Itzulpena, eleberri laburra, komikia, poesia eta ipuingintza. Literaturaren esparruak biltzen dituen eremu ugaritara hedatu dute azpimarra BERRIAko helduen literaturako hiru kritikariek aurten, eta, titulu, egile, literatur genero eta argitaletxeen artean, barreiatu antzean gelditu da urteak letretan eman duenaren gainean egin duten errepasoa eta banatu duten aitortza. Lan gustukoenen euren zerrendetan, liburu bakarrean kointziditu dute bi kritikarik: Nerea Ibarzabal Salegiren Bar Gloria estreinako nobelan (Susa) —«Eleberri indartsua; girotze eta deskribapen ederrekoa, poetikotasun sotilekoa eta elipsi zein metaforen erabilera neurritsukoa», adierazi du, esaterako, Asier Urkizak—. Harekin batera ageri dira aurtengo nabarmenduen sortan Arantxa Urretabizkaia, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Joseba Larretxe, Angel Erro, Iban Zaldua eta Jon Benitoren izenak; eta Victor Catala idazle katalanarena eta W. G. Sebald alemanaren ere, zeinak euskarara heldu berri baitira.
Lan jakinez gaindi, urteko argitalpenek isla dezaketen joeren inguruan ere eman dute zertzeladarik kritikariek. Urteko argitalpenei begira antzematen den lehen gauza eskaintzaren «izaera askotarikoa» dela aipatu du, hasteko, Urkizak, eta azken urteetan irekitako hainbat lerro egonkortu egin direla uste du. «Ideia orokor batekin hasteko, esango nuke 1990eko urteetan eratutako kanonaren behin betiko hausturaren aurrean gaudela. Badirudi bukatu dela autore handien nagusitasuna eta, horrekin batera, narratiba handiena, nobela petoena; salbuespenak salbuespen, jakina». Eredu horren aldean, «formatu txiki eta hibridoen garaia» iruditzen zaio egungoa, eta horren adierazgarritzat ditu «ipuingintzaren zentralitatea eta «eleberriaren izaera zatikatu eta laburra». Kontamolde laburrago horrengatik, aurten argitaratutako zenbait lan frantses tradizioko nouvelle izendapenez sailkatzeko modukoak ikusten ditu; eta hor kokatu ditu, hain justu, Ibarzabalen Bar Gloria, Urretabizkaiaren Azken etxea (Pamiela), Anari Alberdiren Gari eta goroldiozko (Susa) eta Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori (Elkar).
Narratibatik, baina, ipuin liburuen ugaritasunari egin dio, batik bat, azpimarra Urkizak, eta bat etorri da horretan Nagore Fernandez ere. Zenbakiak errepasatu ditu, eta bai eleberrien eta bai ipuin bildumen kopuruak azken urteetako datuetan mantendu arren —produkzio osoaren %25 inguru eleberriak eta %12 inguru ipuin liburuak—, irudipena du aurtengo literaturako Euskadi saria ipuin liburu batek irabazi izanak —Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa-k— eman diola aparteko bultzada eta ikusgarritasuna aurten generoari.
Irati Majuelori, oro har, iazkoa baino «eskertuagoa» iruditu zaio aurtengo nobelen eta narrazioen uzta. Baina, hala izanik ere, zalantza zabalago bat plazaratu du: ea adar horietako lanez «baina-rik gabe gozatzeko urterik» helduko ote den. «Egon da lan nabarmenik, oinarri eta egitura sendokoak, proposamen original eta mamitsukoak. Horietako zenbait errealismo hutsetik aldendu dira, eta eskertzen da. Hala ere, ez eleberrigintzak, ez ipuingintzak ez dute goia jo», adierazi du. Ale «eder» batzuk irakurri ditu, baina ez du uste irakurleei «betetasun sentsaziorik» eman dien lanik egon denik aurten. «Izan argitalpen faltagatik edo izan proposamen batzuen indar, katigatze gaitasun, testura, ahots konplexutasun, jolas gabeziagatik».
Horren trukean, interesgarritzat jo ditu narratibaren barruan ohiko formatuetatik harago egin duten hiru argitalpen: Gari eta goroldiozko, Benitoren Lagun minak (Farmazia Beltza) eta Pello Lizarralde, Imanol Rayo, Imanol Ubeda eta Jose Ignacio Agorretak sinatutako Sastraka (Erein). «Interesgarria da oso zenbait idazlek diziplina eta generoen mugak hautsi eta sorkuntza hibridoak sortzeko egin duten saiakera».
Poesia eta komiki lanak
Zalantzatik, lehen berrespen batera: poesian zer irakurri badela baieztatu dio urteak Majuelori. «Akaso horrenbeste irakurle ez izateagatik, akaso idazleari biluzteko bezainbeste ezkutatzeko aukera ematen diolako, oparoa izaten da eskuarki poesiaren emaria euskal letretan». 2022ko uztan sumatu du jadanik bide bat egina duten egileak eta duela gutxi hasi eta jarraitzera «ausartu» direnak elkartu direla apaletan. Erroren Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— (Erein), Elena Olaberen Keinura itzuli (Susa), Juan Luis Zabalaren Mina hartzeko ere (Susa), Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak (Susa) eta Iosune de Goñiren Gorputz baten aztarnak elurretan (Bermingham) bildumak jo ditu intereseko aletzat.
Poesiaren «goralditxoa» sumatu du Urkizak ere, baina, alderdi kuantitatiboari begira, bestelako tonu bat hartu du Fernandezen iruzkinak, eta, kopuruz bederen, iruditu zaio ez dela «bereziki urte oparoa» izan aurtengoa. Datua ere utzi du: «Azken hiru urteetan, argitalpenen %21-23 izan dira poesia lanak, eta aurten koska bat jaitsi da, %20ren azpitik gelditu baita kopuru osoa».
Kontrako norantzan antzeman dituzte nobela grafikoak eta komikia. «2022an protagonismo handiagoa izan dute, bai kantitatez, bai kalitatez», esan du Fernandezek. Genero horren aldeko apustua, gainera, argitaletxe ugarik egin dutela gogorarazi du, eta haien plangintzetan presente dagoen alorra dela erakusten du horrek harentzat. «Irakurleek harrera hobea egiten dioten irudipena ere badut. Horren adibide argia da Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) Durangoko Azokako liburu salduenetarikoa izan zela». Aparteko aipamena egin dio lan hari Majuelok ere, ondoko beste bi lanekin batera: Ainara Azpiazu Aduriz Axpi-ren Utzi azalari (Dobera euskara elkartea) eta Adur Larrearen Lurbinttoko ohoinak (Txalaparta).
Itzulpena eta saiakera
Bigarren berrespen bat ere utzi dio urteak Majuelori: itzulpenak eta saiakerak «bide sendoak» hartu dituztela azken urteetan. «Horren adibide dira, bakoitza bere aldetik, munduko beste literaturetatik euskaratzen diren izen interesgarriak eta maila handiko itzulpenak edo euskarazko pentsamendurako sortzen diren sailak». Lehenengoen artetik, aurten Igelak itzulitako W. G. Sebald, Kae Tempest eta Sherwood Anderson, Ereinek ekarritako Luisa Carnes, Alberdaniaren eskutik heldutako Irene Sola eta Txalapartak ekarritako Victor Catala aipatu ditu; eta bigarren multzotik, berriz, Lisipe (Susa), Iparrorratza (Txalaparta) eta Upaingoa (Pamiela) bildumak.
Itzulpena eta saiakera bateratzen dituzten ekinbideak ere goratu ditu —Katakraken eta Jakinen plazaratuak, batik bat—, eta ohartarazi du badela gai bat ugari landu dena aurten: amatasuna. «Ikusi beharko da zeren ondorio den, zergatik orain, zeinen ahotsetik ari diren amatasunari buruzko diskurtsoak eraikitzen».
Urkizak, berriz, saiakera literarioen adarrean argitaratu diren lanei jarri die azpimarra, eta hiru argitalpen aipatu ditu, hirurak Alberdaniak plazaratuak: Iñaki Segurolaren Ganorexia, Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa eta Aritz Galarragaren Humanitatearen une gorenak. «Horrelakoak urri dira gurean, eta eskertzen dira hausnarketa heterodoxoan eta estiloaren bilaketan oinarritutako liburuak, oso bestelako idazkera eta ikuskeretatik eginak».
Eta datua. Fernandezen arabera, saiakeran beherakada dezentekoa izan da aurten: azken urteetan argitaratutako liburuen %30-35 inguru atal horretakoak izan dira; aurten, berriz, %21 inguruan gelditu da kopuru osoa.
Itzulpenera bueltan, euskarara ekartzen diren egileak gero eta gehiago emakumezkoak direla ohartarazi du Fernandezek; urteetako «joera androzentrikoa» apurka gaindituz doala. Urkizak, ordea, itzulpengintzaren «maila bikaina» eta «argitalpenen oparotasuna» aitortuta, darabilen ardura bat azaldu du: «Nazioarteko lan handiak euskaratzeak nola eragiten ote dion jatorrizko ekoizpenaren oihartzunari. Esaterako, Nafarroako Liburu Denden Elkartearen euskarazko saria iazko Walden itzulpenak [Henry David Thoreaurena, Danele Sarriugartek itzulia] jaso izana onura ala kalte den. Uste dut aztertzeko dagoela hori, batik bat, kritikarion ikuspegitik».
Nabarmendutako hiru lanez gain, orain arte aipatu gabeko beste lan hauek ere oroitu ditu Urkizak: Santi Leoneren Liztor mutanteak (Susa) eta Arrate Egañaren Itzalen distira (Erein) ipuin liburuak; Xabi Bordaren Urtu aurretik (Susa) poesia lana; eta Anton Txekhoven 31 ipuin (Elkar, Iker Santxo), Cormac McCarthyren Jainkoaren seme (Igela, Juan Mari Mendizabal) eta Edna O'Brienen Landa aldeko neskak (Erein eta Igela, Gema Lopez Las Heras) itzulpen lanak.
Literatur uzta 2022an
Aitortza barreiatua letretan
Izenburu eta joera ugari aipatu dituzte BERRIAko literatur kritikariek 2022ko uztatik. Nerea Ibarzabalen eleberria errepikatu dute lan nabarmenen sortan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu