Aizkora zorroztuen garaipen dantza

Zortzi mila zaleren aurrean ia hiru orduko kontzertu ikusgarria egin du Fermin Muguruzak Bilbo Arenan, 40 urteko ibilbidearen omenez egingo duen birako bigarren kontzertuan.

Fermin Muguruza, atzoko kontzertuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Fermin Muguruza, atzoko kontzertuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
2024ko abenduaren 21a
17:10
Entzun

«Geurea da garaipena» aldarrikatzen zuen Negu Gorriak-ek 1990eko hamarkadaren hasieran. Aldarriak indar handiagoa hartu zuen hamar urte geroago, Enrique Rodriguez Galindori epaiketa irabazi ostean. Izaera berria hartu du 2024an, Fermin Muguruzak 40 urteko ibilbidea dela eta iragarri duen biragatik. Berea da garaipena, euskal kulturaren aizkora zorrotzena. Lehen kontzertua Miarritzen jo ostean (Lapurdi), Atabal aretoan, bigarren emanaldia Bilbo Arenan egin zuen atzo. Zortzi mila zale bildu zituen, hainbat belaunalditakoak. Kostata ahaztuko dute kontzertua.

21:00etarako lau minutu falta zirela itzali ziren, eszenatokikoa salbu, pabiloiko gainontzeko argiak. The Kingstonian taldearen Hold down entzuten zen bozgorailuetatik, eta The Creationsen Mix Up Girl izan zen hurrena. Toots and the Maytalsen Monkey Man-ekin itzali ziren oholtzako argiak, eta piztu eztarriak. Ordurako, mukuru zen pista —are gehiago beteko zen—, eta bere lekuen bila zebilen jendetza harmailetan. Palestinako eta Libanoko banderadun kartulinak zituzten zain. Oholtza ondoan ere, bi bandera handi: Palestinakoa, Gernika margolaneko pertsonaietako batekin, eta euskal presoen babeserako banderola.

Bideo labur baten ostean igo ziren taula gainera Fermin Muguruzaren taldekideak, ibilbide osoko diskoen azalak proiektatzen ziren bitartean. Maputxe abesten hasi ziren Xabi Solano, Lide Hernando eta Matah. Abestia amaitzerakoan batu zitzaien Muguruza, «akelarre antifaxista» hasteko. Urrun jo zuten jarraian, eta berehala antzeman ziren kontzertuaren nondik norakoaren konstante batzuk: izugarrizko maila du taldeak, eta biraren bigarren kontzertua bada ere, ordu dezente eman dituzte entseatzen; eta, bestalde, asko zaindu dute pantailen erabilera. Adibide gisa, Aitor Zabaletaren, Iñigo Cabacasen eta Federico Aranbururen irudiak ikusi izana Urrun-en, edota Eguraldi lainotsua hiriburuan-en 2022an Philippe Poutouk Frantziako hauteskundeetan erabili zuen kanpainako bideoa.

(ID_14531472) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-12-20, Bilbo. Fermin Muguruza kontzertuan
Muguruza, kantuan, atzean Aitor Zabaletaren irudi bat duela. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Brigadistak Sound System (1999) laneko hiru abesti jo ostean, ibilbidean atzera egin zuen Muguruzak, Kortaturen garaira, Hay algo aquí que va mal-ekin (1986). Aurretik, baina, gogoan izan zituen Korrika Irundik (Gipuzkoa) Hendaiara (Lapurdi) igaro zenean etorkin talde bati muga gurutzatzen laguntzeagatik auzipetu dituztenak. Hor kontzertuaren beste konstante bat: festa giroa bai, baina aldarrikapenek ere lekua izan zuten. Balazalak (Asthmatic Lion Sound Systema, 2008) izan zen bosgarren kantua, eta La línea del frente hurrengoa.

Kortaturen lehen bi abestiek ordura arte baino gehiago piztu zituzten zaleak. Pentsa zitekeen 40 urteko musika ibilbidea biltzen duen bira batean nostalgiak presentzia handia izango zuela, taula gainean zein oholtza azpian; baina ez zen halakorik izan. Tentu handiz orekatu zuen atzera begirakoa Fermin Muguruzak. Jarraitzaileei dagokienez, geroago iritsiko da nostalgiarako tartea, bira amaiera hurbiltzen hasten den heinean.

Abesti zerrendaren oreka horretan, lekua izan zuten nolabait bigarren mailan geratu diren lan edo abestiek. 2017an The Suicide of Western Culturerekin batera argitaratutako B-Map 1917+100 ez da izan Muguruzaren ibilbideko diskorik arrakastatsuena, baina utzi zituen hainbat harribitxi, tartean Berlin - Ulrike Mainhof, bikain girotua, 1970eko hamarkadako Mendebaldeko Alemaniako protesten eta Poliziaren jazarpenaren irudiekin.

Talde puska oholtzan

Haize instrumentuek iragarri zuten In-Komunikazioa-ren hasiera (2002). Taldekideak kontzertu amaiera aldera aurkeztu bazituen ere, ordurako aski ondo aurkeztu zuten beren burua guztiek, luzimendurako tarte handia izan baitzuten —betiere abestiaren mesedetan—. Muguruzaren bizkarrezurra izan ziren Gloria Maulet, baterian; Gerard Chalart 58, perkusioetan; eta Victor Navarrete baxu jotzailea. Jon Elizaldek, Aritz Lonbidek eta Igor Ruiz Fino-k, «punk-rockaren haizeek», ederki hornitu zituzten abestiak; nonahi ageri zen Xabi Solanoren trikitia; eta Lide Hernando gitarra jotzailearen eta Matah-ren ahotsek kontrapuntu bikaina eskaini zuten. Oso ongi pentsatuta daude birarako espresuki prestatutako moldaketak, eta hobetu egin zituzten jada onak diren abesti guztiak. Bat aipatzearren, bereziki bortitza izan zen Bidasoa fundamentalista (Ireki ateak, 1997).

(ID_14532637) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-12-20, Bilbo. Fermin Muguruza kontzertuan
8.000 pertsona bildu ziren atzo Bilbo Arenan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Desmond Tutu izan zen Aizkolari (1985) diskoko lehen abestia. Emanaldiak aurrera egin ahala iritsi ziren Nicaragua sandinista,Zu atrapatu arte, El último ska eta Sarri, Sarri. Hala, kontzertuak Fermin Muguruzaren ibilbideko lan guztietako abestiak bildu zituen, baina Aizkolari izan zen gehien entzun zen diskoa.

Newroz, Big Beñat, Azoka eguna, After bolchevique, Kolore biziak... Orotara, 35 abesti, interludioren bat barne; bi ordu eta 45 minutuko ikuskizuna. Emanaldiaren erdialdera Jon Maia igo zen oholtzara, segidilla bat abesteko, «Lehengo neguak/ gaurko udaberriak» esanez amaitu zuen puntuz puntukoa.

Negu Gorriak, elkarturik

Egon zen une hunkigarririk. Guztietan hunkigarriena, Iñigo Muguruzari eginiko omenaldia. 60 urte beteko zituen egunean abiatu zuen bira anaia Ferminek, eta Miribillan ere gogoan izan zuen sarri. Eztarrian korapiloa sortu zuen Bizitza zein laburra den kantuaren moldaketak. Begirunez betetako txalo eztandarekin erantzun zuten jarraitzaileek.

Zaleen une gogoenetako bat Kaki Arkarazo, Mikel Kazalis eta Mikel Abrego Pintza oholtza gainean ikustea izan zen. Bestela esanda, Negu Gorriak, oso osorik oholtza gainean berriro. Bai, osorik, inork ez baitu ukatuko Iñigo Muguruzaren irribarrea Bilbo Arenan ez zegoenik. Birako taldearekin batera gehitu ziren B.S.O. jotzeko (1991); bigarren eta azken kantua Itxoiten izan zen (1993). 

(ID_14532635) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-12-20, Bilbo. Fermin Muguruza kontzertuan
Atzoko kontzertuko irudi bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gonbidatu berezirik ere izan zuen kontzertuak: Radio Rahim-en (1996) dantzatu zuten Follow the Party mugimenduko bi kidek, haize instrumentuen atalera batu zen Asier Villalibre futbolaria FM 99:00Dub Manifest-en (2000), eta amaiera festan parte hartu zuen Itziar Ituño aktore eta musikariak Sarri Sarri-n.

Fermin Muguruzarekin askotan gertatzen den bezala, ia ezinezkoa da aipamen eta keinu guztiak lerrootara ekartzea: besteak beste, gogoan izan zituen Kurdistan, Palestina, Libano, euskal preso politikoak, adierazpen askatasunaren aurkako operazioetan jazarri dietenak (Ernai, Yakovlev42 taldea) eta beste hainbat borroka eta aldarrikapen.

Bi orduren ostean, atseden txiki bat hartu, eta bisei ekin zieten. Lehenik, Internazionala; El último Ska, taldekide guztiak aurkezteko eta Yalah, Yalah, Ramallah!, Palestina eta Libano babesteko. Kontzertu hasieran eserlekuetan zituzten banderak altxatu zituzten zale guztiek une hartan.

(ID_14531213) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-12-20, Bilbo. Deskontrol taldeko kontzertua
Ikusleek Palestinako banderak altxatu zituzten kontzertuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Azken atseden bat, eta Gora herria amaierako balekin hasteko. Zaleek bazekiten bi ordu eta erdiren ostean gertu zela amaiera, eta erruz dantzatu eta kantatu zuten. «Lehendakaria» gonbidatu zuen Muguruzak oholtza gainera azken abestirako; hau da, Itziar Ituño, Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria. «Kriston martxa» iritsi zen Sarri Sarri-rekin, espero zen amaierarekin. Baina Muguruzak beti du beste keinu bat gordea, eta euskal presoei eskainitako Hator hator gabon kantaren moldaketak itxi zuen Bilbo Arenako lehen kontzertua.

Herrera de la Mancha, Anoetako belodromoa, Anaitasuna, Casilla... mugarri asko ditu Fermin Muguruzak. Aurrerantzean, beti izango dugu Bilbo Arena. Eta geratzen direnak. Bira hasi besterik ez da egin. Bilboko kontzertuen ostean, Donostian, Anoeta futbol zelaian izango da Euskal Herriko hurrengo kontzertua, ekainaren 14an, eta Nafarroa Arenan azkena, Iruñean, urriaren 4an. Hura izango da Moskuko lehoiaren bira horretako azken guda dantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.