Hamar urte atzera, sorgin ehizaren inguruan historialari frantses batek idatzitako liburu bat irakurri zuen Pablo Aguero zinemagile argentinarrak. Gaiak harrapatuta, haren gaineko ikerketan murgildu zen, eta, Pierre de Lancre inkisidorearen testuen bidez, Euskal Herriko kasura iritsi zen. Bide horren emaitza da Akelarre filma. Euskal Herrian grabatu zuen lana, eta orain bi aste, Donostiako 68. Zinemaldian estreinatu zuen, Sail Ofizialeko lehian. Orain, zinema aretoetara iritsiko da; gaurtik aurrera ikusgai izango da Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herrian ikusteko, aldiz, datorren urte hasiera arte itxaron beharko da.
1609. urtean dago girotua istorioa, euskal kostaldeko herri batean. Neska gazteen talde bat eguneroko lanak egiten dabil, berriketa eta txantxa artean. Ezustean, soldaduak azalduko dira, eta modu bortitzean atxilo eramango dituzte. Inkisizioaren epaile batekin agertu dira herrian, eta sorginkeria leporatuko diete andreei. Euskal Herrian grabatu zuen filma Aguerok, eta euskaraz eta gazteleraz mintzo dira pertsonaiak. Hiru euskal ekoiztetxeren, eta Argentina, Bretainia eta Parisko beste batzuen koprodukzioa da.
Zinemaldiko egunek aho zapore gozoa utzi zioten filmeko lantaldeari, Kowalsky Filmseko Koldo Zuazuak BERRIAri azaldu dionez. «Poz izugarria hartu genuen Sail Ofizialean parte hartuko genuela esan zigutenean, guretzat ohore handia baitzen». Zinemaldian filmak izandako harrera ona izan dela uste du ekoizleak, «orokorrean, erantzuna nahiko ona» izan dela. Sariengatik du pena, Dasatskisi filmak lau irabazita, beste lan asko geratu baitira aitortza horrek dakarren bultzadarik gabe. Baina argi du jaialdian izateak berak ere bultzada handia ekarri diola Akelarre-ri. «Halako film batek nahiko zaila du mediatikoki existitzeko, eta ikaragarria da Zinemaldiak ematen dizun anplifikazioa. Hedabide guztietan egon gara; arreta foku handi bat ematen dizu jaialdian egoteak».
Aretoetakoa du orain hurrengo erronka filmak, eta ekoizleak aitortzen du ez dela garairik errazena. Batetik, osasun krisiaren eraginez, saio gutxiago izaten dira hainbat zinematan. «Hori azken emaitzan sumatuko dugu». Eta, bestetik, beste hainbat lan ere estreinatuko dira gaur; tartean, Woody Allenek Donostian grabatutako Rifkin's Festival. «Film hori guretzat konpetentzia zuzena izan daiteke Euskal Herrian».
Hori Hego Euskal Herriko aretoei dagokienez, Ipar Euskal Herrikoetara geroago iritsiko baita Akelarre. «Frantziako banatzaile bat badugu jada, eta pentsatzen ari dira datorren urte hasieran estreinatzea, urtarrilean edo otsailean». Zuazuak pena du ezingo dutelako lana Euskal Herri osoan aldi berean estreinatu. Baina poza ere bai, Hego Euskal Herriko aretoei begirako datuengatik. «Espainiako Estatuan 80 kopiarekin aterako gara, eta %90 Euskal Herrirako izango dira». Hiriburuetara ez ezik, lau herrialdeetako udalerri askotara ere iritsiko da filma, 40 aretok eskatu baitiete dagoeneko. «Ikaragarria da hori».
Lau urteko bidea
Ibilbide luzea egin du filmak aretoetara iritsi bitartean. 2017. urtean, Arte Kino International Prize saria irabazi zuen proiektuak Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroan, eta bultzada horrekin jo zuten ostean Argentinako Ventana Sur merkatura. Pixkanaka joan ziren koprodukzioa josten, eta, behin finantzaketa lortuta, iaz hasi ziren grabatzen: Urbasan (Nafarroa) eta Barrikan (Bizkaia), besteak beste. Bi kamerarekin jardun ziren, eta horrek zenbait eszenatan naturaltasun handiagoa lortzea ekarri zuen, Zuazuaren ustez. 100 ordu inguru grabatu zituzten, gero 90 minutura ekartzeko. Aktoreen aukeraketa prozesua ere ekarri du gogora, eta probetan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkie.
Ez da ohikoena zinemagile argentinar batek lan bat Euskal Herrian eta euskaraz ontzea. «Zinematografia oso berezia du Pablok. Denbora zeraman istorio hau lantzen, eta proposamen interesgarria iruditu zitzaigun. Hemen, sorgin ehizaren gaia beti egon da presente, baina, Pedro Oleak egin zuenetik [Akelarre, 1984], inork ez zion berriro ere heldu». Istorioaren garaikidetasuna ere nabarmendu du ekoizleak.
'Akelarre' filma gaur iritsiko da Hego Euskal Herriko aretoetara
Pablo Aguero zuzendari argentinarrak Donostiako 68. Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuen sorgin ehiza ardatz duen lana. Ipar Euskal Herrian, 2021. urte hasieran emango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu