Bada kulturarik Donostian, kultur hiriburutzatik aparte. Asko dira, arrazoia askotan desberdina izan den arren, amaitzear den proiektuaren parte izan ez, eta, hala ere, euren lanak non erakutsi izan duten sortzaileak. Euskal Herriko zazpi eskultoreren lanak jasotzen dituen 7 euskal eskultoreak erakusketak Okendo kultur etxean aurkitu du zabalpenerako lekua, «kultur hiriburutzaren ezezkoa» jaso eta gero. Atzo goizean aurkeztu zuten proiektua, kultur etxean bertan, eta han izango da ikusgai urtarrilaren 28ra arte.
Ricardo Ugarte, Jose Ramon Anda, Jose Zugasti, Iñaki Ruiz de Egino, Iñigo Arregi, Iñaki Olazabal eta Koldobika Jauregi. Zazpi horien launa lan daude ikusgai erakusketan, lanetako bakoitza egileek beraiek aukeratua. «Espazio banaketaren» arabera egin zuten aukeraketa, eskultura handiegiak izan ez zitezen tamaina neurtuz. Handixeagoak dira Iñaki Olazabalenak, eta, hori dela eta, hiru ditu hark. Osotasun baten barruan kokatu dituzte obrak bai Ugartek eta bai Ruiz de Eginok, eskultore belaunaldi oso baten lana jasotzen baita erakusketan.
Euskal Herriko artearen erakusleiho agerikoenetako bat Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa) dela iritzita, bertan aurkeztu zuen lana eskultore taldeak, Amets-kabi izenburupean. 2014an izan zen hori. Arrakasta izan zuen erakusketa hark, publiko asko erakartzeaz gain, gaian espezializatutako kritikarien aitorpena jaso baitzuen. Xabier Saenz de Gorbeak egin zituen komisario lanak. Hark berak, garai hartan, egin zituen ahaleginak Gaur artista taldearen atzetik etorri zen eskultore belaunaldiari ordura arte izan ez zuen balioa emateko. «Oteizak, Txillidak, Basterretxeak eta abarrek beraien legatua utzi zuten Gaur taldearen bitartez, 60ko hamarkadan. Beraien ondorengo belaunaldiaren obra balioztatzeko garaia dela uste dugu», adierazi zuen. Haien aurrekoek egindako lanari «jarraitutasuna» eman diotela nabarmendu du Ruiz de Eginok ere, erakusketaren aurkezpenean. Aurreko belaunaldiaren enbaxadore moduan aurkeztu zuen bere burua, berriz, Ricardo Ugartek: «Eskola zaharreko euskal kulturakoa naiz. Nestor Basterretxea eta ni soilik geratzen ginen, eta Basterretxea joanda, euskal eskulturagintzako patriarka moduko bat naiz», adierazi du barrez.
Arantzazuko esperientziari jarraipena emateko asmoa izan bazuen Ruiz de Eginok, eta kultur hiriburutzaren izendapenak proiektuari beste ikusgarritasun bat eman ziezaiokeela ikusi zuen. Hala, proiektua Donostia 2016ri aurkeztu zioten Saenz de Gorbeak eta berak. Hasierako hartu-emanen ondoren —«gure proposamena bota genien, baina ez ziguten entzun nahi izan»—, atzera bota zieten proiektua. Hala ere, antolatzaileek ez dute proiektua testuinguru horretatik bereizi nahi izan, eta erakusketa 2016an egin izanak bere garrantzia duela azpimarratu dute. Eskulturagintza garaikideari buruz gogoeta egiteko balio dezakeela uste dute: «Guztion kultur ondarerako funtsezko ekarpentzat hartu behar da», dio erakusketaren aurkezpen txostenak. Alde horretatik, urte osoan landu diren beste arte diziplina batzuekin alderatuta, badu eskulturak bereizgarri nagusi bat Ruiz de Eginorentzat: «Performanceak eta bestelako ekintza kultural batzuk globoen antzera lehertu eta desagertuko diren bezala, pieza hauetako bakoitzak denboran iraungo du». Era berean, Okendo kultur etxeak euren aldeko apustua egin izana eskertu du, eta egoeraren paradoxikoa ere erakutsi nahi izan du: «Kultur etxe batera etorri gara, kultura aldarrikatzera».
Heterogeneoa materialetan
27 obren artean, badira egurrezkoak, altzairuzkoak, brontzezkoak... material desberdinen erabilera du berezitasunetako bat erakusketak. Egileen inguru naturalarekiko lotura errespetatzen duten obrak badira, Ugarterena kasurako. «Itsas munduaren erreferentzia nire obra guztietan aurki daiteke». Elkarri lotutako altzairu puskekin, itsasontzien branka edo aurreko partea irudikatu du eskultoreak. Material berarekin jolastu da Ruiz de Egino bere lanean. Hutsune askoko piezak dira harenak, alde batetik begiratuta bestaldea ikustea ahalbidetzen dutenak. Hutsune horiek beraiek uzten diote argiari sartzen. Hori da artistaren asmoa: «Saiatzen naiz eskulturak berak, duen formarengatik, argia izan dezan».
Forma borobilagoak dira Andak eraman dituenak, eta brontzea osagai nagusi dute. Burdin harizko forma konplexuak (Zugasti), erliebearekin jolastuz gastronomiari erreferentzia egiten diotenak (Jauregi) eta bolumen handiagoko zinkezko piezak (Olazabal) ere aurki daitezke erakusketan, besteak beste. Urtarrilaren 13an emango dituzte parte hartu duten artistek euren obren gaineko azalpenak, bisita gidatu batean.
Aitorpena, bide ofizialetik at
Zazpi euskal eskultore ezagunen lanak ikusgai jarri dituzte erakusketa batean, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu