Iritzia

Akordatzen, Joxe?

Miel Anjel Elustondo
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Akordatze' al tz'a, Joxe? —... —Zeuk kontatuta dakit... Txikitan, negua luzea eta iluna beltza izan ohi zela Ergoienan. Lan faltarik ez zela izaten Sariarte baserrian. Gari jotzea zela, artazuriketa, gaztaina biltzea… Lanok egin bitartean kontu kontari kontu zaharrak kontatzen zituztela zuek baino zaharragoek. Orduan entzun zenituela Txomin Ipurdi, Mari Xor, Txerri beltza, Aralarko txabola eta gainerako kontuak. Guraso, osaba-izeba, aitajaun-amandreen inguruan lanean, batzuetan, eta endredoan, besteetan, entzuten omen zenituzten kontuak... Akordatze' al tze'a, Joxe?

—...

—Zeuk kontatuta dakit, eta zuri etorria moztu zitzaizun garaian, zu baino gazteagoek kontatu ziguten. Zu fraide gazte Lazkaon, eta hamar urteko mukizuak ere ez omen ziren orain hango nagusi Rufino, honen anaia, Bittor, edo gazteago Juan Luis Plazaola… Zaindari omen zintuzten. Eta arrosarioa errezatu behar, edo artoa zuritu behar, eta jolasean mutikoak, geldirik egoten ez, eta esaten zeniela: «Eta txintxo portatzen bazarete, kontu zaharra kontatuko dizuet gero». Eta mantzanila biltzera joaten zinetenean ere, kontu zahar eske hasten omen zitzaizkizun gaztetxo haiek. Akordatze' al tze'a, Joxe?

—...

—Zeuk kontatuta dakit… Caracasen izan zinenean ere kontatu izan zenuela kontu zaharrik… gaztelaniaz! Eskola ematen jardun zenuela urte batez, hogeita hamar mutiko, hamar-hamabi urtekoak sailean, eta haietan gogoa sumatzen zenuenean han hasten zinela Mari Xor gora eta Txerri Beltza behera. «Txerri beltza jan huen eta paga ezak!», hoska gaztelaniaz. Baina esaldiak ez omen zuen indar bera gaztelaniaz… Akordatze' al tze'a, Joxe?

—...

—Handik urteetara, Estibalitzen gertatu omen zen Latxaga, Jose Maria San Sebastian, aita Mauro Elizondok zituen Sabino Aranaren eskutitz zenbaiten peskizan, eta zure kontuen berri eman ziotela. Hark bultzatuta aldatu omen zenituen mintzotik paperera txikitan Sariarten entzundako kontuak. Abstrakzio ariketa egin omen zenuen, eta zuen abata Ixidro Baztarrika kartzelatzeak sortu zizun ondoez eta estresa arintzeko botika izan zenuela Kontu Zarrak liburu berdea idaztea. Akordatze' al tze'a, Joxe?

—...

—Ez zara akordatzen... Ez dio inporta. Neuk kontatuko dizkizut urte askoan zeuk kontatu izan dizkidazunak! Behin eta berriz eta askotan kontatuko dizkizut denak, Sariartekoak, Lazkaokoak, Caracaskoak eta Estibalizkoak. Eta, tartean, baita bizi osoan kontatu izan dituzun kontu zahar miragarriak ere. Goñiko Zalduna, Txomin Ipurdi, Morroi azkarra… Akordatze' al tze'a, Joxe? Akordatze' al tze'a? Akordatzen?

—...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.