori oholtzaratzea, akordeen sugarra ez dadin itzali.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.