Bertsolaritza

Aitor Salegi eta Eneritz Artetxe ere zuzenean sailkatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetarako

Larunbatean lortu zuen sailkapena Artetxek Hondarribian, 482,5 punturekin lehen postua lortuta, eta atzo Andoainen gailendu zen Salegi, 470 punturekin. Azpeitian jokatuko dute azken final-zortzirena, datorren larunbatean.

Aitor Salegi bertsolaria. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Aitor Salegi bertsolaria. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Inigo Astiz
2024ko irailaren 30a
10:40
Entzun

Azken urratsa izango da. Datorren larunbatean jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final-zortzirena. Azpeitiko San Agustin kulturgunean izango da saioa, eta hura bukatzean jakingo da zein den final-laurdenetarako sailkatutakoen zerrenda osoa; orduan hasiko da hurrengo fasea.

Asteburuan Aitor Salegi Martijak eta Eneritz Artetxe Eizagirrek lortu dute hurrengo faserako zuzenean sailkatzea. Larunbatean, 482,5 puntu lortu zituen Artetxek Hondarribian, eta haren ondoren sailkatu ziren Aratz Igartzabal Bidegain (478 puntu), Unai Gaztelumendi Arandia (464,5), Oier Aizpurua Olaizola (445), Maddi Aiestaran Iparragirre (444,5) eta Ane Beloki Lopez (419,5).

Aitor Salegik 470 puntu eskuratu zituen atzo Andoaingo Bastero kulturgunean, eta, horri esker, lehen postua lortu zuen. Final-laurdenetara zuzenean pasatzea ere lortu zuen horrela. Eñaut Martikorena Lizaso izan zen bigarren sailkatua, 462 punturekin, eta haren atzetik sailkatu ziren Andoni Mujika Izagirre (450), June Aiestaran Iparragirre (448), Manex Mujika Amunarriz (448) eta Endika Igarzabal Murua (437).

Aurrez jokatutako final-zortzirenetan, ondorengo bertsolariak sartu dira zuzenean final-laurdenetan: Andoni Rekondo, Amaia Iturriotz, Oihana Arana eta Eli Pagola.

Bost final-laurden

Azken final-zortzirenetako saioan ere sei bertsolari izango dira kantuan: Aitor Tatiegi Loidi, Asier Azpiroz Iztueta, German Urteaga Garmendia, Haizea Arana Cardenal, Maialen Akizu Bidegain eta Maider Arrei Markuleta. Saio horretan lehen sailkatzen dena ere zuzenean pasatuko da final-laurdenetara, eta puntuazioaren arabera erabakiko da zer beste 24 bertsolari pasatuko diren hurrengo fasera. Haiekin batera, final-laurdenetan hasiko dute txapelketa 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan finalean izan ziren sei bertsolariek: Agin Laburuk, Alaia Martinek, Beñat Gaztelumendik, Ane Labakak, Oihana Iguaranek eta Nerea Elustondok.

Final-laurdenetako bost saio izango dira; urriaren 19an izango da lehena, eta azaroaren 3a azkena. Finalaurrekoak, berriz, hiru izango dira, azaroaren 17an hasita. Eta, azkenik, abenduaren 14an izango da finala, Donostiako Ilunben. Aurten, txapeldun nagusiarekin batera, 25 urtez azpiko bertsolaririk onena ere sarituko dute.

Saio guztietarako sarrerakbertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.