Txomin L. Aramaio. Marabilli jaialdiaren antolatzailea

«Aitzolek kezka asko zituen, eta Marabilli horien isla izango da»

Aitzol Aramaio zenak buruan jiraka-biraka zeuzkan ideietan oin hartuz antolatu dute Marabilli jaialdia, Ondarroan. Gaur hasiko da.

Irune Berro Urrizelki.
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Urte eta erdi igaro da Aitzol Aramaio zinemagilea (Ondarroa, Bizkaia, 1971-2011) zendu zela. Herrikideek ez dute ahazten, eta lagun eta senideek gorazarre egiteko jaialdi bat antolatu dute. Marabilli izena eman diote musika, zinema, antzerkia, bertsoa eta artea uztartuko dituen festibalari.

Nola sortu zen jaialdia antolatzeko ideia?

Antolatzeko batu garenok koktel arraro samarra osatzen dugu. Aitzolen inguruko jendea gara; batzuk kuadrilla kuadrillakoak, eta beste batzuk parranda lagunak. Senide batzuk ere badaude tartean. Aitzolek bere garaian, Kirmen Uriberekin batera, buruan zuen horrelako jaialdi bat egitea Ondarroan. Askotan aipatzen zuten, baina esaten diren gauzak dira, eta gero ez dira inoiz martxan jartzen. Aitzolena gertatu zenean, duela urte eta erdi gutxi gorabehera, omenaldi txiki bat egin genion, plazan. Aitzolen ezagun pila bat etorri ziren, eta Kirmenen bitartez Gasteizko banda guztia ere bai: Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda... ETBn ibili zen lanean Aitzol, eta horregatik bazuen harremana Alex Sarduirekin, Ixiar Orejarekin... Denen artean jaialditxo bat egin genuen. Bakoitzak abesti bat kantatu zuen, eta elkarrekin negar egin genuen. Parrandan geratu ginen gero, eta hizketan hasi ginen beste zerbait egin beharko genukeela. Jaialdi bat, Aitzolek buruan zuenaren modukoa. Ideia pixkanaka sortu zen, eta, azkenean, Marabilli bihurtu da.

Nondik datorkio jaialdiari Marabilli izena?

Aitzolena da hitz hori. Pozik zegoenean guztiari esaten zion «marabillosu». Kirmenen ezkontzan mahai berberean egon ginen, eta postrea heltzerako papertxo batean apuntatua nuen zenbat alditan esana zuen «marabillosu» edo «marabilli». Karteletan ez beste euskarrietan erabili dugun grafia, gainera, harena da. Kirmeni idatzi zion gutun batetik atera dugu, eta atera ditugun kamisetetan eta txapetan erabili dugu.

Hainbat arlotako sortzaileak bildu dituzue. Oso jaialdi zabala antolatu duzue.

Kirmenek horrelako zerbait zuen buruan, nik beharbada ez hainbeste. Baina hamabost lagun batu gara, eta bakoitzak mundu bat ukitzen du justu. Kirmenek literaturarekin du lotura; Josu Izagirre Telenorten dabil lanean, eta bere garaian film laburrak egiten zituen. Kafe Antzokiko programazioaz arduratzen naiz ni, eta musikariekin harreman nahiko zuzena daukat. Bakoitza bere esparrutik tiraka, eta Aitzolek ezagutzen zuen jende guztiarekin, jaialdi nahiko multidiziplinarra atera da. Zerbait desberdina egin nahi genuen. Eta lortu egin dugula uste dugu. Inguruan dauzkagunak musika, zinema, literatura edo antzerki jaialdiak izaten dira, etaMarabillik hainbat arlo ukituko ditu.

Aitzol Aramaioren barne munduaren isla dira arlo horiek guztiek?

Baietz uste dut. Aitzol ez zen zinemagilea bakarrik. Adibidez, musika oso modu indartsuan bizi zuen. Ikustea besterik ez zegoen gustuko talde bat Ondarroara zetorrenean nola jartzen zen, eta gaztetan ere ibili zen musika talde batean sartzeko ahaleginetan. Argazkilari ere izan zen. Jugoslavia banatu zeneko gerran argazkiak ateratzen ibili zen, eta gero erakusketa bat egin zuen. Chiapasen ere egon zen argazkiak egiten. Kezka asko zituen; ez zen zinemaren mundura mugatu.

Aitzol Aramaiori gorazarre egiteko helburu nagusiaz gain zein beste asmo dauzka Marabillik?

Lehenik eta behin, Aitzol omentzea da helburua. Eta aparte, Ondarroa, egun batzuetan bada ere, erreferentzia kultural bihurtu nahi dugu. Jaialdiak edukia, mamia izan dezan nahi dugu. Hau da, zerbait utz dezan. Eta jendeak parte hartzeko aukera izan dezan. Kontzertu batean ez da erraza beharbada. Artista ikusi eta kito, hor amaitzen da. Baina badaude beste saio batzuk parte hartzerako aukera ematen dutenak. Eta nahi dugu lotura bat sortzea artisten eta ikusleen artean. Adibidez, Sormena hamar minututan ekitaldian, ikusleek artistei galdetzea nahi dugu, harreman bat sortzea.

Jaialdian hausnarrerako eta parte hartzerako tartea izan dadin nahi duzue. Asmo horrekin antolatu duzue euskal kulturgintzak hedabideetan jasotzen duen arretari buruzko mahai ingurua, esaterako?

Aiert Goenaga Durangoko Azokako oraingo zuzendaria ondarroarra da, eta hark eskaini zigun mahai inguru hori egitea. Gerediagak antolatu du. Intentzioa da Marabillik jarraipen bat izatea. Aurten ikusiko dugu zerk funtzionatzen duen ondo eta zerk ez hain ondo. Hurrengo urtean nondik jo erakutsiko digu.

Hortaz, datozen urteetan ere egingo duzue jaialdia?

Datorren urteko jaialdia %99 dago bermatua, ez badugu elkar hiltzen arinago [barrezka esan du]. Beste ekitaldi bat egingo dugu, ia ziur. Hortik aurrerakoa ez dakigu. Agian bi urterik behin egingo dugu. Diru laguntzek baldintzatuko dute neurri handi batean jaialdia.

Diru laguntzak jaso dituzue?

Ondarroako Udalaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaso ditugu. Ez gara heltzen 30.000 euroko aurrekontura, baina laguntzak ez dira oso handiak izan. Eta diru sarrera alternatiboak bilatu ditugu. 200 kamiseta atera genituen. Zapatu Azule egunean erdiak saldu genituen; eta jaietako egun batean, beste erdiak. Pasa den astean, beste 500 atera genituen, eta asteburu bakar batean 200 saldu ditugu. Herritarrek gogoa badutela argi dago.

Egitarau benetan oparoa ondu duzue. Sortzaileen aldetik erantzun zabala jaso duzuela nabarmena da. Espero zenuten?

Egia esan, harritu gaitu. Askok bazeukaten Aitzolekin tratua, baina oso erraz lotu ditugu. Erakutsi duten gogoak eta prestasunak harritu gaitu. Oso zaila izan da baiezkoa eman diguten guztiei toki bat egitea. Hasiera batean, egun bakarreko jaialdia izango zen, eta, pixkanaka, egunak gehituz joan gara. Hala ere, denak ezin izan ditugu sartu, eta hurrengo urterako utzi ditugu batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.