Gaurko mundu digital nonahikoak Goi Erdi Aroan ditu sustraiak. Gertaera batek jarri zuen abian: Europan, zenbaki sistema erromatarra baztertu, eta sistema arabiarra ezarri izanak. Aldaketa ez zen berehalakoan osorik gauzatu. Zero zenbakia, kasurako, apur bat geroxeago heldu zen, zientzia edota filosofia goitik behera baldintzatzera heldu ere.
Hain zuzen, zifra horri buruz han eta hemen irakurritako zenbait artikulu izan ditu Aitor Zuberogoitiak (Etxebarria, Bizkaia, 1972) Zero. Transhumanismoa ate-joka Erdi Aro berrian saiakera liburuari ekiteko lehen akuilua. Funtsean, sistema aldaketa horrek zer bilakaera eta zer ondorio izan dituen aztertu du egileak, eta gogoeta bat ere jarri dio eskura irakurleari: oro har, gizarte gero eta automatizatuagoaz, berorren garapenaz eta nagusitzen ari diren diskurtsoez ematen du zer pentsa.
Teknologia enpresa erraldoiak —Amazon, Meta eta enparauak— une oro konektatuta egotearen promesa saltzen ari direla eta, liburuak dakarren gogoetari loturiko lehen galdera dator: «Konektatuta, zertara?».
«Dena bizkorregi doa»
Gauzen abiadura bizia ere kezka iturri da: «Dena hain doa bizkor, horretan oso sartuta daudenek ere ez dutela antzematerik bide hori nora doan», dio egileak. Ezin harrapatuzko lasterketa horren erakusgarri, saiakerari heldutakoan idatzitako hainbat datu «dagoeneko atzeratuta» gelditu direla azaldu du Zuberogoitiak; kasurako, Twitter saretik hartutako esanak, hain zuzen, sareak izena aldatu duelako, besteak beste.
Jose Maria Lassalle zuzenbide eta filosofia irakasleak Civilizacion Artificial liburuan baieztatu duena ere ekarri du gogora Zuberogoitiak: «Adimen Artifizialak giza adimena gaindituko omen du mende honen erdian, hau da, 25 urte barru. Apokaliptikoa dirudi, baina gero eta jende gehiago doa norabide horretan».
Etorkizun hurbilean etorriko denari heldu baino lehen, ordea, jatorriari erreparatu nahi izan dio Zuberogoitiak, eta lehen milurteko aldaketaren garaira jo du argibide bila. Hor, Gerbert d’Orlhac humanista, pentsalari eta matematikari okzitaniarrarekin egin du topo; zenbaki sistema aldaketaren «bultzatzaile nagusitzat» jo izan denarekin, hain zuzen. Haren biografia «ahalik eta modu egiantzekoenean» fikzionatzeaz batera, Goi Erdi Aroko gizarte, kultura, zientzia eta erlijioaren erradiografia ere badakar Zuberogoitiaren saiakerak.
Erdi Aro berria
Gaur egungo garaia deskribatzeko Erdi Aro Berria, teknofeudalismoa eta gisako kontzeptuak baliatzen direla ikusirik, konparazioak funtsik ba ote duen aztertu du Zuberogoitiak, eta kontuan hartzeko bi puntu nabarmendu ditu batik bat. Lehena globalizazioari lotuta dago: «Bizi izan dugu irekitze aro bat, munduko diru funtsek sustatua, baina hori gelditu zen, eta inplosio une batean gaude». Berriro esparru txikietara mugatzeko joera litzateke horren ondorioa.
Bigarren puntuan eskubideen murrizketaz ari da: «Jopu bihurtu gara; inoren lurrak hautatzen ditugu, baina gure datuak salduta». Erresumak, kasu honetan, Amazon, Google, Microsoft eta enparauak lirateke.
«Zeroa, zifra aritmetikoa ez ezik, ezerezaren edo infinituaren ideia ere bazen Indian sortu zenean, baina kontzeptu hori galdu egin zen bidean»
AITOR ZUBEROGOITIAKazetaritzan doktorea
Liburuan ageri diren ondorio funtsezkoenen artean, AAren gobernantzaren inguruko gogoeta egin beharra litzateke bat. Beste bat, berriz, zeroari bere dimentsio osoa itzultzea: «Zeroa, zifra aritmetikoa ez ezik, ezerezaren edo infinituaren ideia ere bazen Indian sortu zenean, baina kontzeptu hori galdu egin zen bidean». Zuberogoitiaren esanetan garrantzitsua da bigarren adiera hori berreskuratzea, «gauza guztien batasunari, dimentsio erlazional sistemikoari seinalatzen diolako, eta kontzeptu matematikora mugatzeak erabateko atomizazioa dakarrelako. Gene berekoia litzateke horren paradigma».
Kontzeptu hori, aldez edo moldez, toki askotatik ari dira azpimarratzen, Zuberogoitiaren aburuz; esate baterako, «ekologia sakonetik biologiaren korronte garaikide batzuetatik, feminismotik edota fisika kuantikotik. Finean, dena elkarren eraginean ulertzeko beharraz ari dira».