Dantzaldia jaialdiko kideek memoria ariketa bat egin nahi dute. Atzera begiratuko dute etorkizunera egiteko, Laura Etxebarria Fundicion aretoko kide eta jaialdiko zuzendariaren esanetan. «Dantza garaikidearen eremuan aitzindariak izan diren artisten begirada izango dugu horretarako». Fabian Thome koreografo eta dantzari madrildarraren Entre dos sombras ikuskizunarekin hasi zen Bilboko XIX. Dantzaldia nazioarteko dantza jaialdia, atzo, eta dantza garaikidea ardatz duten beste zazpi saio egingo dituzte azaroaren 29ra bitarte, Bizkaiko hiriburuko hainbat aretotan. Jaialdiko sarrerak salgai daude jada.
Dantza garaikidea ahalik eta herritar gehienengana iristeko helburuarekin sortu zuten jaialdia, eta hasierako xedeari tiraka ari dira oraindik, hemeretzigarren aldian ere. Horregatik, atzera begira jarri dira aurten. «Aitzindari izan diren hiru artistaren ibilbideari aitortza egin nahi diogu». Etxebarriak bereziki nabarmendu du datozen hilabeteetan jaialdian izango diren hiru artisten ibilbidea: Jerome Bel, Cesc Gelabert eta Olga Pericet.
«Jerome Bel Frantziako dantza modernoaren bultzatzailea izan zen. Hainbat konpainiarekin aritu ondoren, sorkuntza propioan murgildu eta dantzatzeko ildo berri bat zabaldu zuen mundu osora». Jaialdiko zuzendariak aitortu du ilusio bereziarekin jasoko dutela Bel; izan ere, artistak emanaldia eskaini zuen 1998an, Fundicion aretoan. Hasi berria zen orduan. «Aurkikuntza gisa etorri zen orduko hartan, eta aitzindari gisa dator orain». Dantzari paristarra urriaren 4an izango da Bizkaiko hiriburuan.
Gelabertek hiru pieza aurkeztuko ditu jaialdian. Dantzari eta koreografo katalanak ibilbide luzea du, eta, Etxebarriak nabarmendu duenez, oraindik ere nabarmena da haren eragina. «Dantza herritarrengana zabaltzeko saiakera berezia egin du beti, eta konpainia askoren irakaslea ere bada gaur egun». Bere obrak erakusteaz gain, azaldu ere egingo ditu. «Topaketa forman arituko da, publikoari etengabe azaltzen zertan ari den». Azaroaren 13an izango da Gelaberten saioa, Bizkaia Aretoan.
Pericet koreografoaren lana ere izan du hizpide. «Talde askorekin egin du lan eta, bere kabuz, flamenkoa berrasmatzen ari da orain». Dantzari madrildarra erreferentea da, Etxebarriaren esanetan, eta Carmen Amaya dantzariarekin eskainiko du Enfoque izeneko ikuskizuna. Azaroaren 10ean izango da hori, BBK aretoan.
Jaialdiaren hedapena
Bestelako gonbidatuak ere izango dira jaialdian. Kataluniako Mumusic Circusek emanaldia eskainiko duGuggenheim museoan, azaroaren 17an. «Kontrabaxuarekin hirukotea osatzen duen bikote baten ikuskizuna da». Amigoo piezak dantza eta akrobazia uztartzen du. Eduardo Guerrero dantzariak Guerrero izeneko ikuskizuna erakutsiko du azaroaren 22an, BBK aretoan, eta Marta Carrasco konpainiak, aldiz, Perra de nadie obra aurkeztuko du. Bi saio egingo ditu Fundicion aretoan, azaroaren 24an eta 25ean.
Azaroaren 29koa izango da azken ekitaldia: Asun Noales dantzariaren Rito ikuskizuna. «Noalesek instalazio artistiko bat sortu du. Artelan baten barruan sartuko da dantza piezan zehar». Dantza emanaldiez gain, hitzaldiak ere antolatu dituzte, baita topaketa akademikoak eta dantzarientzako eskola magistralak ere, Olga Pericetekin.
Aurtengo jaialdia hemeretzigarrena izango da, eta antolatzaileak pozik daude orain arte egindako ibilbidearekin. Urte osoko jardunaren isla da Dantzaldia. Nolanahi ere, dantza garaikidea bultzatzeko egunero egiten den lana azpimarratu du Etxebarriak.
Aitzindarien oraingo dantzak
Atzo hasi zen XIX. Dantzaldia, eta nazioarteko zortzi konpainia jasoko ditu azaroaren 29ra bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu